> Frankismoaren ingeniaritza soziala

50eko hamarkadan, Gaspar Blein arkitektoak Gasteizko Zaramaga auzoa eraikitzeko plan partziala diseinatu zuen eta familia txiroentzat gorde zituen etxebizitzarik txarrenak, kutsadurari aurre egiteko harresi gisa eraikiak.

Euskadiko Arkitektura Institutuak (EAI) Twitterren argitaratutako hari batek gogora ekartzen du auzo hori nola eraiki zen, Gamarra eta Betoñuko industrialdeetako enpresek sortutako kutsadurari aurre egiteko hesi gisa diseinatuta.

EAIk Josu Santamarina historialariaren lan bat hartu du iturritzat, eta gogorarazi du kutsadurari aurre egiteko irtenbidea “harresi babesle” gisa etxebizitza bloke luze bat eraikitzea izan zela, parkeak, berdeguneak eta dendak auzoko hegoaldean babestuta utzita.

Jakina, gutxik nahiko zuten “harresian” bizi, eta frankismoak “espazio-bereizketa” ezartzea erabaki zuen. 7.000 pertsona baino gehiago lau klaseren arabera banatu zituen: klase “apala”, peoiek osatua; “ertaina”, langile espezializatuek osatua; “ertain diruduna”, funtzionario eta profesional liberalena, eta “diruduna”, exekutiboena eta «profesional agurgarriena». EAIren arabera, «Auzoaren aurkezpenak berak erakusten du arkitektura erregimenaren beste tresna bat bezala erabili zela».

«Baina, denborarekin, auzoa mekanismo horien aurreko erresistentziaren eredu ere bihurtu zen: 1976ko martxoaren 3an».

> Sarrionandia itzuli zeneko sutea sareetan

Joseba Sarrionandia Euskal Herrira itzuli zen albisteak sekulako oihartzuna izan zuen sare sozialetan. Ongietorri mezuz bete ziren berria zabaldu orduko, gehienak Euskal Herritik bidalita, baina baita Kataluniatik eta beste toki batzuetatik ere.

Fermin Muguruzak, nola ez, “Sarri Sarri” abestiarekin egin zion ongietorria. Jende ezagun eta ezezagun askok berehala bidali zioten beren ongietorria. Jasone Agirre parlamentari abadiñarrak, horrez gain, zorionak eman zizkion “Anboto” Durangaldeko hedabideari «denok egin nahiko genukeen elkarrizketagatik». Sortuk iurretarrari eta berarekin itzuli zen Agustin Azkarate iheslari errenteriarrari eman zien ongietorria.

> AHTren gaineko kalkuluak, «bihotzarekin» eginda

Joan den igandean liskar nabarmena izan zen sareetan AHTren kontura. Mikel Otero EH bilduko legebiltzarkideak eta Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak iritziak trukatu zituzten «bihotzarekin» kalkulatutako epeen inguruan. Izan ere, Garraio sailburu Iñaki Arriolak Forum Europan aitortu zuen Abiadura Handiko Trena amaitzeko epeak «bihotzarekin» zeudela planteatuta, «gauzatzeko aukerekin baino».

Obrak hasi zirenean, Alvaro Amann sasoiko sailburuak adierazi zuen lanak 2010ean amaituta egongo zirela, eta horrela izan ezean, «herritarrek gorriak ikusiko» lituzketela.

Arriolaren hitzek proiektuaren aurkarien kritikak piztu zituzten; besteak beste, Mikel Oterorenak: «Ez da lelokeriak esateko garaia, erantzukizunak onartzeko garaia da».

> Baigorri eta Ortzaize ibarretako euskara

Koldo Zuazo hizkuntzalariak Nafarroa Beherean 2018tik egindako lana argitaratu berri du Euskal Herriko Unibertsitateak: “Baigorri eta Ortzaize ibarretako Euskara”.

“Sarako euskara” lana amaitu orduko ekialdera jo zuen hizkuntzalari eibartarrak, Baigorri eta Ortzaize ibarretara, hain zuzen. Ohi duen moduan, bertatik bertara aztertu zuen Lapurdiren eta Nafarroaren mugako ibar horietan dauden hamaika herrietako euskara.

Zuazoren azken liburu honek atal nagusi bi ditu: gramatika eta hiztegia. Gramatikaren atalean inguru hartako euskararen egitura erakusten du, oinarrizko gertakariak. Hiztegiari dagokionez, oso oparoa dela nabarmendu beharra dago, 4.625 sarrera, 934 azpisarrera, 75 esamolde eta 35 esaera eta esaera zahar biltzen baititu: «Azken batean, gaur egun Nafarroa Beherean egiten den euskara ezagutzeko bitarteko egokia».

> Giza eskubideei buruzko jokoa

Giza eskubideen egoerari buruzko jokoa prestatu du EAEko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak, Trivial baten antzekoa. Munduak bizi duen egoerari buruz ikasteko aukera ezin hobea da. Eta sari bat ere eskuratu genezake.

Giza eskubideen gaineko ezagutza maila zein den jakiteko jokoa da Begiratu. Web orrian (www.ongdeuskadi.org) sartu eta, izena eman eta gero, hamar galdera erantzun behar dira. 

Hainbat gairen gaineko galdera bakoitzari erantzun eta gero, gaiari buruzko azalpen txiki bat eskaintzen da. Lehen galderarekin jakin ahal izan dugu galtza bakero pare bat ekoizteko 3.000 litro ur behar direla. Asmatu dugu. Aurrera goaz...