Mirari Martiarena Iraola

«Bankodespaña»

Kurtso bukaera gertu eta urrun ikusten dut aldi berean. Udako oporraldia, bueno, nire kasuan askorenean bezala udako langabezia, dator laster. Usaindu egiten dugu, baina ukitzeko oraindik pixka-pixka bat falta zaigu, azken txanpa dela badakigu eta ez dator nahi ordurako.

Neke orokortu edo kolektiboa sumatzen dut nire inguruan. Bizi dugun egoera ere agian ez delako errazena, edo honezkero aspertu garelako ia urtebetez gauza berak entzun eta irakurtzen.

Aste txarra izan dut, bueno, bolada txarra. Urteroko anginek eta sukarrak utzitako gorputzaldi txarrari ezin buelta emanik harrapatu nau maiatzak. Gaixotzen garenean gorputzak gelditzeko beharraz ohartarazten omen gaitu, diskurtso hori da nik mundu guztiari esaten diodana gaixotzen denean. Baina zer egin dut nik oraingoan? Segi, atsedenaz ahaztu eta burua, eztarria, gorputza estutu.

Euririk ia egin ez, baina ur putzu txikienetan ito naiz. Edalontzia erdi hutsik ikusteko gaitasunik ere ez dut izan, edalontzirik ere ikusten ez nuelako. Dena ilun, dena beltz. Bankodespañak bezala, iragarri du gazteoi (“gazteoi” esan dezaket 34 urterekin?) utziko diguten herentzia ekonomiko eta laborala zaila izango dela. Ez dakit zer ekonomialari egongo diren zuzendaritza horretan, baina mundu guztiak bagenekiena iragartzen ari dira. Bereziki herentzia hori bizitzen ari garelako. Agian pentsatzen dute gaur egun bizitzen ari garen egoera mundu koloretsua dela. Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna izanda ez dugula aldarrikapenik egin behar, ez dugula kalera atera behar. Ziurgabetasunak ez digula estresik edo antsietaterik eragingo. Kaleratzeak, lan prekarioak, aldi baterako lan kontratuak... etorkizuneko kontuak dira Bankodespañarentzat.

Bertigoa ematen dit lanik ez izateak, ez dakit lasaitasunez hartzen eta orduantxe azaltzen dira mamu guztiak berriro. Burua hasi zait bueltaka, bukatzear dudan kontratuaren ondoren lanik izango ote dudan. Ingurukoek lasai egoteko esango didate, beti deitzen didatela nonbaitetik, atsedena ere ongi etorriko zaidala. Baina nire burua, nire jarduna etengabe zalantzan jartzen duten ahotsak ozenagoak izango dira. Beste zerbait ikasi edo beste lanbideren bat aukeratu banu nire bizitza errazagoa izango zitekeela pentsatzera eramaten nauten burutazioak. Edo lan finkoa utzi ez banu horrelako tragorik pasatu beharrik ez nukeela esaten didan oihartzuna.

Abuztutik hona nire lan jardunak ez du etenik izan, egin eta sortu ditudan lan guztietan gozatu dut. Ez dut kalkulatu zenbat gauza idatzi eta esan ditudan, baina bateko eta besteko hitz asko pilatu dira nire ordenagailuko teklatuan eta mingainean. Aste honetan ordea, idatzi beharreko guztiek gain hartu didate. Idazten hasi aurretik ito egin naiz gaiekin, hitzekin, entrega egunekin… Madarikatu dut nire burua denari baietz esateagatik. Eta gauza garrantzitsu bat egin dut, agian garrantzitsuena, dena ilun ikusten dudala aitortu diet lankideei, lehortea iritsi dela nire burura eta negar egin nahi dudala ustez idazteko ideiarik ez dudalako.

Zorteduna naiz miresten eta maite dudan jendez inguraturik nagoelako nire lanetan.

Eskerrik asko nire estutasun honetan indartu nauzuen besarkada eta ahots guztiei. Besarkatu, goxatu eta konfiantza ukendu bat eman didazuelako maiatzera iristeko. Astelehenean kontuak bestelakoak izatea espero dut, bestela hego haizea, ilargia eta Bankodespaña egingo ditugu ispirazio faltaren erantzule. •