Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Denon ekarpen txikiak

Duela bederatzi urte izan nuen azkenengoz Basque Children of 37 erakundearekin kontaktu zuzena. Southamptonen egin zen ekitaldi batean, «Habana» itsasontziak lur hartu zuenetik 75. urteurrena gogoratzeko antolatu zuten bazkari eta omenaldi moduko batean izan zen. 1937. urtean Gernikako bonbardaketaren ostean Ingalaterrara etorri ziren eta gerora Euskal Herrira itzultzerik izan ez zuten haur haiek elkartu eta haien historiak bizirik irauteko lan miresgarria egin du, eta egiten jarraitzen du, erakundeak.

Aurreko astean Carmen Kilner erakundeko arduradunaren mezu bat jasotzea ezusteko atsegina izan zen. Argitaratu berri dituzten bi libururen berri emateko idatzi zidan. Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren laguntzarekin egindako bi liburu dira, hain zuzen ere: Adrian Bell historialari eta soziologoaren “Only for three months” jatorrizko liburuaren itzulpena da bat. Hau izan zen Ingalaterrara iritsi ziren gerrako haur haien historiaren kontaketa egin zuen lehen liburuetako bat. Orduan idazten ari nintzen nobelarako bilaketa lanean nenbilela irakurri nuen eta narrazio hunkigarriekin biltzen du gertatutakoa. Eta, bigarrena, Natalia Benjamin Basque Children of 37 erakundearen sortzaileetako batek egindako edizio lana da, Ingalaterrara iritsi ziren haurren testigantzak bilduz.

Haurren zaintzaz arduratu zen Kilnerren ama. Donostiakoa izatez eta errepublikazalea, gerraren erdian Bilbora joana; irakasle titulua zuen eta boluntario aurkeztu zen “Habana”-n joateko. Ez zuen Euskal Herrira itzultzerik izan.

Benjaminekin izandako hartu-emanaren oroimen gozoak ditut. Hura ere haurren zaintzan ibili zen irakasle baten alaba da. Liburu hau kaleratzea hainbeste urtetako esfortzu, ilusio eta ausardiaren emaitza da, zalantzarik gabe.

Duela bederatzi urte iltzatuta gelditu zitzaizkidan bi gauza askotan etortzen zaizkit akordura: batetik, «haurretako» batek esandako «ni ez naiz inongoa» esaldia, identitaterik eza azpimarratuz. Eta, Kilnerrek esan zidan beste zerbait: bere seme-alaben belaunaldikoek ez zutela gertutik bizi izan eta sentitzen historiako kapitulu hura eta ez zutela interes berdina lanari jarraipena emateko. Erakundearen kudeaketa lanari jarraipena emateaz gain, lotura emozionalaren komunikazioa ezinbestekoa zela esaten zidan. Bederatzi urteren ostean, Kilner ilusio berdinarekin lanean dabilela entzuteak poztu ninduen. Bere inguruan lanean dabilen beste inoren ahotsik edo izenik ez entzuteak orduko kezka berdina azalarazi zuen, ordea. Hamar baino ez omen dira bizirik dauden “haurrak”, eta kapitulu konkretu horren amaiera gertuago dagoela jakiteak oroimen historikoaren egitekoa oraindik gehiago nabarmentzen du. Konpromisoa sentitzea ezin da-eta inposatu.

Orduan egin nuen bezala, promesa egin nion aipamen bat egingo nuela zutabe batean eta Benjaminek idatzitako liburua irakurriko nuela. Horrelako idatzi batek bere horretan ezer gutxi balio du. Baina horrelako ekarpen txiki askok, erosten dugun liburu bakoitzak eta denon artean egiten dugun komunikazio kolektiboak duten indarrean sinesten dut. •