Bakarrik

34 urte bete nituen lehengo hilabetean. Mundu guztia bezala zahartzen ari naiz, baina nire barruan oraindik 28 urteko neska gazte bat bizi da. Ez hori bakarrik, neska gazte horri iruditzen zaio adin horretan ezagutu zituen lagunek adin bera izaten jarraitzen dutela. Nekanek 24 eta Jonek 32, adibidez.

Ez dut bikoterik, ez umerik, ezta etxean konpainia egingo didan maskotarik ere. Gizartearentzat bakarrik dagoen pertsona bat naiz. Sobrantea. Bilera guztietara joan daitekeena, umerik ez duelako besteren marroiak egiteko denbora duena, arazorik ez duena. Oraindik gogoratzen dut, umetatik ezagutzen nauen emakume batek supermerkatuan egin zidan galdeketa batean bikoterik ez nuela eta bakarrik bizi nintzela esan nionean jarritako pena aurpegia. Bizitza honetan gerta dakizukeen desgrazia handiena balitz bezala.

«Igande arratsaldeak tristeak dira bakarrik zaudenean», hori pentsatuz bizi nintzen orain gutxi arte. Zure inguruko lagun guztiek familiako eta bikote planak egin dituztelako, parrandara gero eta gutxiago ateratzen zarelako eta bestondorik ezak pentsamendu hori handitzen duelako. Aste berean partekatu nuen sentimendu hori bi lagun desberdinekin. Batek estatistikekin erantzun zidan: «Mirari, estatistiken arabera, bikoteen ehuneko laurogei 40 urte betetzen dituztenean banatzen dira. Beraz lasai, zure lagunak laster banatuko dira». Bigarrenak hauxe esan zidan: «Mirari, pentsatu igande arratsaldeetan bikotearekin gaizki dagoenak harekin egin behar duela lo eta astelehen goizean, asteartean, asteazkenean... ere arazoek hor jarraitzen dutela».

Duela hiru urte oporretara bakarrik joateko erabakia hartu nuen. Nire beldurrak izan nituen eta nik uste dut ingurukoen galderek gehiago beldurtu nindutela: «Bakarrik joatera ausartzen zara?», «Ez dizu beldurrik ematen?», «Zer egiten duzu egun guztian zuk bakarrik?», «Ez zara aspertzen?».

Gizarte hau bera diseinatuta dago dena binaka egiteko. Antzerkirako bi sarreren zozketa, bi lagunentzako asteburu pasa nekazal turismo batean, bi lagunentzako otorduak oparitzea…

Zozketa batean talasoterapia zirkuitu baterako bi sarrera tokatu zitzaizkidan behin, bere gosari eta guzti. Nola ez, bi lagunentzat. Saria irabazi nuela jakinarazi zidanari galdetu nion ea bi egun desberdinetan joan nintekeen, ni bakarrik bi egunetan. Zur eta lur geratu zen nire eskariarekin. Talasoterapiara deitu eta ezezkoa eman zidaten, bakarrik joan nahi banuen joateko baina beste sarrera galduko nuela. Ba zer nahi duzue esatea, batzuetan lana ere bada libre dagoen norbait bilatzea. Gustura joango zinatekeen pertsona horrek kalabazak eman badizkizu eta beste norbaiten bila hasi behar baduzu, lan bikoitza ekartzen dizu.

Oraindik gogoan dut, nola eman zidaten ezkontza baterako gonbidapena, sobrearen kanpoaldean hauxe jartzen zuela: «Mirari eta laguna». Bakarrik joanda aspertuko ote nintzen beldurrez edo ezkontzako beste 100 pertsonekin sozializatzeko gaitasunik izango ez banu bezala.

Bada oraindik ikasi ez dudan gauza bat, niretzat bakarrik kozinatzea. Beti lagun gehiagorentzat prestatu izan ditut otorduak eta niretzat bakarrik dilista eltzekada bat egiten ez dut asmatzen. Gehitu horri, dilistek uretan biderkatzeko duten gaitasuna, beraz aste osoa gauza bera jaten pasatzen dut azkenean. Bakarrik bizitzen, bidaiatzen, paseatzen ikasten den bezalaxe hartuko diot neurria horri ere. •