Irrikaz

Gogoak lotuta dauzkat, atxilo etxean, lotuta eta gaizki ikusiak. Orain arteko bizimodua zikina eta lizuna izan balitz legez…

Guztion osasunaren izenean, batzuek ezarri erdibideko erabaki tranpatietan tronpatuta.

Gogoak lotuta dauzkat gogoz kontra.

Gogoa dut ikustekoa hausnarketa inklusibo benetakoa, Urkullu-murruok areagotutako ezberdintasun arrakala iraulita. Gogoa dut pentsatzeko libreki berriro, arau hesi eta txarrantxen gainetik.

Gogoa dut egin ahal izatekoa gogora datorkidan hura, kikiltzeko helburu duten beldur balei, beldur babei, jaramonik egin gabe.

Gogoa dut ikustekoa zaintza kolektiboa bermatzeko proiektu eraikitzaileak, zainduen eta zaintzaileen duintasunean oinarrituta, zaindu egin behar dugula agintzen diguten erakundeen eskutik. Gogoa dut ikustekoa alaitasuna helduen aurpegietan, beldurra erraietatik kanporatuta. Gogoa dut ikustekoa erakunde publikoak zein Osakidetza jendearen ez-erantzunaz harritu ez daitezen, eguneroko politikan herritarrak aintzat hartzen dituztelako.

Gogoa dut ikustekoa emakumeek etxea babesleku izan dezaten maitasunean eraikia eta ez beldur bikoitzean, itolarrian, gutxietsiak.

Gogoa dut ikustekoa haurren bizitza koloretan blai plisti-plasta, antxintxika aske parkeetan, elkarri besarkatu eta muxu ematen, haurrak haurrak direla ukatu nahi badute ere.

Gogoa dut ikustekoa ardura indibiduala dela dioten input guztiak irauli eta soziala dela aldarrikatuta, gutariko bakoitzak zer egin behar dugun badakigula diotenen aldetik.

Ia mende erdia da «Denok ala inor ez...» Bertolt Brechten hitzak Mikel Laboaren ahots sarkorrak iltzatu zizkigula. Balore horiei uko egitea noraezean doazen pertsona indibidualez osatutako gizartea eraikitzea litzateke.

Gogoa dut… ikustekoa afrikar esapidea gure eginda: «Jende txiki askok leku txiki askotan gauza txikiak eginez mundua alda dezagun». •