Iker Barandiaran

Aldaketa eta aldaerak

Goizeko 09:00ak dira, taberna zabaldu berritan nago eta segidan bost gazte –ikasle– etorri zaizkit kaña bana eskatzera. Luzaroan atonduta dudan lokalaren apainketa eta mimoz luzaroan landu dudan taberna giro bereziak sasoi ilun honetan ez du ezertarako balio; bezeroak soilik edana eskatzera sartzen dira taberna barrura eta inongo nortasunik eta musikarik ez duten terrazetan pasatzen dute eguna, egun osoa. Badira hilabete asko –agian urtebete– ez ditudala ezagun eta lagun asko ikusten, soilik beste taberna bateko terrazan biltzen direlako, eta jada ez da inor –behin lekua aurkituz gero– terrazaz inola ere aldatzen. Terrazako eserlekua ei da askorentzat ondasun kuttuna. Nortasun gabeko garai hauetan, gainera, ezlekuak, inongo berezitasun gabekoak zirenak eta direnak dira irabazten irten direnak. Ahalegin berezirik gabe gaur egun beste edozeinen parera daude onerako eta txarrerako; izan ere, gauza bera eskaintzen dute: hau da, mahaiak, aulkiak eta edana. Badirudi ez dugula besterik behar. Hain konformistak bihurtu gara?

Lagun bat daukat azken asteotan galdezka datorren urtean egin nahi den kontzertu baterako sarrerak erosteko presaz, laster agortuko direlakoan. Ez dakit ordurako non eta nola egongo naizen, ez garen, ez bera ez taldea, ezta ni neu ere. Musika taldeak egitekoak ziren bira desberdinen kartelak urtea aldatuta amortizatzen dabiltza behin eta berriro; diseinatzaile gajoak. Kontzertuak jarrita ikusi nahi ez dituztela dioten horiek dagoeneko erabat ahaztu dute ikusi zuten azken zuzenekoa eta seguruenik dagoeneko ipurdia handituta izango dute terrazen ohituraren poderioz. Aseguru enpresak aspaldi hasi dira kontzertuen kantzelazioaren kostua bermatzeko negozioan; perimetrala eta ez dela hor ere badago non arrantzatu, jakina. Kontzertuak talde, areto eta eragileentzat ahalik eta errentagarrienak egiteko testuinguru zail honetan musika talde askok ez dakite non jarri indarrak: lehen pasean, bigarrenean edo bietan; baina tamalez orain entseatzeko oztopo ugari dituztenez eta kontzertuak noiz edo noiz bakarrik izaten dituztenez, ez daude sasoi onenean eta batzuetan guztia ematea kostatzen zaie. Pasatu zait, baita ere, gosaldu berritan kontzertu areto batera musika talde bat ikustera sartzea; edo handik irteterakoan zein jatordu egin behar dudan argi ez izatea.

Hain gutxi behar dugu, halako premia daukagu, (ia) edozerk asetzen eta pozten gaituela. Izan ere, testuinguru aspergarri eta luze honetan edozein kontzertuk, edozein ospakizunek, akaso betiko lagun dituzunekin bi trago hartzeak balio itzela dauka, eta hala bizi dugu. Horrek alde ona dauka, baina baita txarra ere: kritikotasuna ere galtzear gaudela dirudi.

Argi eta garbi galdu dugun beste aukera bat inprobisazioarena da. Ezer gutxi inprobisatu dezakegu guztia hain mugatuta dagoenean eta, ondorioz, edozertarako aforo, ordutegi eta mugikortasuna zorrotzagoa eta txikiagoa izanik. Planak epe luzera egin behar dira, bestela ez dago ezertarako marjinarik. Galdu da (momentuz) bat-bateko nahi eta desioak gauzatzeko magia.

A, bai, mendia gelditzen zaigu, beti mendia. Baina euskaldunon DNAn ustez betidanik egon den zaletasun hori hain muturreko bihurtu da luzez, jende asko berorretaz nazkatzeko puntuan dagoela.

Ez dira ez, hauek kontu larriak, baina bai urtebete honetan bizi izan ditugun aldaera eta aldaketen ispilu. Garrantzitsua da egoera desberdinetara egokitzen jakitea, baina ez dezagun ahaztu izan ginena eta izango garena. •