2020/09/12

Maitena Usabiaga Sarasua
Sexologoa eta psikologoa
Zaurgarritasunean

Ez dira garai errazak, ezagutzen genuen egunerokoa aldatu zaigu eta ziurgabetasuna da gure bandera nagusia. Beti izan da horrela, dakigun gauza bakarra da ez dagoela ziurtasunik, baina esan genezake oraingoan bortizki jo gaituela sentsazio horrek. Zaurgarri sentitzen gara, txiki eta ahul. Badakigu egun batetik bestera gauzak alda daitezkeela eta dena ez dagoela gure esku.

Zaurgarri izatea ahul izatearen sinonimotzat jotzen duen sistema honetan, zaila egiten zaigu gure alde hori atera eta lasaitasunez bizitzea. Esan genezake gure hezkuntza sistemak, baita osasun sistemak ere, gu indartsuak eta seguruak izatea bilatzen duela. Ahultasunak gainditu, alde batera utzi eta norbait izatera bultzatzen gaituzte. Ez egin negar, ez esan txorakeriarik, indartsuak izan, hobetu, lehiatu, ez gaixotu, segi, jarraitu, ez gelditu. Eta hor goaz, ahal dugun modura, askotan galduta.

Ezaugarri honek, zaurgarri izateak, badu bereizgarri sexuatu bat. Emakumeei lotuta egon den ezaugarria izan da askotan, gu gara ahulenak, sentiberenak, hauskorrenak. Gizonezkoak, ordea, indartsuak dira, gogorrak, sendoak eta salbatu egingo gaituzte. Ez da kasualitatea, ezta? Dagoeneko edonork ikus dezake desberdintasun hori, baina zer ari gara egiten horrekin? Nola bilatzen dugu denon ahotan dagoen berdintasun hori? Onartzen al dugu zaurgarriak garela? Besteen aurrean hauskor azaltzen al gara?

Ezezkoa ateratzen zait. Guztiok indartsuak garela erakutsi nahi dugu, gure burua defenditzeko gai garela, ez dugula inoren laguntzarik behar, independenteak garela, autonomoak. Egia da hori? Ezezkoa ateratzen zait berriro. Besteen beharra dugu, horrela da. Ez gara ezer bakarrik, besteekin gara eta hori onartzea ezinbestekoa da aurrerapausoak emateko. Interdependenteak gara eta hori ez da txarra (zer da ona eta zer txarra?), nahiz eta hori esan diguten. Besteen lanaren beharra daukagu, bestearen begirada bilatzen dugu, maitasuna, goxotasuna, intimitatea, konfiantza, gertutasuna... Ez al da horrela?

Zaurgarriak gara, eta bestearen aurrean horrela agertzea egin dezakegun ekintza ausartenetakoa iruditzen zait. Zergatik? Denok garelako hauskorrak, beldurtuta gaudelako, ez dugulako bakarrik sentitu nahi, ez dugulako mina sentitu nahi, ez dugulako hil nahi. Baina hori onartzeko ausardia izan behar dugu eta askotan ez da erraza izaten halako indarrak topatzea. Ezin dugu den-dena kontrolpean izan, ezin dugu beti indartsuak izan eta ez da ezer pasatzen.

Mingarria izan daiteke bestearen aurrean horrela agertzea, beldurra ematen digu bestearen erreakzioak, mina egiteko arma perfektua ematen ari gara. Argi dago ez garela horrela azalduko edonoren aurrean, zainduko gaituen horrekin egiten dugu, nahiz eta batzuetan ez asmatu eta min hartu. Mina sentitzearen beldurrarekin bizi gaitezke, hilko garen beldurrarekin bizi gaitezke, eta, ondorioz, gauza asko galduko genituzke. Edo onartu dezakegu baietz, zaurgarriak garela, beldurtuta gaudela eta ez dakigula zer eta nola egin. Eta inork badaki? •