2020/10/17

Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea
Potentziala

Sky etxeak atera berri duen jatorrizko ekoizpenetako bat da Aldous Huxleyren «The Brave New World» liburuaren moldaketa. Bizi ditugun garai arraro hauetan edozein egoera distopiko erakargarria iruditzeko gure tolerantzia mailarik baxuenetan dagoen arren, Huxleyk asmatutako New London inoiz baino gertuago sentitu dut. Diskurtso filosofikoa sofistikazio gutxiko harreman gehiegitan islatu dutela esango nuke, baina produkzioaren kalitatea eta hainbat aktore ezagunen lana benetan bikainak dira.

Danubio ibaiaren deltan dagoen Sulina izeneko herrian irakurri nuen Aldous Huxleyren liburua. Herriaren izena ahaztuta neukan, baina bidaiatzeko eta hotelak bilatzeko benetako liburuak erabiltzen genituen garaiak ziren, eta liburu haiek izaten zituzten azken orri zurietan bidaian zehar bisitatuko lekuak idazteko ohitura nuen. Apalean hautsez beteta zegoen liburua, eta han aurkitu dut izena. Sulina.

Bertakoek galdetzen ziguten ea zergatik joan ginen hara, Bartzelona zuten nire “gertuko” erreferentzia bakarra eta ulergaitza zitzaien nola aukeratu nuen Errumaniako leku galdu hura egun batzuk pasatzeko. Bartzelonan egon nintekeenean alegia. «Maiteko duzu edo gorrotatuko duzu» aholkuarekin joan ginen Errumaniara, berezkoa dudan optimismoak bultzatuta lehenengo taldekoa izango nintzelakoan. Tamalez desengainu handia hartu nuen, eta askok zioten potentzialaren alde positibo hori ikusterik ez nuen izan.

Potentziala askotan gainbaloratuta dagoela iruditzen zait, sarri libreki erabiltzen dugun kontzeptua da, izan ere. «Horrek potentzial handia dauka, bizitzan zerbait handia lortuko du» eta antzekoak behin eta berriz entzuten ditut nire inguruan. Potentzialak daukan gauzarik txarrena da beste norbaiten laguntza behar duzula lehenik eta behin potentziala aitortzeko (urratsik errazena) eta gero gaitasun horrekin zerbait egiteko (askotan gertatzen ez dena). Bestela ametsean gelditzen da. Kontzeptu hutsean.

Abuztuko arratsalde bero hartan, han nengoen hutsik zegoen terraza batean Danubioren handitasunari begira, “Brave New World” irakurtzen. Une hartan bertan jaso nuen telefono deia BBCn hartu nindutela esanez. Zorionekoa sentitzen naiz nire potentziala ikusi zuen pertsona hura azaldu zelako, nire ustez hala moduzko elkarrizketa hartan eman nituen erantzunetatik haratago beste zerbait ikusi zuelako. Eta Errumaniako leku dekadente hartan hasi zen nire ondorengo hamar urteetako ibilbide pribilegiatua.

Sentsibilizazio handia daukat potentzialaren kontuarekin; badauzkat antzeko adibide ugari: espero ez nituen enkontruak, bidean bilatu ditudan pertsona konkretu batzuk eta aukerak egiten lagundu didaten beste hainbat. Niri eman didaten laguntza horren esker ona beste batzuei bueltan ematen saiatzen naiz eta oso presente daukat hori nire egitekoan.

Unibertsitatetik atera berri diren zazpi gazterekin solasaldia izan nuen aurreko astean, Sky etxean dagoen formakuntza testuinguru batean. Bi urtez, negozio analisi eta estrategia postu ezberdinak betetzeko aukera ematen zaie, sei hilabetean behin sail ezberdinetan postuak txandakatuz. “Millenial” belaunaldikoen ezaugarrietako bat da erakusten duten azaleko segurtasun eta ausardia hori, harrotasun ukitukoa eta ignorantziaz betetakoa. Potentzial izugarria ikusi nien, baina han egote hutsagatik zeukaten zorteaz ez zirela jabetzen garbi zegoen. Eta, hori da potentzialaren beste dimentsio garrantzitsua. Laguntzeko prest dauden haiei, laguntzen utzi behar zaiela. Autoerrekonozimendu horren faltan, mundua jateko prest dagoenaren ibilbidea azkar amaituko da. •