Iñaki Soto

Bowieren proiektu estralurtarrak eta kriptonostalgia

Datorren kriptomunduaz ari zen Scott Gallowayren newsletter batean [“No Mercy, No Malice”] David Bowierekin berradiskidetu nintzen aurreko astean. Aldiro gertatzen zait. Norbaitek edo zerbaitek harengana gerturatzen nau, eta beti galdetzen diot neure buruari «zergatik ez naiz morroi honetaz gehiagotan oroitzen?».

Gallowayk kontatzen duenez, David Bowiek 1997an BowieBonuak sortu zituen eta 55 milioi dolar biltzea lortu zuen. Bonuek %7,9ko interesa ematen zuten 10 urtean, AEBetako Altxorra %6,4 ordaintzen ari zen garaian. Artistaren helburua bere katalogoaren kontrola berreskuratzea zen. Bere manager ohiari abestiak erosiko zizkion eta horrela bere ondarea bere esku egongo zela bermatu nahi zuen. Abestien royaltyak ziren, hain zuzen ere, bonuen berme bakarra. Inbertsio hura konpositore baten abestiengan konfiantza izatean oinarritzen zen.

Konfiantza horri helduz, Moddyk bonuak A3 gisa kalifikatu zituen. Bowiek finantza sistema tradizionaletik pasatu behar izan zuen. Galloway irakasleak bere buruari galdetzen dio zer gertatuko zatekeen bonu horiek kriptomoneten bidez sortu ahal izan balitu. Ez da hipotesi burugabea, kantariaren geek historia kontuan hartuta. Bonuak sortu eta hurrengo urtean, BowieNet izeneko Internet zerbitzu bat jarri zuen martxan. Musikan zentratutako komunitate interaktibo bat zen, baita bere garaia baino hamarkada bat lehenago iritsi zen zerbitzua ere. Urtebete geroago, online banku bat sortu zuen. Ezetz izena asmatu? BowieBanc, nola bestela.

Ziur aski, nartzisismo hori da Bowieri leialagoa izatea eragozten didan gauzetako bat. Halere, onartu behar dut Bowierengan akats hori ez zaidala beste jende batengan bezain gogaikarria iruditzen. Hain da ederra, sortzailea eta elegantea. Haren musika zure gustukoena ez bada ere. Aitzitik, haren naming-politika ikusita (Bowie-hau, Bowie-bestea) Caitlin Moranek «The Bono Talks» deitzen duena gogorarazi dit, U2ko abeslariaren Bono-Hitzaldiak. Eta berriro Bowierekin adiskidetzen naiz.

Gallowayk BBCn 1999an egindako elkarrizketa bat berreskuratu du [https://bbc.in/3atElvp]. Bowiek Internetek munduan izango zuen eraginari buruz hausnarketa sakona egiten du, ironiaz eta ezagutza handiz. «Bai, (Marten) bizitza dago eta hemen lurreratu da», Internet da. Artea, artistaren eta entzuleen artean sortuko den eremuan kokatzen du. Kazetariak mesfidantzaz begiratzen dio, ameslaria balitz bezala tratatzen du. Eta bazen.

Bowieren pasarte hauek urte horietara eraman naute bueltan. “Hitza eta Ekintza” aldizkaria eta sarea garai hartakoa da. N. Negroponteren “Being Digital” (1995) eta M. Castellsen “Digital Age” trilogia (1996-1998) gogoratu dizkidate. Aro honen aurrekaria den “Halt and Catch Fire” telesaila berrikusteko gogoa piztu zait. Bad Religionen “21st Century Digital Boy” buklean entzun dut (adi, 2022an Euskal Herrira etorriko direla esan dute, agian).

Nostalgia? Bada, ez gehiegi. Bowiek 50 urte zituen garai hartan. Hori bai, kolektiboki kriptomunduaz jabetzeko motel gabiltzala argi dago. Oroitu: Scott Galloway. Tentuz, abangoardismoaren ajeak ezagutu ditugu-eta, baita atzealdismoaren ezinak ere. Herri eta mugimendu gisa ameslariak izateari ez genioke sekula utzi behar. Hortik herri osoa “Changes” abesten jartzera aldea dago, jakina. Kriptonostalgia ere tentuz erabili behar da. •