Amagoia Mujika Telleria

Dena desberdin eta gu desberdin

Nire lagun batek umorez esaten du lehen igande goizetan apaizak egiten zigula errieta pulpitutik eta, orain, Felix Zubia medikuak egiten digula errieta igande goizetan irratitik. Hala ere, laguna eta biok gehiago gara Zubiari kasu egitekoak. Eta, seguruen, apaizak baino arrazoi zorrotzagoekin hartzen digu kargu medikuak herritarroi. Apaizaren begietara gauza gehiegi dira bekatu, eta guri gehienak gustatu.

Pentsa, lehen urtearen hasieran jaiotako haurrak izaten ziren albiste, urte berriarekin sortutako bizitza berriak. Aurten txertoa hartu duten lehen herritarrek hartu diete lekukoa albistegietan, jaioberrien aldean bizitzaren beste muturrean daudenak. Hori ere desberdin.

Lehen, etxekoren bat ospitaleratzen zutenean, haren ondoan egon besterik ezin zuten egin etxekoek. Osasun profesionalen esku zegoen haren gorputza, maite zutenen esku haren egonezina edo ongizatea. Gozatu, lasaitu, zaindu, babestu, kulunkatu. Osasuna okertzen denean etxekoek egin zezaketen gauza bakarra ezin dute egin orain. Distantziaren hotzean egon eta itxaron. Ez dago besterik.

Dena desberdin eta gu desberdin. Dena da isilagoa bezala, lotuagoa, larriagoa. Orain, txarrean ondo samar egotea da helburu nagusia. Ezin da beste askorik eskatu. Gauza txikiek distira distiratsuagoa daukate. Akaso dena ez da kalterako izan.

Dena desberdin eta gu desberdin, disimuluan lehengo berak izan nahian bezala. Segur aski horregatik amorratzen naiz neure buruarekin telebistari begira jarri eta film batean jende multzo handia elkarren ondoan eta musukorik gabe ikusi eta artega samar jartzen naizela sumatzen dudanean. •