Xabier Izaga Gonzalez
IKUSPEGI DEKOLONIALA

Modernitatearen zapalkuntza ulertzeko tresna askatzailea, Euskal Herritik

UEUk eta Iratzar Fundazioak elkarlanean antolatutako «Euskal Herria dekoloniala» mintegia egin dute asteon Iruñeko Katakrak liburu dendan. Ikuspegi dekolonialaren nondik norako nagusiak aztertu, Euskal Herrian izan duen harrera eta garapena arakatu, eta askapen pentsamendu eta praktikarako tresna eraginkor gisa proposatu dute.

Iruñeko Katakrak liburu dendak hartu zuen joan den astelehen eta asteartean UEUk eta Iratzar Fundazioak antolatutako “Euskal Herria dekoloniala” mintegia. Bertan, ikuspegi dekoloniala aztertu zuten noranzko bitan: Euskal Herritik dekolonitateari begira eta dekolonitatetik Euskal Herriari.

Santiago Castro-Gomez, Ramon Grosfoguel, Karina Ochoa eta teoria dekoloniala garatu duten beste zenbait egileren arabera, mundu deskolonizatu eta postkolonialean bizi garen ustea gainditzeko baliagarria da ikuspegi hori.

Horrekin lotuta, Ibai Atutxak, “Pentsamendu basa. Kritika dezibilizatua” hitzaldian galdera bat jarri zuen mahai gainean: «Nola hurbildu euskal pentsamendu eta praktika kritikoetatik pentsamendu dekolonial, postkolonial eta antzekoetara?». Modernitatearen kritika errotu bat dagoela kontuan izanda, zubi hori, elkarrizketa hori eraikitzeko hemen ere modernitatearen zapalkuntzaren ulerkeratik abiatzeko proposamena egin zuen. Modernitatearen botere ardatzaren, “ilustratua vs basatia” dikotomiaren eraispenari “kritika dezibilizatua” deitu zion.

Ikuspegi dekolonialak, halaber, indarrean dauden botere hierarkietan sakontzeko beharrezko tresnak eskaintzen ditu, mundua eta egungo errealitatea hobeto ulertu eta eurozentrismoa eta harekin batera errotutako arrazakeria kolokan jartzeko ezinbestekoak.

«Interpelazio dekoloniala»

Honela azaldu zuen auzia Floren Aoizek, “Dekolonitatea eta estaturik gabeko herriak” hitzaldian parte hartu zuenak: «Ikuspegi dekolonialak esaten digu munduan boterea banatuta dagoela herrien, arrazen eta lurraldeen hierarkizazioen arabera. Ikuspegi emankorra da Euskal Herriak Estatu frantziarrarekin eta Estatu espainiarrarekin dituen harremanen historia ezagutzeko, patroi horrekin lotuta baitaude harreman horiek, nahiz eta Euskal Herria kolonia zentzu klasikoan ez izan. Baina Euskal Herriaren egoera ezin da ulertu boterea ulertzeko ikuspegi horri erreparatu gabe».

«Interpelazio dekoloniala» egin zuen Aoizek, edozein askapen mugimenduk kontuan izan behar duela nabarmenduz eta, mundua horrela hierarkizatuta dagoenez, mundua aldatu nahi duen orok hari erantzun behar diola gaineratuz: «Ezin da onartu halako hierarkizaziorik, arrazakeriarik, lurralde, hizkuntza edo nazio hierarkiarik, herri, arraza edo lurralde batzuk besteen gainean jartzerik, alegia». Hori aintzat hartu eta Euskal Herritik ikuspegi dekolonial propioa garatu behar dela nabarmendu zuen Aoizek.

Euskal Herrian, oinarri bera

Teoria edo ikuspegi dekoloniala, edonola ere, Euskal Herrira ez da atzo goizean iritsi, Haritz Azurmendik “Genealogiak gurean: Dekolonitatearen itzala Euskal Herrian, begirada historikoa” hitzaldian gogorarazi zuen bezala. Izan ere, Franz Fanonek eta beste autore batzuek eragina izan zuten Euskal Herriko pentsamendu kritikoa garatu zuten autoreengan. Azurmendik esan zuenez, euskal pentsamendu kritikoak edo 56ko belaunaldiak sortutako pentsamendu korronteak paralelismo asko ditu mintegian landu zen teoria dekolonialarekin, pentsamendu antikolonialarekin eta postkolonialarekin. Hori erakusten saiatu zen Joxe Azurmendiren eta Ramon Grosfoguelen arteko konparazio labur batekin.

GAUR8k hizlariarekin hitz egiteko aukera izan zuen. Hark dioenez, teoria dekolonialak baditu berezitasun batzuk eta oinarrizko gauza bat: modernitatearen kritika, eta Euskal Herrian modernitatearen kritika egin da, antzeko zentzuan. «Teoria dekolonialen oinarrian dauden autore klasikoak, Franz Fanon eta pentsamendu antikoloniala sortu zutenak, Joxe Azurmendik edo Txillardegik ezagunak zituzten Euskal Herrian, eta haien eragina izan zuten duela 50 urte, Euskal Herriko pentsamendu kritikoa sortzen ari zenean. Horregatik interesgarria da agerraraztea Latinoamerikan teoria dekoloniala autore klasiko horietatik abiatu dela eta hemen beste pentsamendu bat sortu dela autore klasiko berberetatik eta modernitatearen kritikatik abiatuta». Teoria dekolonialek mahai gainean gauza interesgarri asko jartzen dituztela dio, «eta horietako asko hemen, Euskal Herrian bertan, pentsatu dituzte azken 50 urtean». Interesgarria iruditzen zaio Azurmendiri bide bi horien arteko zubia eraikitzea, eta horixe da haren proposamena. Jende guztia gonbidatu zuen hitzaldian auziok bai globalki bai bertako pentsamendutik lantzen jarraitzera.

Bere konparaketaren gainean galdetuta, teoria dekolonialak eta Euskal Herriko 56ko belaunaldiaren gogoetak, Jose Azurmendirenak besteak beste, ez direla berdinak dio; hau da, bakoitzak bere ildo eta garapen konkretuak izan ditu, baina badago denen artean oinarri komun bat. Bere konparaketan, Joxe Azurmendik unibertsalismoaren auziaz dioena eta Ramon Grosfoguel pentsalari puertorricarrak dioena izan zituen aztergai.

Estaturik gabeko herriak

Ikuspegi dekolonialak beste euskarri bat eskaintzen du, mintegiko parte hartzaileen arabera, «estaturik gabeko herri gisa pairatzen ditugun subordinazio harremanen nondik norakoa ulertzeko, eta ustez borondatezkoa den menpekotasunaren iturburuan aurkitzen diren mekanismoak argira ekartzeko».

Floren Aoizekin batera, Onintza Odriozola EHUko irakaslea arduratu zen “Dekolonitatea eta estaturik gabeko herriak” hitzaldiaz. Galdera batetik abiatu zuen bere esku-hartzea: «Pentsamendu dekolonialaren oinarriek bakoitzaren errealitatea aztertzeko balio dute, estaturik gabeko nazio gisa?». Postulatu dekolonialen oinarri batzuk aletu eta kolonialismoaren ezaugarriak ikusita, baietz ondorioztatu zuen, baliagarriak direla pentsamendu horren oinarriak, «baita mundu postkolonial batean, kolonitaterik gabeko mundu batean bizi garela dioen diskurtsoari aurre egiteko ere, menderakuntza harremanen mekanismoak aztertzeko eta estaturik gabeko herri bezala gure menderakuntzaren mekanismoak identifikatzeko tresnak eskaintzen baitituzte».

Ondoren aztertu zuen euskal nazio mugimenduan zer diskurtso erabili diren kolonialismoari dagokionez, ea Euskal Herria kolonia ote den galderari nola erantzun zioten. Ez zuen oraingo erantzunik eman, baizik eta iraganean nola erantzun zioten: «Sabino Aranak okupatutako herri edo nazio gisa definitu zuen Euskal Herria, Frantziaren eta Espainiaren menderakuntzaz hitz egin zuen, baita nazioarteko herrien arteko elkartasunaz ere, eta militarki, indarkeriaz arraza zuriak beste arraza batzuk menperatzea kritikatu zuen».

Eli Gallastegi Gudari-k ere izan zuen tarte bat hitzaldian, Aranaren diskurtsoari ekarpen interesgarriak egin zizkiolako: «Marokoko askapen borroka eta Euskal Herrikoa alderatu zituen, elkartasun horretaz hitz egin zuen; Galiziaren, Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko aliantza hirukoitzaz ere hitz egin zuen».

Azkenik, ETAren diskurtsoa izan zuen hizpide. Euskal erakunde armatuak aurrez aurre topo egin zuen deskolonizazio prozesuekin, eta tesi antikolonialista horretan ETAk izan zuen bilakaera diskurtsiboa aztertu zuen: «Hasieran nolabait bi korronte zeuden, Europako estaturik gabeko nazioen susperraldiari jarraitzen ziona eta, bestetik, kolonialismoaren kontrako borrokena. Pixkanaka, hirugarren mundua delako eremuko herrien ereduetatik edaten joan zen eta Europa batuaren aldeko ideia pixka bat bazterrean utzi zuen. Bere tesi antikolonialista hori gero eta gehiago zehazten joan zen, eta analogia egiten zuen Europako estaturik gabeko nazioen borrokaren eta munduko borroka kontrakolonialen artean. Okupazio bat dago eta okupatutako herriak haustura bilatu behar du, leheneratu behar du, bere nazio hizkuntza, identitate hori bereganatu behar du. Bestetik, borroka moldeen eta estrategien analogia egiten du, alegia, gerrilla gudarena, iraultza estrategiarena, kolonizazio horri edo okupazioari aurre egiteko».

Menderakuntzaren gakoak

Hitzaldiaren hirugarren atalean, Euskal Herria eta estaturik gabeko beste antzeko nazioetan menderakuntzaren gakoak zeintzuk diren eta teoria kolonialak erabiltzen dituen dimentsioak nabarmendu zituen Odriozolak: boterearena, politikoa eta ekonomikoa; jakintzarena, zientziarena, epistemologiarena, eta izatearena, alegia, subjektibitatearena eta identitate indibidual eta kolektiboaren eremua. Halaber, ikusarazten saiatu zen Euskal Herrian, Mendebaldean kokatuta dagoen estaturik gabeko nazio batean, «zer kolonialtasun dauden, edo noiz garen kolonialtasunaren biktima, zer eremutan, zer dimentsiotan, nola eragiten digun eta zer momentutan izan gaitezkeen kolonizatzaile edo agente menderatzaile».

Dimentsio horiek aztertuta, «nora goaz?» galderari erantzuten saiatu zen, Euskal Herriaren subiranotasun politiko eta kulturalari buruz hausnartuz eta dekolonitateak eskaintzen dituen tresnak hartuta, Euskal Herriaren burujabetzan zer estrategia askatzaile garatu beharko liratekeen edo non dauden erronkak subiranotasuna eskuratzeko.: «Bat, politikoa, estatu bat sortzeko prozesua; beste bat, kulturala, noski, Euskal Herria euskaratik eta euskaraz eraiki beharra, eta zapalkuntza guztien artikulazioa, begirada intersekzionala hobetsiz».

Hain zuzen ere, begirada intertsekzionala izan zuten hizpide astearteko mahai inguruetako batean Lorea Agirre, Itziar Gandarias eta Amaia Zufiak “Zapalkuntza ezberdinen arteko uztarketak, intersekzionalitatearen begirada eta praktika” izenburupean. Izan ere, askotariko zapalkuntzak uztartuta daudela, ikuspegi dekolonialak haien arteko harremanak aztertzen ditu.

Joseba Gabilondok eskaini zuen “Mugei begirada dekoloniala” hitzaldiak eta “Euskal herritartasuna eta nortasun berri bat begirada dekolonialetik” lelopean Oihana Etxebarrietak, Elena Belokik eta Idoia Zengotitabengoak gidatutako mahai inguruak osatu zuten mintegiaren programa oparo bezain jakingarria.

Mundu osorako eta munduko herri bakoitzarentzako ikuspegi baten berri zabaltzeko mintegia. Haritz Azurmendiren hitzez, «teoria dekolonialak azkenean dioena hauxe da: bukatu dira garai bateko kolonia horiek, baina jarraitzen dute harreman kolonialistak lan banaketan, kultura jasoak vs primitiboak auzian, hizkuntzen balioespenak… Horietan guztietan oraindik badaude harreman kolonialak, nahiz eta ez den okupazio militar zuzena. Aldatu da XIX. mendeko kolonialismo hori, baina jarraitzen du harreman asimetriko kolonialak».