2020/10/10

Isidro Esnaola
Muga mentalak sobera independentzia lantzeko

Edozein direla Londresen mugimenduak, eskoziarrek independentziarako bidea jorratzen jarraitzen dute. Eta badirudi Europar Batasunaren barnean segitu nahi dutela, baina ez euroaren barruan

Financial Times-eko zutabegile batek aipatu zuen garai batean Eskozia eta Ingalaterraren arteko batasunak bi alderdien interesak batu zituela. Batasunaren bidez, Ingalaterrak beste herri bat gehitu zuen bere inperiora. Eskoziako eliteentzat, bestalde, Inperioaren barruan egoteak eremu oso zabala ireki zuen eragiteko. Gaur egun, egoera oso bestelakoa da. Britainia Handiaren indarra gainbeheran doa munduan eta, era berean, Londresen hartzen diren erabakiek eta Gobernuak aplikatzen dituen politikek gero eta marjina estuago uzten diete Eskoziako eliteei. Norabide horretan, Boris Johnsonen barne merkatuaren lege proiektua adibide bat besterik ez da. Ezbairik gabe, egoera berriak independentziaren nahiak hauspotu ditu Eskozian. Pentsatzekoa da Kataluniako eliteak ere antzeko ondorioetara iritsi direla. Eta eliteek zalantzak badituzte ere, herritarrek behintzat argi dute: Estatu espainiarreko sistema harrapariarekin ez dago zer eginik. Are gutxiago, espainolek euren interesen arabera arauak etengabe aldatzen dituztenean. Arrakeroekin jolastea baino hobe bakarrik ibiltzea. Euskal Herriko elite ekonomikoek, aldiz, ez dute Espainiatik banatzeko inolako interesik agertu. Gustura ibiliko dira Espainiako lokatzetan aberasten.

Edozein direla Londresen mugimenduak, eskoziarrek independentziarako bidea jorratzen jarraitzen dute. Eta badirudi Europar Batasunaren barnean segitu nahi dutela, baina ez euroaren barruan. Nonbait ulertu dute txanponaren esparruan burujabeak izatea oso garrantzitsua dela etorkizun ekonomikoa bermatu ahal izateko. Dibisaren gaia lantzeko eta independentzia aldarrikatu bezain pronto txanpon propioa izateko talde bat sortu dute: Scottish Currency Group. Dagoeneko, mila pertsonatik gora bildu ditu taldeak dibisaren lanketa egiteko. Bildutakoen artean, batzuk oso esanguratsuak. Esate baterako, izena eman duen azkenetako bat AEBetako Stephanie Kelton irakaslea izan da. Kelton Bernie Sandersen aholkulari ekonomikoa izan da eta gaur egun Moneta Modernoaren Teoriaren (MMT) bultzatzaile nabarmenetako bat da. “The Deficit Mith” bere azken liburuak arrakasta handia lortu du. MMTren eskolakoek defendatzen dute txanpon burujabeak dituzten estatuek tresna guztiak dituztela langabezia desagerrarazteko. Dibisaren burujabetzaren garrantzia azpimarratzen dute behin eta berriro.

Edozein kasutan, harrigarriagoa izan da independentziaren aurkako eta unionismoaren aldeko These Islands foroaren arduradun Sam Taylorren parte hartzea talde horretan. Egia da Taylorrek gogoetak egin dituela txanponaren inguruan. Orain dela gutxi idatzi zuen Eskozia independente batek bere txanpon propioa izatea eraginkorragoa izango zela libera esterlinarekin jarraitzea baino. Hala ere, dibisa hori libera baino ahulagoa izango litzatekeela uste du. Tim Rideoutek, Scottish Currency Group taldeko koordinatzaileak, aitortu zuen kontu handiz aztertu zuela Taylorren parte hartzeko eskaera, onartu aurretik. Eta honela arrazoitu zuen baietza: «Ez gara baietzaren aldeko burbuila bat bakarrik, sinestunak ez direnak konbentzitzen saiatu behar dugu». Kofradietan banatuta dagoen herri batetik horrelako erantzunak entzuteak harritu egin gaitu, baina hori da bidea gehiengoak lortzeko. Eta bestelako muga mentalak altxatzea ere ezinbestekoa da, txanponaren ingurukoak barne. •