Mikel Zubimendi Berastegi
JULIUS ERWING AIREAN FLOTATZEN, LEKUKOTZA SUBLIME BATEN GRAZIA

Ross Gayren «Be Holding» poemaz

Lakersen kontrako 1980ko NBAko finalean, Julius «Dr. J» Erwingen hegaldia ikusten du poetak, obsesiboki, Youtuben. Jokaldi mitikoaren dotoreziak atrapatuta dauka; Dr. J ez da erortzen, logika eta grabitatea desafiatu ditu, espazioa eta denbora ukatu. «Be Holding» sublimearen aurrean ahozabalik geratzeko gonbidapena da.

Ross Gay estatubatuar poetak poema liburu berria atera du. “Be Holding” du grazia eta haria 1980ko NBAko final bateko gertakari zalapartatsu batetik hartu du. Julius Dr. J Erwingen baseline scoop gogoangarrian, hain zuzen. Saskibaloiaren historiako jokaldi mitikoenetakoa hartu eta etikaren inguruko galdera larri batean eraldatu du, edo zehatzago, lekukotzaren etikaren inguruko galdera batean.

Ez dela begiratzearekin konfunditu behar ohartarazten digu Gayk, espektakulutik aldendu behar garela, Dr. J-ren hegaldiarekin batera haragituagoa den beste zerbaitean parte hartzeko: lekuko izan. Lekuko, baina ez bakarrik gure begiekin, baita gure birika, esku eta ezpainekin ere, lekuko.

Dr. J-ren jokaldi gorenaren aurrean, erori eta altxatu, airean flotatzen duen atletarekin poetak sublimea denaren aurrean harritzeko, hunkitzeko, ahozabalik geratzeko proposatzen digu. Baseline scoop jokaldiak, baina, zer du sublimea? Poetarentzat, espontaneotasuna, dotorezia, gertagaiztasuna. Edo bere beste hitz batzuetan esanda, beste gizon beltz bat fusilatua edo espetxeratua izateko aukeraren kontra, hortxe altxatzen da, hor dago Julius Erwing, probabilitateak eta grabitatea bera desafiatuz, momentu batez behintzat bai.

Jokalari beltzaren mate indartsu eta biszeralaren ikusle baino, poetak fintasunaren eta graziaren lekuko egiten gaitu. Eta gizon beltzean estereotipo basatia edo jasan dituen terroreak ikusi baino, bat-bateko grazia, eta garbi-garbia, dakusagu. Dr. J-k saskirako bidea itxita dauka, joko zelaitik kanpo hegan egin behar du, taula barrikada bat da, eta defentsak zain dauzka. Eta oztopo guztion aurrean, bere saskiratzea burla bat da, arrazismoaren langa eta topeei egindakoa.

Obsesio poetiko induzitua

“Be Holding” poema bakarreko liburua insomnio gauetako kreatura bat da. Youtuben jokaldia behin eta berriz ikustean sortzen den kontzientziaren fluxua balitz bezala idatzia dago. Poeta itxuraz garrantzirik gabekoa dirudien gertakizun baten –saskiratze bat, bi puntu gehiago– ikusle baino, lekukoa da. Ikonikoa da unea, Dr. J-k aukera guztiak desafiatu zituelako. Jauziarekin altxatu egiten da, igo egiten da, flotatzen du, sakratua denaren itxurako zerbait haragituz.

Dr. J-ren jokaldi gogoangarriarekin obsesio poetiko induzitua bizi du Ross Gayk. Eta obsesioa galdera egiten du: «Noiz, nola eroriko da bere jokaldi hegaldaritik?» Finean, “Be Holding” ikerketa hori da: sublimea bistan daukagunean edo ekintza krudelen aurrean, nahi gabe, nola jartzen garen arnasestuka ikertzen du.

Bilaketa edo meditazio liriko bitxi batekin, Ross Gay poetak Dr. J-ren ezinezko mugimendu hori, estatu biolentzia eta jagoletzarekin, beltzen bizitza eta irauteko ahalmenarekin lotzen du. Eta poemak galdetzen du imajinazioak, edo gure begiradak, nola eraman gaitzakeen besteengandik gertuago, besteekin konektatzea zoriona bezalako zerbait izan dadin.

Muinean eta forman bakarra den lan honetan, sentimenduen inguruko ikerketa asko dago. Bere subjektuak islatzen duen flotatzeko graziaren gainekoa. Lekuko gara, inposiblearen lekuko. Aurrekaririk ez daukanaren lekuko. Gure begien aurrean ipini digu Dr. J-k, naturaren logika eta legeak desafiatuz.

“Be Holding” liburuak poesiak eman dezakeen horren inguruan –zentzu literario eta holistikoan– hausnartzera bultzatzen du. Saskibaloi jokalariaren keinu arina hartzen du eta hegaldi horrekin batera, historia pertsonal eta komunitarioaren birikak zabaltzen ditu, mundu honetako zorion, ikara eta biolentzia guztia kabitu ahal izateko.

Amodio kantua baino gehiago

Julius Erwingek, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Philadelphia 76ers taldeko hegalekoak, kantxak gobernatu zituen kondairazko saskibaloi jokalaria da. Poetak amodiozko kantua egin dio. Baina atleta bikainari egindako oda baino gehiago da. Youtuben "Dr. J´s iconic Baseline Scoop" bideoa milaka aldiz jarraian ikusi duela aitortzen du. Eta buruz daki jokoaren historiarako hegaldia izan dena, magia betezko mugimendua.

Nola Dr. J eskuinetik abiatu zen uztairantz, nola aurrena Mark Landsbergerren defentsa gainditu zuen, eta, gero, Kareem Abdul-Jabbar mitikoaren 2,18 metroak bidea ixten ziotela ikusita, nola taula pasatuta ikusi zuen bere burua. Ross Gayk badaki kondizio normaletan, beste edozeinekin ezerezean bukatuko litzatekeela jokaldi saiakera. Baina, ez. Dr. J-k esku batekin baloia hartu, taularen atzetik airean flotatzen iragan, Abdul-Jabbarren defentsa irrigarri utziz, eta nola kanpoko marraren gainetik, airean beti, uztaia pasatuta, taulara bota zuen. Bera eta mundua txunditu zuen dotorezia batekin.

Hori guztia buruz daki. Baina “Be Holding” saskibaloiaz aritu arren –jokaldi zehatz bat Youtuben errepikatu eta berrepikatuta–, beste zerbaitez ere badihardu: nola begiratu eta nola izan begiratua. Nola izan daitekeen begirada mingarria, biolentoa eta nola daitekeen arretatsua, oroimen eta maitasunezkoa. “Be Holding” izenburuak hobeki esplikatzen du: nola begiratzen diogun elkarri, nola besarkatu behar genukeen elkar, nola gauden bata bestearekiko zordun.

Zabaltzen den eskusoinua

Youtuben, Julius Erwingen jokaldi magikoaren mugimendu osoak bi minutu eta erdi hartzen ditu, eta mugimendu horrek berorrek liburu oso baten tamainako poema behar du gertatzeko. Jakina poetek denborarekin nahi dutena eta nahi bestetan egin dezaketela, eta noski denbora hiltzea baino krimen arrunt, poetiko eta legitimoagorik ez dagoela, baina poema honek ahalmen hori muga-muga eder batera eramaten du, eta, gainera, arin, esfortzurik gabe.

Julius Erwingen hegaldiarekin batera, poema honek denboran bidaiatzen du, baina ez istorio lineal bat kontatzeko. aldiberekotasun sentsazio bat sortzeko baizik. Denbora guztiak daude orainean, konektatuta, eta gu, irakurleok, iragan diren denbora horiekin guztiekin konektatua gaude.

Zabaltzen ari den eskusoinua da. Minutu batean gaude NBAko 1980. urteko finalean eta hurrengoan hondartzan, eta hondartzatik bertatik ikusten dugu esklaboak dakartzan itsasontzia, eta Dr. J-ren jokaldia da pisua arintzeko itsasora botatzen zituzten esklaboen hegaldia.