Haritz Larrañaga
KARRIKAK, EUSKARAZ

Ipar Euskal Herriko karriken izenak, euskaraz eta zuzen idatziak

Ipar Euskal Herrian zuntz optikoa instalatzeko karriken izendegia berritu behar dela baliatuz, zenbait udalerri kale izenak euskaratzen ari dira. Euskal Hirigune Elkargoaren laguntzari esker, karriken izenak euskaraz eta zuzen idatzita ikusi ahal izango dira aurrerantzean.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 158 herri aurkitzen dira Euskal Hirigune Elkargoaren kudeaketa eremuan eta horietatik 65 herritan jada karriken izendegia euskaratzeko urratsak egin dituzte. Duela bi urtez geroztik, Hizkuntza Politikako Zuzendaritzan dagoen itzulpen zerbitzua jo eta su ari da euskal jatorrikoak izan arren, frantsestuak izan ziren karriken izenak zuzentzen.

Ehun herri baino gehiagotan izendegia euskaratzeko aurreikuspena dute zuzenketa lanetan ari diren bi euskara teknikariek. Mattin Bacho da euskara teknikarietako bat eta haren esanetan, «100 eta 150 herri artean egingo ditugu, zeren ikusten dugu herriek aukera horren berri izaten dutenean gugana jotzen dutela eta, horrela pixkanaka, gero eta udalerri gehiago ari dira batzen».

Euskara teknikariak Ipar Euskal Herriko herrien izendegiak aztertzen ari dira herriko etxeetako arduradunekin eta Euskaltzaindiarekin batera. Zehatzago, euskal grafiaren eta izenen jatorriaren berri izateko Euskaltzaindiko Onomastika (izen bereziak eta propioak aztertzen dituen hiztegigintza) batzordearekin ari dira elkarlanean. «Guk berreste eskaera luzatzen dugu eta ongi baldin badago Euskaltzaindiak onartzen du, jarraian gomendioa helarazten diogu herriko etxeari eta gero haiei dagokie gure gomendioa onartzen duten erabakitzea, baina gehienetan gure gomendioa entzuten dute eta izena euskaraz jartzea onartzen dute», azaldu du Bachok.

Lanerako irizpideak

Herriko etxeek laguntza eskatzen dietenean lehenik izendegi zaharreko zerrenda eskatzen dute euskara teknikariek eta, ondoren, karrika eta bide izenak finkatzeko irizpideak ezartzen dituen Euskaltzaindiaren eskuliburua baliatuz lan egiten dutela esplikatu du Bachok. «Hor badira irizpideak, adibidez, jatorrizko hizkuntza errespetatu behar dela, beraz, ‘Etxeberria’ frantsesez ere ‘Etxeberria’ izkiriatu beharko da, baina alderantziz, jatorrizko izena frantsesa bada, adibidez ‘Bellevue’, orduan frantsesezko grafia errespetatuz idatzi beharko da, alegia, ‘Bellevue karrika’».

Karrika batzuek ez dute izen zehatzik eta horrelakoetan ere irizpide jakin batzuen arabera lan egin behar da. Honela azaltzen du Bachok halako kasuetan zein irizpide ezartzen duten: «Ipar Euskal Herrian maiz euskal jatorriko izena duen etxe baten izena izaten da helbidea, eta gauza bera gertatzen da herri txikietan bide eta karrikekin, hau da, ez dute izenik, beraz halakoetan lekuko etxe zaharrenaren izena hartzen da, adibidez, eman dezagun ‘Etxeberri’ dela, orduan guk zera proposatuko genuke, euskaraz ‘Etxeberriko bidea’, eta frantsesez ‘Chemin d’Etxeberri’».

Zuntz optikoa ezartzeko helbideratze proiektuan etxe bakoitzak helbide izen arautu bat izan beharko du, zehatza eta eguneratua, karrika izen batekin eta zenbaki batekin, ondorioz karrika berriak eta izen berriak ezarri beharko dira, baina arazorik handiena gaizki idatzita ziren euskal jatorriko izenek ematen dute euskara teknikarien aburuz, «euskaldunak ere ohituta baitziren izena gaizki idatzia ikustera».

Aldaketen onarpena

Amikuzekoa da Bacho, hamar urtez Nafarroa Behereko euskara teknikari izan zen, eta duela bi urtetik Euskal Hirigune Elkargoan ari da lanean. Oso ongi ezagutzen ditu Ipar Euskal Herriko herriak eta baita herritarrak ere, horregatik aitortzen du jendea izen bat modu batera idatzita ikustera ohituta dagoenean zail egiten dela aldaketa proposatzea. «Onarpen soziala zaila da, ez dugulako astirik izan pedagogia lana egiteko. Herriko etxeko arduradunekin hitz egiten dugunean gehienetan ohartzen dira, ulertzen dute eta gure aholkua onartzen dute, baina herritarrekin lan hori egiteko denborarik ez dugu izan orain arte».

Pettan Aizager, berriz, Donapaleuko hautetsia da eta Mattin Bachorekin lanean aritu da azken hilabetetan herriko karriken izendegia euskaratzeko, eta Aizager ere bat dator euskara teknikariaren iritziarekin. Bere ustez, «pedagogia apur bat egin behar da jendeari aurrekoa gaizki zegoela azaltzeko».

Donapaleun izendegi osoa euskaratzea erabaki zuten. Nafarroa Beherean dagoen Amikuze eskualdeko herriburuak ia bi mila biztanle ditu eta oso ezagunak diren plaza eta karrikak ditu, «bada aurrerantzean karrikak bi hizkuntzatan izendatuak izango dira, baina izen bakarra izango dute, eta euskal jatorriko izen guztiak zuzen idatziak izango dira», nabarmendu du Aizagerrek.

Aurrerantzean karriketako afixetan emango den aldaketa ulertzeko honako adibidea jartzen du Donapaleuko hautetsiak: «Lehen ‘rue du Marche’ bazen, karrika hitza gehitzen zioten, hau da, ‘rue du Marche karrika’ jartzen zuten, eta kito, soilik ‘karrika’ hitza agertzen zen euskaraz, orain ordea, ‘rue du Marche, Merkatu karrika’ agertuko da afixan».

Kontuan hartu behar den beste gauza bat da euskal jatorriko izenak frantses grafia erabiliz idatziak zirela, alegia, frantsesek irakurtzeko moduan idatziak ziren kaleen izenak, hortaz lehengo izen bera izango dute karrika askok, baina aurrerantzean zuzen idatziak agertuko dira afixetan.

Aizagerrek alderaketa bat egiten du: «Euskara ofiziala balitz eta guk ‘oignon’ hitza idatziko bagenu esaten dugun moduan, alegia ‘oñon’, frantsesek ez lukete onartuko ezta? Ba gauza bera euskararekin, haiek esaten duten moduan idatziak ziren karrika izenak, baina ez ziren ongi idatziak. Euskarak ere baditu bere legeak eta errespetatu egin behar dira».

Hona hemen Donapaleun aldatuko diren izen batzuen adibideak. Lehen “Place du Foirail” izena zuen herriko plaza nagusia aurrerantzean “Abere merkatu plaza” izango da. “Rue Jeanne d’Arc” zena, aurrerantzean, “Joana Arkokoa karrika” izango da. Beste karrika batean “Rue du Jeu de Paume”, “Laxo karrika” irakurri ahal izango da. Eta “Chemin d’Itorrotch” zena, aurrerantzean “Itorrotz bidea” izango da.

Euskararen presentzia handituz

Donapaleun izenik ez zuten beste 30 karrika izendatuko dituzte eta herritarrei izenak proposatzeko aukera eman zien udalak. Gauzak honela, izendegi berria osatua da, baina oraindik izenak afixetan izkiriatu eta karriketan jartzea falta da. Aizagerrek adierazi duenez, «Donapaleuko koloreak urdina eta zuria dira eta Nafarroako sinbolo bera dute, katez osatutako ikurrina gainean koroarekin, eta ikur hori ere irudikatuko da panel berrietan, diseinatze lanetan ari gara, baina arazorik ez bada, otsail aldera panelak ezartzeko moduan izango dira».

Euskal Hirigune Elkargoak panelak ezartzeko dirulaguntza eman die udalerriei, baina aldaketarik handienak laguntza teknikoaren ondorio izango direla esan daiteke. Besteen artean, langileentzako formakuntza ere eskaini du Euskal Hirigune Elkargoak. Esaterako, herriko etxeetako langileen artean diagnosi bat egiten dute haien maila neurtzeko eta euskararen jakintza zenbatekoa den neurtzeko. Helburua herritarrei euskaraz erantzun ahal izateko bitartekoak eskaintzea da eta, ondorioz, kasu batzuetan diagnosiaren ostean postu aldaketak eman daitezke. Donapaleun adibidez, euskaraz ongi dakien udaltzain bat idazkari izatera pasa da.

Aldaketa horien guztien emaitzak laster ikusiko dira Ipar Euskal Herriko karriketan. Jada herrien sarrera-irteeretako paneletan izenak euskaratu dituzte hainbat lekutan, Getarian kasu, eta karrikez harago, zerbitzu publikoa eskaintzen den eremu anitzetan afixak euskaraz jartzeko itzulpen zerbitzu bat ere eskaintzen du Euskal Elkargoak. Ondorioz, eta itxura guztien arabera, euskararen presentziak pixkanaka dagokion lekua hartuko du Ipar Euskal Herrian.