Martin MANTXO
{ analisia }

Brasil amildegiaren ertzean?

Auzitegien deslegitimazioa, genozidio koronabirikoa, negazionismoa, Amazoniaren gainbehera, meatzaritzako hondakinen biltegi bat apurtzea... Brasilek une benetan zailak bizi ditu Jair Bolsonaro presidente ultraeskuindarraren aginte pean

Brasilek oso une zaila bizi du, Jair Bolsonaroren gobernuarekin. Gobernu hori koronabirusaren pandemiaren ukazioagatik nabarmendu da, batetik, eta, bestetik, bere eraginkortasunik ezagatik, eta bere boterea eta autoritarismoa handitzeagatik. Horri Brasilgo beste baldintza batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola sektore pobretuen tasa handia (19 milioi pertsona gosea pasatzen) eta herritarrak artatzeko baliabide falta. Aldi berean, hor daude Brasilgo ekonomiaren gaitz endemikoak, besteak beste, estraktibismoaren aldeko apustua, Amazonia eta gisako ekosistemetan eragin zuzena duena; eta meatze, hidrologia eta beste megaproiektu batzuen neurri eta segurtasun falta, azken urteetan gertatu izan diren moduko hondamendien eragile. Azkena martxoaren 25ean gertatu zen, Godofredo Viana udalerrian (Maranhão), herrialdeko urre meatze eremu handienean, Aurizonan, beste hondakin biltegi bat kolapsatu baitzen. Ezbehar hori Mariana (2016), Brumadinho (2019) eta Florianapolisekoei (2021) gehitu behar zaie.

Martxoaren 31n, Tchella Masso antropologo feministak une honetan milaka brasildarrek pairatzen duten frustrazio eta mina biltzen dituen mezu bat zabaldu zuen: «Oso gogorra da... malkoak begietan eta amorru handia... janariaren prezio neurriz kanpokoengatik, gose handiarengatik, ospitale beteengatik, heriotzengatik eta heriotza gehiagorengatik; eta militarrak, presidentea bera barne, argi eta garbi indarkeriaren eta sexu abusuen alde daude». Hitz horiek bultzatu zutena, urte honetan konstante bihurtu diren arrazoi horiez gain, 1964an Brasilen diktadura militarra ezarri zuen estatu-kolpearen urteurrena da. Izan ere, Braga Netto Defentsa ministro izendatu berriak kolpe hura ospatu zuen: haren ustez, herrialdea «baketu» zuen Martxoaren 31ko Mugimenduak.

Brasilen diktadurak urte horretatik 1985era arte iraun zuen, eta ezkerrak errepresio handia jasan zuen, atxiloketak, torturak, heriotzak eta desagertzeak barne. Egiaren Batzorde Nazionalak (CNV) desagertuak 433 izan zirela ondorioztatu zuen. Amnistiaren Legearekin 25.000 preso politiko baino gehiago atera ziren. Baina diktadura hartako beste ezaugarri makur bat izan zen lurralde indigenen kolonizazioa sustatu zuela –Bolsonarok ere bide beretik jo du–, kontzentrazio esparruak sortuz eta 8.000 indigena erailez.

Baina egitateak, berez, garrantzi gehiago du, aipaturiko Braga Netto Armadako Estatu Nagusiko buruzagia ere izan delako 2019ko otsailetik. 2020ko apiriletik aurrera, «presidente operatibotzat» hartzen dute, Jair Bolsonaro presidente ofizial bezala utziz, baina benetako botererik gabe. Komunikabide batzuek gertaera hau, garai hartan, estatu kolpetzat jo zuten. Baina, berez, Netto orain Defentsa ministro izendatzea aurrekoaren, Fernando Azevedoren irteerak eragin du, hain zuzen, 64ko kolpisten aldeko jarrera hartzeari eta Lularen aldeko erabakiaren ostean Botere Judizialaren aurka agertzeari uko egin ostean.

Azevedok, gainera, Lur, Aire eta Itsas Armadako komandanteen babesa izan zuen. Horrek agerian uzten du Armadako guztiak ez datozela bat Bolsonarorekin, eta haren erabakiek eta politikek krisia eragin dutela haren baitan. Bolsonarok ez zuen militar aktibo bat izan Defentsa Ministerioaren kargua betetzeko, eta Armadako Estatu Nagusiko presidentea zen Braga Netto jenerala izendatu behar izan zuen. Arazoak izango ditu kargutik kendutako komandanteak ordezkatzeko ere, hierarkian hurrengoak ere beraiei atxikiak baitziren. Hori dela eta, Bolsonarok erretiro goiztiarra eman beharko die. Horrek guztiak are gehiago sakonduko du krisia.

Bi egun lehenago, Ernesto Araujo Atzerri ministroak ere kargua utzi zuen, besteak beste, Covid-19aren aurkako txertoen inportazioan huts egiteagatik kritiken jomuga izan zelako.

Auzitegiak

Martxoan, Brasilgo Auzitegi Federalak ebatzi zuen Lula da Silva presidente ohia (2003-2011) ez zutela inpartzialtasunez tratatu ustelkeria ikerketetan, eta horrek «Lava Jato» auzia (Autoak Garbitzea) zalantzan jartzen du eta Jair Bolsonaroren gobernua deslegitimatzen du. Izan ere, kasu horrexek eragin zuen Dilma Rousseff orduko presidentearen aurkako impeachmenta eta horren ondoriozko kolpe instituzionala. Lularen atxiloketa arbitrarioa ere ekarri zuen, eta 518 egun eman zituen kartzelan; auzi horrek, beraz, Lula 2018an hauteskundeetara aurkeztea eragotzi zuen, eta Bolsonarok boterea eskuratzea ahalbidetu.

Kasua Sergio Moro epaileak eraman zuen. Bere epaia baliogabetu egin zuten, frogatu baitzen Morok, Fiskaltzaren ildoari atxiki, eta epaitzeko zuen papera gainditu zuela. 2021eko martxoaren 23an, Auzitegi Goreneko Bigarren Salak erabaki zuen Moro epaile ohia ez zela inpartziala izan Lularen aurkako epaian. Gainera, interes partikularrak dituela uler daiteke, gero Bolsonaroren gobernuan parte hartu baitzuen Justizia eta Segurtasun Publikoko ministro gisa. Ironiaz, 2020ko apirilaren 24an Morok Ministerioa utzi zuen, Bolsonarok justiziaren kudeaketan izandako interferentziengatik.

Egungo erabakiaren ondorioz, Lulak 2022ko hauteskundeetan lehiatzeko aukera izango du. Bolsonaroren irudia hondatuz joan da koronabirusaren krisian. Arriskua ukatu du eta herritarrak mespretxatu ditu: pandemia «hotzeria» hutsa dela, jendea hiltzen duena konfinamendua dela eta kaltetuei «negar egiteari uzteko» esan die.

Negazionismo hori pandemiaren kudeaketan islatzen da. Lehenik eta behin, Nelson Luiz Sperle Teich Osasun ministroa bota eta Eduardo Pazuello jenerala jarri zuen agintean. Sperlek hilabete baino ez zuen iraun karguan, Luiz Henrique Mandettak (2019ko urtarrilaren 16a - 2020ko apirilaren 16a) ordezkatu baitzuen. Martxoaren 16an, pandemiaren unerik txarrenean –12.000 hildako izan ziren astebetean–, berriro aldatu, eta atzera ere medikuntzako profesional bat jarri zuten, Marcelo Queiroga. Pazuello ikerketa judizialaren pean dago pandemiaren kudeaketan ageriko faltak egiteagatik. Aldaketa horiek ere armadaren akidura areagotu dute, erabiliak sentitzen dira.

Informazioek estatu-kolpearen ideia elikatzen dute. Moises Borges MABeko (Urtegiek Kaltetutakoen Mugimendua) koordinatzaile nazionalaren arabera, «Bolsonaro Estatuko poliziak xaxatzen ari da, gobernadoreen aurka altxa daitezen. Kolpe saiakera da hori». Zera gaineratu du, ordea, «Indar Armatuak berak ere ez du Bolsonaro jasaten».

Inkesta guztien arabera, Bolsonaro unerik apalenean dago. Gainera, gertu izan du bere aurkako impeachment bat, eta, beraz, kontzesioak egin behar izan zizkion Centrão delakoari (Erdi Handia), Gobernuko Idazkaritza Nagusiak eta Justizia Ministerioa emanez, hain zuzen Alderdi Liberalari. Centrão exekutiboaren atal bat da, ez gobernuan eta ez oposizioan ez dauden alderdi ez-nagusiek osatuta, oro har, kontserbadoreak. Kasu honetan bezala, gehien eskaintzen duenari laguntzen diote. Horiek izan ziren, halaber, Dilmaren aurkako impeachmentari etekina atera ziotenak, Michel Temerren Brasilgo Mugimendu Demokratikoak (MDB) Lehendakaritza eskuratzeraino (2016-2018).

Covid genozidioa

Brasil da mundu zabalean koronabirusak emaitzarik txarrenak utzi dituen herrialdea: heriotza guztien %21 Brasilen gertatzen dira, eta bertako biztanleria munduko biztanleriaren %2,7 da. 100.000 biztanleko 128 heriotza dira. Horrek zerikusia du Gobernuaren politika ukatzailearekin. Kutsatuak 12 milioi dira. Aste honetan (martxoaren 29tik apirilaren 3ra) 19.600 heriotza baino gehiago izan dira, guztira 330.193. Aurrera eginez gero, adituek ohartarazi dute hilabete honetan 5.000 pertsona hil daitezkeela eguneko.

Eric Nepomuceno kazetari brasildarrak Siriako gerrako biktimekin alderatu du; izan ere, 300.000 hildako zenbatu zituzten. Siriaren kasuan 10 urtean, eta Brasilen kasuan urtebetean. «Bai Sirian bai Brasilen, horrek izen bat du: genozidioa. Eta gure kasuan, arduradun bat dugu: Jair Bolsonaro». Hala ere, berak dioenez, horiek zenbaki ofizialak dira, baina Brasilen ezaugarriak direla eta, askoz gehiago izan daitezke, 400.000tik gora.

Beste herrialde askotan pandemiaren aurkako neurriak ezarri zirenean bezala, arriskugune nagusietako bat favelak ziren, egonkortasun ekonomikotik kanpoko komunitateak direlako, egunerokoan bizi direnak, ezkutuko ekonomian, eta konfinamendua bezalako neurriek zer ahoratu ez edukitzea dakarte; beraz, irten egin behar izaten dute. Gainera, favelek ez dute urik, ezta osasun baliabiderik ere. Hala ere, Gobernua ez zen favelez arduratu, eta batez ere auzo elkarteek eskaini dituzte alternatibak, konfinamendua barne.

Gainera, lehengo mehatxuari birusaren aldaera berriak gehitu behar zaizkio, Manausko andui berriarekin (P1). Uste denez, P1 izan da kutsatzeak areagotu dituena, ustez, bi aldiz kutsagarriagoa delako. Egungo txertaketaren lorpenak arriskuan jartzen ditu.

Egoera hori okertu egin da osasun baliabide urriengatik. Manausen, Amazonian, pandemiaren epizentroetako batean, ospitaleek ez dute oxigenorik gaixoei laguntzeko. Gainera, hiri handietan ospitaleen gaitasuna erabat kolapsatu da (Brasilia %100, Rio Grande do Sul bezala).

Biltegi bat apurtzea

Egoera sanitario eta politiko nahasi horri ingurumenekoa eta gizartekoa gehitu behar zaizkio. Joan den martxoaren 25ean, Aurizona enpresan (Equinox Gold) meatzaritzako hondakinen beste biltegi bat hautsi zen, Godofredo Viana udalerrian, Maranhão estatuan. Hondamendi hau Brumadinho (2019ko urtarrilak 25) eta Marianako (2015eko azaroak 5) eta Florianopoliseko (2021eko urtarrilak 25) eta antzeko ezbeharrei gehitu behar zaie. Moises Borges MABeko kidearen arabera, oraingoan «ez da biktima larririk izan, baina 4.000 pertsonak edateko ura behar dute».

Hondamendia, MABek eskatuta, Maranhãoko Batzar Legegilean urtegiek kaltetutakoen eskubideak bermatzeko lege proiektuaren tramitazioa onartu (66/2021 Lege Organikoa) eta bi egunera gertatu zen (martxoaren 23an).

Aurizona meatze enpresaren lohi toxikoak Tromai ibaia jo zuen, eta inguruko biztanleak hornitzen dituen ur tratamendurako estazioa inbadituz, edateko urik gabe utzi zituen 5 egun baino gehiago. Tromai ibaia kutsatu zen, baita mangladia eta kostako eremua ere. Lehen aipatutako hondamendietan, kutsadurak urtez urte irauten duela egiaztatu da. Enpresak kalteak gutxitu ditu. Kaltetutako lohi eta meatze presa legez kanpoko meatzariena zen, Equinox Gold kanadarrak eskuratu aurretik. 2018an, enpresak beste istripu bat izan zuen, dinamita leherketa bat izan zuen material pilak lekuz aldatzean. Lau mila pertsona inguru kaltetu zituzten.

MABek azaldu duenez, «meatze enpresen beste gizarte eta ingurumen krimen bat da, horiek dira egungo eredu energetikoarekin etekin gehien jasotzen dutenak, eta Brasilgo herritarren aurka daude. Brasilgo meatzaritzako, hidroelektrikoetako eta uretako urtegiek ezin dute proiektu horietatik gertu bizi diren herritarrentzat segurtasun falta, beldurra eta indarkeria ekoizten jarraitu». MABek laguntza kanpaina bat abiatu du larrialdia hilabete batez arintzeko eta 4.000 higiene ekipo, 2.000 elikagai saski eta 360.000 litro edateko ur banatzeko.

Gune honetan Brasilgo urre erreserba mineral handiena dago eta munduko garrantzitsuenetako bat, 750.000 tona aurreikusten dituena. Urrearen meatzaritzak eragin handia du ingurumenean eta gizartean. Aire zabalean egiteaz gain, meatzaritza hau lixibiazioa deritzonean datza. Lixibazioan harri osoa erauzi eta birrindu egiten dute, eta zianuro edo merkurioarekin nahastutako ur soluzio batean garbituz, urre partikula mikroskopikoak harritik bereizten dira. Burdinaren edo kobrearen meatzaritzarekin gertatzen den bezala, ur asko erabiltzeaz gain, emaitzak tonaka lohi hilgarri dira. Zifrak kezkagarriak dira: harkaitz tona bakoitzeko, batez bestekoa 2 gramo urre da. 2 gramo horiek ateratzeko 2.000 litro ur behar dira.

Brumadinhoko hondamendia gertatu zenean, Marianakoaren ondoren, hiru urte eta bi hilabete geroago, meatzaritzako hondakinek alarma piztu zuten. Orduan, 400 hondakin biltegi baino gehiago zenbatzen ziren soilik Minas Gerais estatuan, eta horietako 50 kolapsatzeko arriskuan zeuden.

Meatzaritza mota horri legez kanpoko meatzaritza gehitu behar diogu; izan ere, meategi industrialek bezain jarduera drastikoa ez dakarren arren, ingurumen eragin ugari ere baditu, hala nola lurren eta uren kutsadura, baita baso soiltzea ere. Pandemiako 12 hilabeteetan Yanomami erreserbaren 500 hektareako baso soiltzeari (500 futbol zelairen baliokidea) edo Mucajai ibaiaren ibilguaren aldaketari buruz hitz egiten dute. Yanomami eta munduruku herriak legez kanpoko meatzaritzaren hedapena pairatzen ari dira beren azalean. FIOCRUZek bultzatutako merkurioaren inpaktuei buruzko ikerketa batek (2020ko abendua) munduruku indigenen %100 kutsatuta daudela adierazi zuen.

Horren aurrean, Gobernuak hori geldiarazteko zer egiten duen galdetu behar dugu berriro. Gogoan izan behar da Bolsonarok, Gobernua hartu zuenean, ingurumena eta indigenak babesteko sistemak kentzea proposatu zuela, eta sistema horiek estraktibismoaren galga zirela. Bolsonarok legez kanpoko meatzaritza liberalizatzeko egindako saiakerak ere salatu ditu MABek, haren jarraitzaileek gobernatzen duten estatu horietan (Roraima eta Rondônia). Roraiman, Batzar Legegileak mineral mota guztien erauzketa askatzeko lege proiektua onartu zuen 2021ean, baina Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen (otsailak 28). Aurreko presidenteak, Michel Temer eskuindarrak, meatzaritzari (urrea, burdina, kobrea) 47.719 km karratuko gune babestu bat ireki zion (Danimarka baino handiagoa).

Beraz, behin eta berriz errepikatzen diren kalteak eta hondamendiak ditugu, Brasilgo ekonomia baliabideak ustiatzean oinarritu baita, etekinak ingurumenaren eta giza segurtasunaren gainetik jarriz. Ezin ahaztu Lularen eta Dilmaren (2003-2016) gobernuak ere estraktibismoan oinarritu zirela, baina inbertsio sozialerako funtsak biltzeko modu gisa hartzen zuten: hezkuntza, energia, etxebizitza, osasuna, etab. Ordutik irabaziak enpresa eta zuzendarientzat dira. Bai Temerren gobernuak, bai Bolsonarorenak, eurak ere kide diren elite bat lehenesten dute.

Amazonia soiltzen

Amazoniako kostaldeko hondamendi hau Amazoniako oihanak jasaten duen etengabeko erasoaldiari gehitu behar zaio. 2019ko suteak historikoak izan ziren, 70.000 sute baino gehiago izan baitziren urtarrila eta abuztua bitartean. 2020an 20.473 izan ziren. Horien guztien arrazoi nagusia gero eta lur gehiago bereganatzea izan zen sojaren monolaborantza edo abeltzaintzarako, baita beste praktika estraktibista batzuetarako ere. Klima larrialdiaren ondoriozko lehorteek ere eragina izan zuten. Gainera, Bolivian eta Paraguain ere gertatu ziren eta, ondorioz, planeta mailako hondamendi bihurtu zen. Bolsonaroren jarrera gai honetan ere ukatzailea izan zen: «Amazonia ez da suntsitzen ari, ezta suak irensten ere». Okerrago da ukazio interesatua, berari ez baitzaio axola ez oihana ez bertako biztanleak, bere elitearen onura baizik.

Iazko erregistroak negargarriak dira, 1,7 milioi hektarea gutxiagotuta, sailkapeneko hurrengo herrialdea (Kongoko ED) baino hiru aldiz gehiago. Batez ere erakusten du Bolsonarok boterea hartu zuen urtean baino %25 gehiago egin duela aurrera baso soiltzeak. Pantanala ere %30 suntsitu zen 2020an.

Su hartzeko joera handiena duten eremuak errepideetatik gertu daudenak dira. Beste mehatxu bat piztu da egunotan Amazonian, Bolsonaroren politika horien eta Amazonia kolonizatzeko nahiaren ondorioz: errepide berri bat, Nova Transamazônica. Manaus Porto Velhorekin lotzen du, eta 270.000 km karratuko eremuari eragiten dio, 25 Kontserbazio Eremu hartzen dituena. Lurrak bidegabe bereganatzea eta jatorrizko indigenekin izandako istiluak salatzen ari dira dagoeneko.