Miren Azkarate Badiola

Ongi etorri, aita

Ongi etorri, aita! Ezin dut beste modu batera hasi gaurko tartetxo hau. Eta, nola ez, ongi etorri ere Joseba! Askotan amestu arren ez nuen uste noizbait iritsiko nintzenik lerro hauek idaztera. Oraindik ere amets bat dela iruditzen bazait ere, ez da, lerro hauek idazten ari naiz, errealitatea da. Oraindik ere sinesten ez dudan egunak bizitzen ari naizen honetan gaurkoan, banekien horrela hasi behar nituela lerro hauek, nahiz eta ez jakin oso ongi nola jarraitu.

Emozio handiko egunak izaten ari dira, poza gailentzen den arren, ezin uka sentimendu kontrajarriak ere baditudala; beldurrak, tentsioak, urduritasuna, tristura oraindik etxeratzeko falta direnengatik eta haien senideengatik…

Zurrunbilo handi batean sartuta daramat azken astea, Kubako urakan batek gorputz osoa zeharkatuko banindu bezala sentitzen naiz. Arestian aipatutako sentimenduen kudeaketaz gain, egoera berriak eskatzen duen guztia ere kudeatzen ari naiz eta, nola ez, jaso ditudan mezu eta dei andanak ere. Bide batez, pertsona horiei guztiei milesker bihotzez.

Aitaren itzulera honekin zirkulu bat ixten dela iruditzen zait. Ni jaio nintzenerako aita Ipar Euskal Herrian iheslari politikoa zen, bi urte nituela torturatu eta espetxeratu egin zuten, eta lau urte ez nituela Kubara joan zen. Gaur, nire haurrak nik garai hartan nuen adin berbera dutela Euskal Herrira itzuli da aitona, kuriosoa behinik behin. Urte gehiegi senide eta lagunengandik banatua. 34 urte deserrian, besoak zabalik artatu duen herrian, milesker Kuba.

Hasi bezala amaituko dut gaurkoan, irakurle: ongi etorri, Joseba eta ongi etorri, aita! •