Antton Izagirre

Indarkeriak

Haurra galdu berria, gorpu, emakumea, ama, negar eta orroka itsasoari zergatik galdezka. Ez du inon erantzunik aurkitu. Egunak joan dira eta kontzientzian eragin digun lehen danbatekoa ahaztu zaigunean, zer da ama eta emakume hartaz? Istripua izan zela esango dute batzuek. Zergatik ez biolentzia deitu? Migratzailea, emakumea, haurra, ama... indarkeriak eraitsi du.

Gure mundu aberatsak haren lurra berotzea, idortzea, natura ondasunak suntsitzea, klima larrialdia, pobretzea... eragin ditu, ama horren lurraren aurkako biolentzia. Herrietatik ihesera, emigratzera, behartu ditugunean, itsasoa besterik ez diegu opa, ito arte. Ama Lurra galdu dute.

Zergatik deitzen diogu Ama Lurra, haren gaineko jabetza eta eragiletasuna gizonen eskuetan dagoen ondareari?

Gizarte eredu desberdinetan, geurea barne, iruditegia sinbolikoan, lurrari eta emakumeari emetasun, amatasun, emankortasun, ugalkortasun baloreak aitortu izan zaizkio. Ama jainkosaren begirada horretatik eraiki da Ama Lurraren mito hori guztia.

Pentsatu eta argudiatu izan dute, batzuek, gizakiaren historia ebolutiboan, matriarkatua nagusi izan zen garaietan, emakumeak bere gorputz, lur eta ondasunaren gaineko agintea izan zuela. Matriarkatua gizonek sortu zuten mitoa izan zela ondo frogatu dute adituek.

Ez al da ba kontraesan handienetakoa Ama Lurra deitu eta hura menderatzeko hari erasoka aritzea, suntsitze bidean jarriz?

Migratzaileak, haurrak, amak, emakumeak, zaurgarriagoak egin dituena ez da natura, itsasoa, lurra edo norberaren gaitasun eta erabakimena. Gizarte injustu baten oinarriak dira errotik aldatu behar ditugunak.

Gizarte eredu hori bera ageri zaigu, une oro. Egun hauetan bertan, ikusgai, erantzule egin dugu emakumeen aurkako indarkeria matxistak salatu ditugunean.

Eta Euskaraldian gaudela kontu eginda, ezin ahaztu euskara minorizatuak ere jasan duen biolentzia estrukturala.

Begien aurrean ditugun errealitate argiak guztiak, neurriko praktika herritarrak eta politikoak behar dituztenak. •