Miren Azkarate Badiola

Gustuko dudan txokoa da hau

Duela lau urte eta erdi hasi nintzen txoko honetan lerrotxo hauek idazten. Ez ez, ez pentsa datuarekin gogoratzen nintzenik, begiratu behar izan dut eta aitortu behar dizuet ez nuela uste hainbeste denbora neramanik nire gaiak zuekin konpartitzen.

Disko gogor batean dena gordetzeko mania dut; nire lanak, nire kolaborazioak, musu truk egiten ditudan lanak… Eta hantxe aurkitu ditut GAUR8 karpetan hilabeteroko zutabe hauek. 2016. urteko uztailean estreinatu nintzen zehazki eta gaurdaino.

Ez ez, ez naiz agurtzen ari!

Zuekin hamaika gai partekatu ditut; batzuetan haserretik, bestetan pozetik, gaurkotasunezko albisteak edo atenporalak, datu bitxiak eta ezagunak… Hausnarketarako tartea izan da askotan eta bestetan barrua askatzeko lekua ere.

Ez pentsa erraza denik hilabetero orri txuri baten aurrean jarri eta esatea «ale, hasi idazten!». Askotan pentsatu izan dut errazagoa izango litzatekeela egunero idaztea, baduzu gai nagusi bat eta aurrera! Baina gero hobeto pentsatzen dut eta ez, estres maila handia litzateke. Hilabetean behin denean eta abixua jasotzen dudanean, «zure txanda da», burua labadora bat bezala hasten zait zentrifugatzen; «gai hau, ez, bestea... puf, baina horri nola eta nondik heldu... honi buruz asko hitz egin da...». Ez dakizue ongi nire buruaren abiadura zein den momentu horietan. Baina beti dago edo aurkitzen dut zertaz idatzi.

Duela gutxi arte ez nintzen kontziente norbaitek nire lerro hauek irakurtzen zituela, kalean geratu eta «oso ona azken artikulua» esan zidaten arte. Hor apuro pixka bat sartzen zait. Kazetari gisa beti gertatu zait hori, nik egin egiten dut lana eta publikoa dela ahaztu egiten zait. Baina kazetari gisa plazer hutsa da horrelako lekutxo bat izatea. •