Maitena Usabiaga Sarasua
Sexologoa eta psikologoa

Zertan ari gara hezten?

Hezkuntza arloa hankaz gora dagoen honetan une egokia iruditzen zait harremanen inguruan idazteko. Harremantzeko moduak aldatu dira, kontaktu fisikoa ekiditeko esaten digute, arriskutsua da, kutsatu gaitezke. Eta badirudi alternatibak ditugula, pantailaren beste aldetik jarraitu dezakegula zerbaiten parte garela sentitzen, musukoa erabilita elkar ulertu dezakegula... Eta ukaezina da moldatzeko gaitasuna dugula, kanpokoa etengabe aldatzen den garaiotan bizitzen jarraitzeko ahalmena dugula, baina ondorioak zeintzuk dira? Zein neurri dira ahaztuko ditugunak eta zeintzuk geratuko dira gurekin?

Askok pentsatuko duzue sexologo batek zer esan dezakeen honetaz guztiaz, zergatik hitz egiten dudan gai honi buruz. Sexu hezkuntzan sexuaz hitz egiten dugula uste da, eta sexua larrua jotzearekin lotzen da segituan, genitalekin zerikusia duten gaiak soilik lantzen ditugula, alegia. Eta uste asko bezala, honetan ere erdi ustel. Sexologiaren ikuspuntutik hitz egiten dugunean, izaki sexuatuak garela hartzen dugu abiapuntutzat, gure identitatea garrantzitsua baita munduarekin harremantzeko orduan. Zer sentitzen garen aztertzen dugu, nolakoak garen eta zein sinesmen ditugun begiratzen saiatzen gara. Gazteei esaten diegu, bakoitza den modua bakarra dela munduan, ez dagoela zu bezalako inor beste inon eta ez dela egongo, zure izate sexuatua bakarra eta errepikaezina delako. Aniztasuna errealitate bat da hortaz, ez dago izateko modu on bakarrik, gure gorputzeko atal batek ez gaitu definitzen, ez gaitu emakume eta gizon egiten. Desirak beste hori(ek) bilatzera bultzatzen gaitu, beste hori ere bakarra delako munduan eta horregatik aukeratzen dugu. Mila dira lantzen ditugun gaiak, baina harremanak izugarrizko garrantzia dute, askotan errepikatu dudan bezala, ez garelako bakarrik, harremanean baizik. Eta bizi dugun une honetan, harremantzeko moduak krisian daude.

Sexu hezkuntza ez da oinarrizko gaia izan orain arte eta orain are gutxiago. Haur eta gazteak beldurrez jositako harremanak bizitzen ari dira. Kontuz! Eskoletan ospitaletan dauden protokoloak jarraitu behar dituzte, beraien arteko jolasak alde batera utzi, elkar ez ukitu, irakasleari aurpegia ikusi gabe harreman bat sortu, familiako kide batzuekin egoteari utzi, pantailetako ligatzeko aplikazioetan murgildu, Whatssap, Instagram, Tiktok... Erakustokiak diren aplikazioetan babestera behartu ditugu eta gero, gainera, beraien errua dela esaten dugu, hipokritak. Baina ez pentsa beraien zalantza, kuriositate eta ezinegonak aldatu direnik; beraien gorputzaren aldaketak nola bizi galdetzen digute, hilerokoa zer den, min ematen duen, zer den larrua jotzea, lehen aldiak min ematen duen, nola ematen den muxu bat, zer den neska izatea, ea mutilek zergatik ezin duten negar egin, zakilaren tamaina garrantzitsua den ala ez, bikotea izatea ezinbestekoa den zoriontsu izateko, zein harreman mota dauden... Galdera asko eta isiltasun handia beraien inguruan.

Zoritxarrez halakoak entzunak ditugu, ez da oraingo gauza, sexuen arteko harremanak beti jo izan dira arriskutsutzat: ezkondu baino lehenago ezin dira harreman erotikoak eduki, kontuz gaixotasunekin, plazerera jolasten duten emakumeak sorginak dira, kontuz indarkeriarekin, haurdun gelditzearekin, sexua zikina da, iluna, infernura joateko arrazoia... Kontuz! Oraingoan, birus bategatik. Zertan gabiltza? Arrazoi desberdinak, ondorio berdina. •