2020/10/17

Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria
Patria (edo handinahikeria besterik ez denean)

Hirugarren kapituluan «nahikoa da!» pentsatu nuen, baina ez, Patriaren laugarrena ere ikusi dut, 1989. urtean gertatzen omen dena. Eta eskerrak, Patriako heroiak bere negozioa defendatu baitu, noren eta bere langileen aurrean. Josu Muguruza parlamentaria hil dutela eta, ez dute serieko pertsonaiek ezer berezirik esateko, nahiz eta une oro moralez blai dauden. Hori bai, greba orokorra egin dutenez langileek, horrela erreakzionatzen du Txato eredugarriak: «tres imbéciles me han montado un piquete, ¡manda huevos, mis propios empleados!». Nork egingo dute piketea lantegian ba, Txirri, Mirri eta Txiribitonek? Langileak gaiztoak, enpresariak onak. Horra hor espainiar progresiaren gailur intelektuala.

Egiari zor, serieko ekoizleak nolabaiteko distantzia hartu du irudien kontakizunarekiko: «Es una serie de ficción y no es el relato único ni el definitivo». Baina Aramburuk berean tinko. Ezker abertzaleko zenbaitek Patrian alde bakarraren kontakizuna ikusi dutela eta, horrela dio autoreak: «Tengo la impresión de que basta leer a uno o dos para saber lo que piensa el resto (…) vuelven a sus cabreos de costumbre». Horraino iristen da bere burua País Vasco-ko Tolstoitzat duenaren analisi ahalmena.

Helburua ETAren zenbait biktimaren bizipena jasotzea bazen, badirudi hori egoki egin duela, edo horrela sentitu dutela bederen. Horiei ez die kontraesanik eskaintzen, ez ditu deseroso jartzen. Lasai ikus dezake seriea biktimen berezko ontasunean eta zuzentasun moral erabatekoan sinesten duenak. Baina hori lortzeko borreroak ere protagonista bihurtzen ditu Patriak. Eta hor dago agian sinesgarri ez dena. Biktimen ontasuna borreroen gaiztakeriak iltzatzen baitu.

Agian izango da azken astean arnas luzeko Kobayashiren “Giza izatea” (1959-1961) trilogia ikusi dudala, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan erabaki moralak hartzeko zailtasunaz hausnartzen duena. Edo, besterik gabe, “Jojo Rabbit” (Taika Waititi, 2019) bezalako film ez-pretentzioso batean protagonistek Patrian baino askoz ere konplexutasun handiagoa dutela. 1989. urteko Euskal Herriaz ari bada, non dago PNV eta Eusko Jaurlaritza? Non Euskadiko Ezkerra? Non PSOEren gobernua? Non industria krisia? Non negoziazioaren aldeko aldarria? Nolatan da apaiza herriko figura moral nagusia testuinguru horretan? Patriaren Euskal Herria, XXI. mendeko konstituzionalistek ikusi nahi luketen irudi finkoa da. Biktimak eta borreroak. Besterik ez. Ez dago grisik, ez dago konplexutasunik, ez dago testuingururik. Konplexutasunaren aukera bakarra borreroak damutzea eta pentiti bihurtzea da.

Patriako bi emakume protagonisten bizia emazte/alargun eta ama izatera mugatzen da. Ez dute besterik buruan, beren gizona/semea ez bada. Biktima eta borreroa. Ez dago beste ezer, ez bada euri etengabea. Patriaren ikuspegian, ETArik gabe mundua harmonikoa zatekeen, familia nuklear heteropatriarkalak batuta. Behar duen bezala. Aita bere tokian egon balitz, ez zen semea ETAkoa izango. Beste familiak ez luke aita galduko. ETArik gabe, seme homosexualak ere ez luke etxetik alde egin behar (tira, horri buruz beste batean arituko naiz, oso ohiko klixea baita).

Ikuspegi horretan, euskara ornamentu barroko besterik ez da. Ohiko gaztelanian txertatzen diren hitzak: «kaixo maitia, un musu, agur, lasai…». Ezin imajina dezaket euskararentzat heriotza okerragorik, gaztelaniaren bitxikeria bihurtzea baino. Ez dakit Patria ikusten jarraituko ote dudan, agian besterik gabe istorioak ez du merezi. Ez da interesgarria. Hori bai, «egun on, buenos días» esaten didan hurrengoari zaplazteko batekin erantzungo diot. •