Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Galdetu bizitza deskubritzeko

Udazkenak oparitutako egun koloretsuari zukua atera nahian, herri txiki bateko atsedenlekuan hartu dugu tokia, erreka bazterreko egurrezko mahaian. Laster alboko mahaira jendea etorri dela sumatu dugu. Ez ditugu ikusten, baina entzun bai, gurekin baleude moduan entzuten ditugu helduen eta haurren ahotsak.

Inguruko bakea etengabeko kinkiti eta kankiti hots batek hautsi du. Segidan, oihartzun egin nahian bezala, “aita-ahotsa” dirudien bat erretolikan: «Zaude geldi, puskatu egingo duzu»; «Hori ez da mailua, hori lupa da»; «Hori ez da kolpeak emateko, hori gauza txikiak ikusteko da»... Isildu ere egin gabe aita, gelditu gabe mutikoa.

Halako batean, puskatu egin da lupa –ezin zitekeen beste era batera izan!–. Eten da kinkitia eta hasi dira baten protestak eta bestearen “Ikusten”-ak: «Ikusten, esan dizut puskatu egingo zela»; «Mailu gisa erabili duzu eta azkenean puskatu egin duzu...». Imajina ditzakezuen horiek denak, bata bestearen segidan.

Helduak jada bazekiena baieztatu du: arrazoia zuen; mutikoak, ordea, ez dakigu zer ikasi duen, zertarako balio izan dion bizitakoak, alegia. Mementoz, negarrez ari da lupa puskatu zaiolako.

Gure ume garaietara eraman gaitu pasadizoak, alderaketak gorrotagarriak direla jakinik ere. Izan ginen ume haren larruan sartuta, esku artean ibiltzen genituen tresna eta tramankuluak ekarri ditugu gogora. Objektuak bere funtzioa ez zen beste funtzio batean erabiltzen genituen guk gehienetan. Eta abila izan beharra zegoen horretan, puskatu edota matxuratuko ez baziren, behintzat.

Guk ere puskatu genituen gauzak, noski, baina, halakoetan, «Izorrai! Puskatu egin da» guretzea tokatzen zitzaigun. Luparekin, gutako askorentzat altxor preziatua zen harekin, esperimentatuz eta gu baino handiagoak zirenei begira, ikasi genuen sua egiten, gauzak handiago ikusten eta abar. Arian-arian ikasi genuen zertarako ziren objektu gehienak eta zein jokaera ekidin behar genituen iraunarazi nahi bagenituen. Eta guk geuk atera genuen ikaspena: lupa ez da mailua.

Lupak, esaterako, altxor preziatuak ziren gure ume garaietan. Askok, sekula bete ez ziren ametsetan soilik izan genituen kremailera zabaldu eta gauza bakoitza bere lekuan era ordenatuan gomaz lotuta zituzten estutxe miretsi haietan. Bat lortuz gero, arduratuko ginen, bai, eskuratzen hainbeste kostatakoa zaintzen.

Alboko mahaira itzuliz, aita suposatu nuen haren jarduna ekartzeak zer pentsa eman dit. Zenbat ahalegintzen garen neska-mutilei bizitza aurreratzen haiek galdetu eta pentsatu aurretik, jakinik ere ikaskuntza hoberenak galdera onetatik sortzen direla. Ba al dute denborarik galderak sortu eta egiteko; ba al dakite/dakigu galderak egiten?

Non gelditu zaigu esperimentatzea, probatzea, arriskuak hartzea, hipotesiak egitea, ondorioak ateratzea, ekintzen edota hartutako erabakien ondorioei aurre egitea, frustrazioa kudeatzea, galeraren mina sentitzea, aurreikustea, hanka sartzea (errorea) eta ondoren zuzentzeko aukerak saiatzea... objektuen funtzioak deskubritzea? Ez ote diegu, gehiegitan, entzuteko eta kasu egiteko espazioa soilik utzi?

Ederra da ba bizitza norberak bere kabuz deskubritzea, are gehiago, beharra sumatzerakoan, maitasunez eta ulerkortasunez lagunduko zaituen norbaiten babesa sentitzen duzunean. •