Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

It’s a trap!

Ackbar almiranteak eztarria urratua izango luke jada Inperioaren kontraeraso desesperatu eta etengabeko egun, hil eta baita urte biziotan. Tranpa egiten soilik gailentzen ahal da kapitalaren logika, adierazle natural eta sozial guztiek agortuta dagoela aldarrikatzen dutenean. Ardiz mozorrotzen den otsoa bezala, naturaren alde/klima aldaketaren aurka, ongizatearen alde/birusaren aurka entzungo ditugu, hain ongi entzun ere, ezen begien aurrean desagerraraziko baitigute haien benetako xedea; tranpa bat da!

Egunotan agerikoa denez, astero aktualizatzen diren neurrien harira gaituzte eztabaidan pandemiaren erantzule garen herritar arduragabeok, falta diren rastreatzaile eta osasun baliabideez hitz egiten egon ordez. Kostata bilakatzen da hizpide PCRen emaitzak neurrigabe nola atzeratzen ari diren, adibidez. Emaitza emateko hamar eguneko atzerapena ikusita nago baheketa masiboa egin den puntu horietako batean, baina artikulua antzerako kalamitatez bete ordez nahiago dut hain agerikoak ez diren beste tranpa batzuez hitz egin.

Urrunago joan barik, gure osasunarekin finantzatzen ari den AHT malapartatua, trantsizio energetiko baten barnean saldu zigutena. Alabaina, EHUko ikerketa baten arabera haren balizko erabileraren hipotesirik baikorrenak betez gero (lau milioi bidaiari urtean, pilo bat erabiltzen den Valentzia-Madril lerroan 2,5 milioi direnean), 60 urte beharko dira eraikuntzak sorturiko 3 milioi tona CO2 konpentsatzeko. Errealistak izanez, mendea ere. Tranpa bat da! Ezin da gero eta arinago eta gehiago bidaiatu karbono gutxiago isuriz; mugikortasun eredua aldatzean dago gakoa.

Antzera gertatzen da automozioan ere. Auto elektrikora aldatzeko deia egiten digute planetarekin oso kezkatuta dauden agintariek, baina 500.000 kilometro bete dituen nire auto txiskeroarekin alderatuz –22 urteko zerbitzuan 82 tona CO2 isuri dituenak eraikuntza (17) barne–, ez da apenas aurrezpenik egungo ereduarekin –bizitza bera lortzeko 3 auto edo bateria (20 tona bakoitzak) eta 20 bat tona ibilian, argindarra oraindik erregai fosiletatik baitator nagusiki–. Tranpa bat da! Ezin da auto kopurua eta haien potentzia mantendu/handitu karbono gutxiago isuriz; mugikortasuna mugatu eta kolektibizatzea da sostengagarritasunerantz eramango gaituen bidea.

Zer esanik ez, deskarbonizazioaren ziria sartzen ari zaigun Repsoli erreparatzen badiogu. “Gaur da eguna” artikuluan [https://labur.eus/qy1DP] aipatzen nuenez, pasa den urtean 2.300 milioi euroko irabazi netoa izan zuen enpresak soilik 80 inbertituko ditu “deskarbonizazioan” bide urratzaile izateko: planaren arabera lau urteren buruan eguneko 50 barril “karbonoan neutro” sortuko ditu Muskizko plantak, non eta egunero 220.000 barril erregai sortzen diren findegian. Tranpa bat da! Ezin da egungo energia kontsumoa mantendu/handitu karbono gutxiago isuriz; efizientzia energetikoa eta kontsumoaren beherakada da planetak behar duena.

Tranpa bat da! Baina ez da etsipenean jausteko unea. Ackbar almiranteak gudu zelaian, Izar Hiltzailea suntsitzeko ofentsiban Inperioa zain zegoela ikustean bota zuen ohartarazpen gogoangarria. Ez etsiz, borrokan eutsiz, Inperioa garaitu zuten errebeldeek Izarretako Gerra haietan. •