> Bertsoa sutan jarriko dute Chillida Lekun

Garai estuak dira edozertarako. Eta bertsoaren plazak ere ez du sasoi oparoa bizi. Baina Bertsozale Elkartean garbi daukate: «Osasun neurriak hartuta, kultura eta, horrenbestez, bertso plaza segurua delakoan gaude; horregatik, txapelketako edota beste mota bateko saioak egiteko baldintzak egon ez arren, asko dira plazan egin daitezkeen emanaldiak».

Bertsozale Elkarteak plazaren aldeko apustua egin du, bai tokian tokiko antolatzaileak saioak antolatzera animatuz, bai elkarteak berak saioak antolatuz. Horietako bat da datorren urriaren 17an Hernaniko Chillida Lekun izango den saioa.

Oholtza berezia izango da. Eta formatuak ere badu berezitasunik. Bertsoa Sutan izeneko saioan bertsoa eta sukaldea izango dira protagonista. Elkartetik azaldu dutenez, «janariaren eltzea egosten ariko dira Aitzol Zugasti eta Maialen Cano sukaldariak; eta hitzenari eragiten Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsolariak. Bi plater horien arteko oreka ematen, Maite Berriozabal».

Sukaldariak gastronomiari lotutako prozesu ezberdinen azalpenak emango ditu, eta bertsolariak sukaldaritzari lotutako prozesu horiek bertsogintzara ekartzen saiatuko dira, gai jartzaileak lagunduta.

Zaleei pintxo bat emango zaie saioaren hasieran, eta saioaren ondotik afaltzen geratzeko aukera ere izango da. Saiorako sarrerak eta afarikoak www.museochillidaleku.com webgunean daude eskuragarri.

> Elikagaien segurtasunarekiko konfiantza areagotzeko

Europar Batasunak kontrol zorrotzak ezartzen ditu elikagaien benetakotasuna eta segurtasuna bermatzeko, baina zenbait azterlanen arabera, kontsumitzaileen konfiantza txikia da oraindik. «Agertoki hori iraultzeko», Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kide den AZTI zentro teknologikoak «Citizen Science» izeneko ekimena gidatzen du, herritarrak inplikatu eta elikagaien segurtasuna bermatzen duten prozesuen ezagutza handitzeko.

Parte hartzeko bi modu daude: elikagaien laginak bidaltzea eta segurtasun sistemaz dagoen pertzepzioari buruzko inkesta interaktibo bati erantzutea.

> «Shot In The Dark», AC/DC paregabeen aperitiboa

Sei urte igaro dira AC/DC-k “Rock or Bust” bere azken lana argitaratu zuenetik. Ondoren, Brian Johnson abeslaria erretiratu egin zen 2016an entzumen arazoengatik, hura bezain karismatikoa den Axl Rosek ordeztu zuen. 2017an Malcolm Young gitarra jotzailea eta Angus anaiarekin batera taldearen sortzaileetakoa hil zen. Angus Youngek, “Power Up” izeneko album berria grabatzeko, berriro hartu ditu Johnson, 73 urtekoa, Cliff Williams baxu jotzailea, “Rock or Bust” diskoaren biraren ondoren erretiratu zena, eta Phil Rudd bateria jotzailea, –justiziarekin zituen arazoak konpondu ondoren–.

Diskoa azaroaren 13an egongo da eskuragarri, baina joan den asteazkenean “Shot In The Dark” abestia argitaratu zuten aurrerakin gisa. Beti berezia, AC/DC is back.

> Munduko 50 jatetxe onenetatik sei euskaldunak dira

Euskal Herriak planetako 7.800 milioi biztanleetatik hiru milioi besterik ez ditu, baina planetako 50 jatetxe onenetatik sei euskaldunak dira, argitaratutako azken zerrendetako baten arabera.

Euskal gastronomiaren kalitatearen gaineko zalantza izpirik ez dago, baina argitaratutako azken rankingetako batek, Eneko Axpe euskal zientzialariak Twitter-en eman duenak, gainera, haren potentzia berretsi du.

Sailkapenetan espezializatutako atari horretan, munduko hirugarren postuan Bittor Arginzonizek Bizkaiko Axpen duen Etxebarri erretegia ageri da; zazpigarrenean, Andoni Luis Adurizen Mugaritz (Errenteria); 14.ean, Eneko Atxaren Azurmendi (Larrabetzu); beste erretegi bat ageri da 30.ean, Elkano (Getaria), eta 32.ean Josean Alijaren Nerua Guggenheim. 16. lekuan, Alain Ducasse bearnesa dago, Parisko Athénée plazan duen jatetxearekin.

> «Gaztezulo», 20. urtebetetzea ospatzeko prest

«Urriak ilunak izan ohi dira», diote “Gaztezulo”-ko kideek; hala ere, eurek festa giroan biziko dute aurtengoa. “Gaztezulo”-ren 20. urtebetetzea nahi luketen moduan ospatzerik ez badute ere, aldizkariak hainbat ezusteko eskainiko omen ditu.

Aldizkariaren alde batek “Gaztetxulo” zeneko diseinua izango du eta 20 urteetako ibilbideari errepasoa egingo dio. Oihana Egañak aldizkariarentzat egindako ilustrazioak eta Gartxot Unsainek urteurrenerako egin duen bertsoa ere agertuko dira. Aldizkariari buelta emanda, beste azal bat agertuko da, gaur egungo “Gaztezulo” aldizkariarena, hain zuzen. Bertako protagonista Aitziber Garmendia da.