Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Aurtengo irakaspenak

2020ko abendua. Urte luzez gogoratuko gara igaro den urteaz. Oroitzen naiz Azpeitiko inauterietan tipo bat ikusi genuela koronabirusez mozorrotuta, eta bere laguna txinatarrez jantzita. Denok elkarri galdezka: «Zertaz jantzia dago tipo hori?». Barre algaraka denok….

Eskerrak ez daukagun ahalmenik zer datorkigun ikusteko, zer-nolako tsunamia etorriko zitzaigun jakiteko –nik behintzat ez–. Kalera irten gabeko konfinamendu luzea jasan izan behar dugu etxean. Gero konfinamendua arintzea, eta berriz ere limitazio neurriak etengabe.

Urte hau Everest handi bat izan da osasun azpiegituran; sendagile, erizain, erizain laguntzaile, anbulatorioan lanean diharduten garbitzaile, administrari, anbulantzietako langileak…. Neka-neka eginda daude, gainezka etengabe.

Osasun emozionalaren arloan, oraindik ez gara jabetu zer ekarriko duen honek guztiak. Batetik, gaixotasunarekiko ezinegon eta beldurrak; bestetik, gure lagun eta familia kideekin lasai harremantzeko beldurra, maitasuna eta askatasuna egon behar zuten lekuan.

Adin eta egoera bakoitzean eragin ezberdinak izan ditu egoera honek. Gazteak eta nerabeak, haurrak, haurdunak eta guraso berriak, aitona-amonak, genero indarkeria jasaten duten emakume eta haurrak, gertukoen heriotzarengatiko dolua, estres handiko egoerak denboran luzatzen, eskoletako protokolo zorrotzak… Jendea oso nekatuta dago, eta gu sanitariook ere….

Baina covid-19 horrek utzi ditu ikasgai sendoak ere. Banakotasunetik kolektibora pasatzeko beharra, taldeak ematen duen kidetasunaren indarraren beharra: auzoko lagunak, familia, ikaskideak… Horien guztien beharraren kontzientzia. Bestalde, gure ama lurrarekiko jarrera aldaketa zorrotz eta premiazko baten beharraz ere jabetu gara, baserri eta landa eremuen balorazio eta errekonozimendu ezinbestekoaz.

Zaintza jarri du covid-19ak erdigunean, emakumeek egiten duten eguneroko lanaren balorazioa eta beharra. Jende horren isilpeko lanik gabe ezin dela bizitza mantendu ikusaraztea, jangelak, 0-3 adinekoen zaintza, hezkuntza, osasuna, familiaren zaintza….

Eta orainaldian bizitzeko baldintza. Ez geroan ezta iraganean ere, horiek ez baitira ziurrak, orainari heltzeko azken aukera. Arlo soziala etenda eta murriztuta, bakoitzak bere barneko mamuekin aurrez aurre hitz egiteko beharrarekin topo egin du eta geure hutsuneekin konektatu dugu. Azkenik, harreman emozionalen beharra, besarkaden eta muxuen beharra eta lepotik eutsi eta elkarrekin goxo egoteko beharra.

Eta Gabonak etorri dira, ziurgabetasunez, birus agerraldiz eta mugaketaz beterik. Bakoitzak bakea ematen dion aukera hori har dezala, ahal badu; eta pasa ditzagun xarmaz beteriko Gabonak, gure txikiek eskertuko digute eta…

Gabon hauetan gure bihotzetik ateratzen den energiaren indarra zuekin egotea nahi dugu, familia bakoitzean, etxe bakoitzean… Arreta goiztiarreko gure heroi guztiei, gure pirata txikiei, nerabezaroan dauden horiei gure indarra eman nahi diegu garai ero hauetan.

Egunero bakardadean barneko munstroen aurka borroka egiten duzuen guztiei. Zuei, guraso, irakasle eta aitona-amonei, bakarrik sentitzen den orori. Aurten, inoiz baino gehiago Gabonetako magia eta gure bihotzetako indarra izan dadila zuen bidelagun!

Gabon zoriontsuak opa dizkizuegu guztioi! •