Gorka Elejabarrieta

Elkarrekin

Independentzia eta sozialismoa. Irlandar Errepublika batua. Hegoafrikar Errepublika libre eta ez-arrazista… Helburua, misio nagusia, zehaztea erraza da. Munduan zehar egon diren eta dauden nazio askapen mugimendu gehienek argi dute zertarako jaio ziren. Helburu nagusira iristeko beharrezko diren tarteko helburuak erabakitzea ez da horren erraza. Eraikuntza nazionalerako tresna eta independentismoa itotzeko Estatuak eskaintzen dizun goxokia izan daiteke autonomia. Bide negoziatua eta adostua edo aldebakarrekoa da batzuen eta besteen arabera bide eraginkor bakarra. Nazio aitortza eta autodeterminazio eskubidearen onarpena beharrezkoak dira independentzia eskuratzeko, edo behar den bakarra independentzia gauzatzeko indar nahiko izatea da, gehiengoaren babesa, lurraldearen kontrola eta nazioarteko aitortza ziurtatzeko…

Helburu orokorrak batu egiten du, bidearen inguruko desadostasunak, banatu. Gure ingurura, urrutira eta gertuagora begiratu besterik ez dugu hori horrela dela berresteko. Katalunian gehiago dira Katalan Errepublikaren alde daudenak bide adostuaren edo aldebakarreko bidearen alde daudenak baino. Eskozian gehiago dira estatu independente bilakatzearen alde daudenak, estatu independente horren estatuburua Ingalaterrako erregina izan behar dela pentsatzen dutenak baino. Batasunik ezak, banaketak, borroka ahultzen du. Baina bidea egin beharra dago, erabakiak hartu behar dira. Nola egin aurrera zeure burua ahuldu gabe, hor dago gakoa.

Independentziarako bidean sendoen doazen estaturik gabeko herrietan ez dago, oro har, independentismoaren barnean hegemonia elektoralaren inguruko borrokarik. Eskozian independentismoaren alderdi hegemoniko bakarra SNP da, Irlandan Sinn Fein, Flandrian N-VA, Faroe uharteetan Alderdi Errepublikanoa eta abar. Ez dira alderdi independentista bakarrak baina haien nagusitasuna, gaur-gaurkoz, ez dago arriskuan. Horrelako kasuetan bidearen inguruko eztabaidak biziak eta sutsuak dira, baina egitura berdin baten barnean eztabaidatzeak eta independentismoaren barneko hegemonia borrokarik ez egoteak eztabaida horiek eta erabakiak hartzeko prozesua ere errazago (asmatu edo ez) bilakatzen ditu.

Kataluniak kontrakoa frogatu zuen. Independentismoaren barnean hegemonia lehia izugarria egonda ere posible dela elkarrekin helburu baten alde egitea. Helburu hori erreferenduma zen, eta elkarrekin, batera, lortu zuten erreferenduma antolatzea. Hortik aurrera, helburu nagusia, hots independentzia, partekatzen duten arren, bidearen inguruko desadostasunak eta independentismoaren barneko hegemonia lehia basatiak desadostasunak eta banaketak ekarri ditu. Eta horrekin batera partekatzen duten helburu nagusi hori gauzatzeko aukerak zeharo ahuldu dira.

Demokratikoak diren herrialdeetan bidea errazagoa eta linealagoa da. Gehiengoa eskuratu, negoziatu, prozesu bat adostu eta bozkatu. Estatu ez-demokratikoetan bidea korapilatu egiten da. Arau unibertsalak ez dute balio, edo hobeki esanda, ezin ziurtatu haiek betetzea nahikoa denik. Gurea bezalako herrietan bi ezaugarri horiek dena baldintzatzen dute. Estatu ez-demokratikoak dauzkagu parean, gure herria eta haren autodeterminazio eskubidea sekula aitortuko ez dutenak. Independentismoaren barneko hegemonia borrokak jarraituko du, ez da epe labur eta ertainean behintzat inor zeharo nagusituko. Helburu nagusiak adostu eta tarteko helburuak eztabaidatu, arerioak ondo identifikatuz baina etsaia nor den eta nor ez den sekula ahaztu gabe. Elkarrekin oso zaila izango da, banaturik ezinezkoa. Erabil dezagun formula berdintsu hori testuinguru zabalagoetan eta has gaitezen praktikan jartzen. Adibidez: euskal independentista guztiok batera egingo dugu edo ez dugu egingo. Euskal Herriak estatuko gainerako estaturik gabeko herriekin batera egingo du edo ez batzuek ez besteek ez dute lortuko. Estatuko estaturik gabeko herriak Europako estaturik gabeko herriekin batera joango dira Bruselara edo ez dugu lortuko… •