Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Nekane Saenz de Cabezon Salaberria
GIPUZKOAKO SENIDEAK ELKARTEA

«Beherakada handia sumatu dugu adinekoen artean, asko abandonatuta sentitu dira»

Gipuzkoako zaharren egoitzetako erabiltzaileen senideen elkartea da Gipuzkoako Senideak. Beren senideen ongizatea helburu hartuta sortu zen elkartea, osasun krisiaren aurretik. Pandemiak beharrak beharrago eta zuloak zuloago bihurtu ditu.

Maialen ANDRES | FOKU
Maialen ANDRES | FOKU

Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileek bi urte luze daramate borrokan. Koronabirusaren aurretik oihua garbia eta ozena zen: langileen lan baldintzak hobetzea, egoiliarren bizi baldintzak hobetzeko. Pandemiak dena leherrarazi du oso forma latzean zaharren egoitzetan.

Langileen aldarrikapen horien bueltan sortu zen 2019ko irailean Gipuzkoako Senideak elkartea, egoitzetako erabiltzaileen senideek osatua. Elkarteak helburu nagusi bakarra dauka: egoitzetako bizi baldintzak hobetzea.

Pandemia etorri aurretik dagoeneko egonezina zegoen egoitzetako egoerarekin, bai langileen aldetik eta baita egoiliarren senideen aldetik ere.

Bai, eta pandemiak gehiago azaleratu du lehenagotik ikusten ari ginen egoera eskasa. Egoitzetara egunero joanez gero, segituan antzematen duzu egoera ez dela egokia. Langileak dena ematen ikusten dituzu, ezin iritsi, etengabe itolarri batean. Askotan aipatzen digute ez daukatela denborarik egoiliarrekin tartetxo bat hizketan lasai egoteko, lau kontu esateko. Guk garbi daukagu langileen lan baldintzak hobetu behar direla horrek gure senideen ongizatean eragina izango duelako. Ezinean dabilen langile batek ez dauka denborarik bere lana ondo egiteko.

Lehendik prekarioa zen egunerokoan bete-betean sartu da covid-19a.

Kolpea oso latza izan da. Gure osaba zegoen zentroan birusak oso gogor jo zuen lehen olatuan; berrogei kutsatu inguru, hogeita bost heriotza eta albo kalteak sekulakoak. Azkenean gaixorik zeudenek eta ez zeudenek, denek, tratamendu bera jaso dute: isolamendua. Ulertzen dugu neurriak eta erabakiak hartzea ez dela erraza egoera ezezagun baten aurrean. Baina garbi dago batzuentzat isolamendua zigor latza izan dela: bakartuta, ezin senideak ikusi, ezin ezer egin…

Adinekoen egoitzetan bisitarik ez dute izan denbora luzean.

Ez, denbora oso luzean ezin izan ditugu senideak bisitatu. Gero murrizketa gogorrak izan dira: astean bitan, beti pertsona bera, distantziarekin, maskararekin… Adineko jende askok entzuteko eta ikusteko arazoak ditu. Bi metroko distantziarekin eta musukoarekin elkar ulertzeko modurik ez dago. Ezin komunikatu.

Koronabirusak eraman ez dituenak, tristurak makaldu ditu.

Egia da berriz egoitzetara bueltatu garenean beherakada handia sumatu dugula adinekoen artean. Penagarria da fisikoki eta emozionalki nola egin duten behera. Oso egoera latza bizi izan dute egoitzetan. Buruz ondo daudenek eta sentimendu horiek adierazteko gai direnek garbi adierazi diete senideei bisitetan: «Horrela bizitzeko, nik ez dut bizi nahi».

Egoitzetan daude, baina familia eta lagunak kasu askotan egunero joaten dira bisitan. Eta bisitan joaten garenak ez gara gure senideekin bakarrik egoten, gainontzeko egoiliarrekin ere harremana egiten da, sarea osatzen da. Bakarrik dagoen jendeak mesedeak eskatzen dizkizu, hau edo bestea ekartzeko eskatzen dizu... Hor sare garrantzitsua osatzen da. Eta bat-batean, adineko asko bakarrik, beldurtuta, sarerik gabe eta gertatzen ari zena ezin ulertuta geratu dira. Zahar asko abandonatuta sentitu dira.

Eta langileak nola sumatzen dituzue?

Lur jota, fisikoki eta emozionalki. Oso gogorra da egunero zaintzen dituzun horiek bata bestearen atzetik hiltzen ikustea. Egoitzak itxita zeudenean eta telefonoz deitzen genuenean, askotan galdetzen genien langileei ea zer moduz zeuden. Garbi esaten ziguten: egoiliarrek senideak behar zaituztete eta guk ere behar zaituztegu. Finean, langileak egoiliarren senide ere bihurtu dira tarte horretan, dena beren bizkar hartu dute.

Muturreko egoera horrek berriz ere jarri du mahaiaren gainean gai arantzatsu bat: zer gertatzen da adineko pertsonen eskubideekin?

Bai, badirudi adinekoek ez daukatela beren bizitzarekin zer egin erabakitzeko eskubiderik. Nik askotan pentsatzen dut; gure ama etxean bizi da, autonomoa da eta bakarrik moldatzen da zorionez. Bere ahizpa, berriz, adinekoen egoitza batean dago. Gure amak erabaki dezake buelta bat ematea, igerilekura joatea… edozer gauza. Aldiz, bere ahizpak ez. Zergatik? Gure izeba martxoaz geroztik bi aldiz bakarrik atera da egoitzatik eta horietako batean erietxera joateko, eroriko bat izan zuelako. Hainbeste denbora mugitu gabe egon eta gero, erori egin zen.

Gure osaba, berriz, uztailean hil zen. Koronabirusa izan zuen, gainditu egin zuen eta nik uste dut albo kalteen ondorioz hil zela. Koronabirusa pasatu eta gero egoera oso latza sufritu zuten egoitzan, denbora luzea eman zuten isolatuta. Eserita denbora asko eman zuen eta sekulako ultzera atera zitzaion ipurtaldean, ikaragarria. Gero konplikazioak etorri ziren bata bestearen atzetik…. Uztailean hil zen.

Koronabirusa izan zuenean egoitzatik erietxera eraman zuten.

Bai, eta horrek pixka bat salbatu zuen neurri handi batean. Erietxean senide baten konpainia zeukan eta horrek asko lagundu zion. Behin birusa pasatuta, ez zuen egoitzara bueltatu nahi, berriz isolamendua eta bakardadea zituelako zain bertan. Pentsa, egoitzatik egindako bideo dei baten bitartez konturatu ginen osaba ez zegoela ondo, oso makal zegoela. Gure kezka adierazi genien egoitzako langileei eta segituan ospitaleratu zuten berriro.

Etxeko nagusiak egoitza batean sartzeko erabakia beti ez da samurra izango.

Ez, ez da erabaki erraza. Nik ezagutzen ditudan kasuetan, behintzat, behar duten zaintza ezin da etxean eman eta horregatik jotzen da egoitza batera. Bertan, profesionalak daude, prestatutako jendea. Arazoa da profesional horiek ez dituztela behar dituzten baliabideak eta horregatik ari dira borrokan, haiek eta gu. Adinekoen eskubideak eta ongizatea ziurtatuko dituen zerbitzu publiko duina behar dugu, hori da gakoa. Hori da gure aldarrikapena eta baita langileena ere. Une honetan zaintza zerbitzua beste enpresa batzuei esleitua dago eta enpresen helburua zein da? Ba dirua egitea.

Gure jendartearen egoera eta joera ikusita, adinekoen zaintza eta egoitzen egoera lehen lerroko gaia da. Horien aldeko apustu garbiagoa egin beharko litzateke?

Bai, zalantzarik gabe. Baina horrelakorik ez da ikusten egoitzetan. Egoitzetan «kafea denentzat» politika da nagusi, guztiei jarduera berak jartzen dizkiete aisialdirako: margotzea, bingoa, abesbatza… Egoitza guztietan antzeko jarduerak jartzen dituzte. Eta horiek gustuko ez dituztenek? Telebista aurrean pasatuko dute eguna? Sentsazioa daukagu ez dela kontuan hartzen pertsona, norberaren interesak, gogoak, nahiak, gaitasunak… Eskaintza hori egokitu egin behar litzateke.

Egiteko asko dago egungo zaintza sistema hobetzen.

Egoitzetako bizi baldintzak hobetu nahi ditugu eta horretarako prest gaude edonorekin lankidetzan aritzeko. Sindikatuekin harremanetan gaude, baita pentsiodunen elkarteekin ere. Pandemiaren aurretik hasiak ginen herriz herri joaten, bertako elkarteekin hitz egin eta hausnartzen. Gure asmoa da bailara bakoitzean taldetxoak sortzea gertutik lan egin ahal izateko eginkizun honetan: adinekoen egoitzak hobetzea.

Aldundiarekin ere badugu harremana. Hasieran harrera beroagoa izan zen, gero hoztu eta tenkatu egin zen harreman hori –asteartero Aldundiaren parean bilkura egiten dugu–. Guk, Gipuzkoako Senideak elkarteak, Gipuzkoako Aldundiari eskatu behar dizkiogu kontuak; Aldundia da familioi zerbitzua eman behar diguna. Eta Aldundia da, era berean, kontratatu dituen enpresa horiek estutu behar dituena. Aldundiak zorrotz jarri behar du egoitzetako adinekoen zaintzarekin, haien ongizatea bermatu behar baitu.

Azkenaldian harremana hobetu egin da Gipuzkoako Aldundiarekin.

Hainbat bilera izan ditugu Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako arduradunekin azken asteotan. Koronabirusaren eraginaren inguruan ikerketa bat egin dute eta horren berri emateko elkartzen ari gara. Gu, printzipioz, pozik gaude, ikerketa horrek aspaldidanik egiten ditugun eskakizun batzuk jasotzen dituelako. Badirudi epe motzean, ertainean eta luzean sistema hobetzeko aldaketa batzuk proposatzen ari direla eta zaharren egoitzetako eredua bera berriz planteatzen ari direla. Itxaropena badaukagu, ea paperean jaso dutenak zer nolako isla duen errealitatean. Gertutik jarraituko dugu.

Langileen lan baldintzen inguruko korapiloa askatzea garrantzitsua izango da.

Bai, zalantzarik gabe lehentasunetako bat hori da, langileen egoera. Guretzat oso garrantzitsua da langileen kondizioak hobetzea, horrek ongizatea ekarriko dielako gure senideei.