Amagoia Mujika Telleria
infraganti

NEXTOR ETA AITOR OTAñO

Nexgraff. Grafiti sinadura horrek jantzi ditu hainbeste pareta azken urteotan Pasai San Pedron eta inguruan. Lokala eta globala txirikordatzen dituzten paretako oihuak dira. Maialen Lujanbio eta Wiz Khalifa; sortzeko artearen eta zirrararen herrikoak biak. Nexgraff horren atzean daude Aitor eta Nextor Otaño aita-semeak. Ez da belaunaldi batetik bestera igaro den talentuaren istorioa. Ez da aitak semeari transmititu dion zaletasuna. Biak elkarren ondoan ibiltzen ari diren bidea da. Eta Nextor dagoeneko ari da nabarmentzen, Espainiako Grafiti Ligan lehen postua lortu baitu.

gara-2021-04-29-Reportaje

Nextor Otañok (2003) betidanik marrazten du, umetatik. Eskolako koadernoen izkina eta zirrikituak horren seinale. Hamahiru urte zituela grafitiak tentatu zuen, paretak hartu zituen begietan, eta lagun batekin hasi zen marrazketaren bide berriak urratzen.

«Letrak egiten hasi nintzen, nire sinadura. Horretan hasia nengoela, gurasoei aipatzea erabaki nuen, batez ere arazoak izan nitzakeelako». Aitorrek ondo gogoan du behin autoan errepidean zihoala kamioi batean grafiti sinadura mordoa ikusi zituela eta tartean oso-oso ezaguna egin zitzaion “Nex” izena. «Berehala konturatu nintzen hori Nextorrena zela eta bere zaletasun hori bideratu egin behar genuela erabaki genuen».

Aitor Otaño ikasketaz ingeniaria da eta egun irakaskuntzan dabil. «Niri betidanik gustatu izan zait margotzea. Margolaria izan nahi nuen, baina gurasoei ez zitzaien ofizio serioa iruditzen. Ingeniaritza ikasketak bukatu ondoren urtebete egin nuen Londresen. Berez ingelesa ikastera joan nintzen, baina benetan margotzera joan nintzen. Bertako galerietan ibili nintzen, nire koadroak aurkeztu nituen eta erakusketa bat ere egin nuen. Margotzeko denbora hartu nuen Londresen eta ekoizpen handia izan nuen. Baina gero, Euskal Herrira bueltan, egunerokoak jan ninduen eta nire jarduera moztu egin zen hamahiru urtez, Nextorrek grafitiak margotu nahi zituela esan zuen arte».

Grafitiek ez dute izen ona, bandalismoarekin lotu ohi dira eta ez da arraroa poliziarekin arazoak izatea. «Esprai potoa astintzean egiten den soinua entzunda jende asko adi jartzen da, eskuetan arma bat bagenu bezala. Denetarik gertatu zaigu; ura bota digute balkoietatik, oihu egin, iraindu... eta kasu guztietan grafitia egiteko baimena genuen. Komunikabide batzuetan zabaltzen diren mezuak ikusita badirudi grafitigile guztiak bandaloak direla, gaizkileak, trenak eta eraikuntzak zikintzen dituztela. Eta hori ez da egia. Nextor grafitiak egiten hasi zenean bide horretan bideratzea eta laguntzea erabaki genuen etxean. Eta nik pentsatu nuen niretzako ere aukera bat izan zitekeela, margotzeko aukera bat. Aurretik ez nuen espraia probatu inoiz, aurretik olioarekin margotu nuen. Olioarekin lan egitea kozinatzea bezala da, nahasketak egin behar dira eta prozesua mantsoa da. Espraiarekin emaitza arratsalde batean bertan ikusten da. Espraia probatu genuenean izugarri gustatu zitzaigun bioi».

Garai horretan Donostiako Egia auzoan zeukan Mikel Herrerok Innovart estudioa eta espraiak maneiatzen ikasteko ikastaro batean eman zuten izena. «Ikastaroa ateratzeko gutxienez lau pertsona behar ziren. Nik eta bi lagunek eman genuen izena, baina ez zen nahikoa. Azkenean aitak ere izena eman zuen laukotea osatu eta ikastaroak aurrera egin zezan. Azkenean aitak eta biok bukatu genuen ikastaroa, beste bi lagunak aspertu egin zirelako», kontatu du Nextorrek.

Teknika hobetzen

Grafitia alor zabala da. Berezkoa dauka aldarrikapena eta kritika, bada pareta bat oihuka. «Badira adrenalinagatik bakarrik aritzen direnak, beren marka ahalik eta leku gehienetara eta zailenetara iristeko helburua dutenak. Horregatik margotzen dituzte trenak eta kamioiak, beren marka urrutira irits dadin. Baina grafitia ez da hori bakarrik, alor oso zabala da eta askotariko sortzaileak aritzen dira grafitigintzan». Nextorrek berak garapen batean sartuta dagoela sentitzen du, «hasieran banuen oihu egiteko beharra, hemen nago esatekoa. Orain gehiago ari naiz teknika hobetzen, artista desberdinak ezagutzen, zer egitea gustatuko litzaidakeen hausnartzen».

Batxilergo Artistikoaren bigarren urtea ikasten ari da, dagoeneko selektibitatearen bezperatan dago, horixe du oraintxe pintatu beharreko pareta. Arte Ederren Fakultatera joatea da bere asmoa eta bizimodua sortzaile modura atera nahi du. «Muralak egiteaz gain dibertsifikatu egin beharko dut; euskarri desberdinetan aritu, ikastaroak eman... bide horretatik joatea gustatuko litzaidake. Bide horretan jarri nahi dut eta ikasketak horretara bideratu. Sortzaileak ezagutu nahi ditut, grafitilariak ezagutu... artista giro batean egon nahi dut, kalean mugitu».

Sortzaileentzat espazioak

Lau urte daramate Nexgraff bezala lanean Nextorrek eta Aitorrek. Dagoeneko izen bat badaukate eta gero eta enkargu gehiago iristen zaizkie. Baina hasiera ez da samurra izaten. «Hasieran ez zara ezaguna, joan eta pareta bat hartu behar duzu eta edozer gerta daiteke. Arriskatu egin behar zara. Askotan egiten dugun kritika bat da; herri guztietan daude futbol zelaiak eta pilotalekuak edonork kirol horiek praktika ditzan. Eta paretak? Zergatik ez daude margotzeko paretak? Zergatik ez daude nahi duenak marrazkiak egiteko eta adierazteko tokiak? Hori aldarrikatzen dugu guk beti, sortzaileek ere behar ditugu espazioak», bota du gogoeta Aitorrek.

Lokala-globala jokoa

Beraiek Pasai San Pedron bertan hasi ziren, egun argiz, guztien bistara, pilotalekuaren atzeko aldeko pareta margotzen. «Errioxan etxe bat daukagu eta bertan pareta batean egin genuen grafiti bat. Hor ez dago arazorik toki pribatua delako. Sare sozialetara igo genuen irudia eta lagun batzuek eskatu ziguten Pasai San Pedron grafiti bat egiteko, aldarrikapen sozial batekin lotuta. Eta gero hasi ginen lokala-globala jokoarekin, Wiz Khalifa eta Maialen Lujanbio marraztu genituen», azaldu du Aitorrek.

Nexgraff sinadura pean belaunaldi desberdinak igartzen dira, Euskal Herritik mundura zabaltzen den begirada sumatzen da, aita-semeen arteko dialektika.

«Nik orain errealismoa komikiarekin, karikaturarekin, nahasten dudala esango nuke. Aitak gehiago espresionismoa lantzen duela uste dut. Batzuetan talka egiten dugu, grafiti bat egitea tentsio handikoa delako, lan fisiko oso gogorra delako. Baina moldatzen gara», esan du Nextorrek.

Fisikoki lan gogorra da. «Espraia txarra da, produktu kimikoak ditu eta maskarak eramaten ditugu horiek ez arnasteko. Azala erre egiten zaigu askotan. Horrez gain, fisikoki ahalegin handia eskatzen du, eskaileran igo eta jaitsi aritzen gara etengabe. Grafiti bat margotzea koreografia bat egitea bezalakoa da, mugimendu zehatzak eskatzen ditu, behin eta berriz errepikatu beharrekoak. Benetan lan oso fisikoa da, gorputza ez ezik arima jartzen duzulako lan horretan, zure sentimendu osoa», jarraitu du.

Sortzailea kalean aritzen da eta sorkuntza lanaren tokia kalea da, horrek dakarren guztiarekin, denboraren joanak eta eguraldiaren gorabeherek ere marka propioa uzten baitute grafitian. «Grafitia horrela da, gauza bizia da. Batzuetan sorkuntza lana eraldatu egiten da eta hobetu, denboraren eta eguraldiaren arrastoek mesede egiten diotelako. Enkarguak direnean saiatzen gara ahalik eta hoberen mantentzen. Gerta daiteke hormigoizko pareta batean margotzeko proposamena egitea. Horrelakoetan argi esaten diegu lanak ez duela denbora asko iraungo eta irtenbide bat proposatzen saiatzen gara; adibidez fibrazko panel batzuetan margotu lana eta gero pareta horren gainean kokatu. Enkarguak direnean gure kezka bada lanaren iraupena. Gure kabuz margotzen dugunean ez hainbeste. Grafitia egin, argazkia atera eta Internetera. Gure grafitiak sarean bizi direla esan ohi dugu».

Pareta garbien garaia

Pareta garbien garaian bizi garela dirudi. Aldarrikapenek ez dute luze irauten udaleko langileek maiz garbitzen dituzten paretetan. Ez dago ondo ikusia herriak paretetan oihu egitea. «Pandemiarekin areagotu egin da joera. Guri ez zaizkigu pareta garbiak gustatzen, Pasaiakoak gara. Non jaio eta hazi zaren esanguratsua izaten da. Industria eraikuntzak izugarri gustatzen zaizkigu eta eraitsi beharrean beste erabilera bat eman behar zaiela uste dugu. Gure herriaren historia kontatzen dute eraikuntzek eta paretek. Dibertsitatea gustatzen zaigu, ez homogeneotasuna. Pandemiarekin eta murrizketekin harrituta gaude, ez dakit nola aterako garen honetatik», iritzi dio Aitorrek.

Pareta zikinak ikustetik sortzaile baten lana eta talentua ikustera dagoen saltoa ez da samurra eta ez da espero jendarteak osotasunean ematea. Baina gogoeta bat dauka jendarte honek zorretan sortzaile askorekin. «Sortzailea begiratzeko modua aldatu beharko genuke. Eskolan, adibidez, sortzaile ia denak ez dira ulertuak sentitu. Matematikan ona bazara, primeran. Marrazten ona bazara, horrek zertarako balio dizu? Begirada hori aldatu beharra dago», bota du Nextorrek. «Aitortu behar dut grafitiak margotzera bultzatu ninduen irakasle bat izan nuela, Haritz Casabal. Bera ere aritzen zen eta asko lagundu eta babestu ninduen», gaineratu du. Baina, orokorrean, sortzaileak detektatzeko eta baloratzeko zailtasunak izaten ditu jendarteak berak eta hezkuntza sistemak. «Pentsa, kirolari oso ona baldin bazara, kredituak lor ditzakezu, bekak lor ditzakezu. Eta artista baldin bazara, zergatik ez? Aurrekoan irratiko elkarrizketa batean bota genuen gogoeta hori eta Nextorren irakasle batek deitu zigun Batxilergoan proposamen hori egingo duela esanez. Bere irakasle askok hori galdetzen diote: nola egin ditzake eskolako lan guztiak eta, gainera, grafitiak, enkarguak, lehiaketak... egiteko denbora topatu?».

Hamahiru urte zituela hasi zen eta hamazazpi urte ditu. Oraindik bide luzea aurretik. «Espraien teknika oso zaila da eta ordu asko eskatzen ditu. Ordu asko eman behar dituzu kalean margotzen teknika fintzeko».

Espainiako Grafiti Liga

Aipatu bezala, Nextorrek Espainiako Grafiti Liga irabazi du duela aste batzuk. Sare sozialen bidez antolatutako grafiti bataila baten parekoa izan da eta Nexgraff eta Lugoko Diego As izan dira garaileak, berdinketa tekniko bat tarteko. Astez aste igo behar zituzten sortzaileek beren lanak sare sozialetara eta aurrera eginez, finaleraino iritsi zen Nextor Otaño, 64 partaidetan gazteena. «Lagun batek aipatu zidan eta besterik gabe eman nuen izena, itxaropen handirik gabe. Hasierako faseetan gure lanen argazkiak bidali behar genituen eta astez aste batzuek aurrera egiten zuten eta besteak bidean geratzen ziren».

Ligara aurkeztu dituen lan guztiek badute tasun komun bat: pertsonaia guztiak erretzen agertzen dira. «Keak joko handia ematen dit sortzeko orduan, asko gustatzen zaidan elementu estetikoa da. Eta, gainera, egungo gizartearen hipokrisia kritikatzeko modu bat ere bada, debekuaren aurkako oihu bat, egin behar duguna eta egin behar ez duguna inposatzearen kontrako oihu bat».

Finalean Pasaia Lezo Lizeoko –berak ikasketak bertan egin zituen– pareta batean paratu zuen bere lana, lau metro eta erdi zabal eta lau metro luze den murala. “Dimitrius Platon” izena du lanak eta Platonen kobazuloaren alegoriari egiten dio keinu. «Alegoria horren arabera, mugak ez dira ez fisikoak, ez ekonomikoak, ez sozialak… norberak bere buruari jartzen dizkionak dira mugak eta jakintza da bide bakarra. Nextorrek finalean egin zuen ahalegina ikaragarria izan zen. Jende askok zalantzan jartzen zuen berak bakarrik eta egun bakarrean egin zuela murala. Hamasei orduz egon zen eskailera batean igota margotzen, finala sare sozialetan zuzenean eman baitzuten. Finalaurrekoak eta finala zuzenean eman zituzten sare sozialetan», azaldu du Aitorrek.

Apirilaren 3an, Euskal Herriaren zati handi bat Realaren eta Athleticen Kopako finalaren bueltan dantzan ari zen bitartean, Nextor Otaño grafiti bat marrazten aritu zen goizeko 6.00etatik iluntzeko 00.00ak arte. «Ez naiz futbolzalea. Eskaileran igota nengoela entzun genituen etxafuegoak eta jakin genuen Realak gola sartu zuela. Nik beste final bat nuen, garrantzitsuagoa niretzat».

Aitor eta Nextor Otaño Pasaia Lezo Lizeoko ikasleak izan dira. Lehen koadernoen marjinetan zirriborratzen zuen bere gaitasuna Nextorrek eta orain ikastolako pareta batean paratu du modu ikusgarrian. “Gauez bereziki, ederra da argian sinistea”, josi diote mezua irudiari. Nexgraffek ikusi du bere argia eta harantz doa. •