Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

ANTZOKI OKUPATUA, PIZTUTAKO HERRITARRA

Bob EDME
Bob EDME

Zein isil eta triste dauden antzokiak. Aulkiak hutsik, argiak itzalita. Osasun larrialdiak estutu gaitu eta lehentasunezkoak bakarrik baimendu dizkigu; arnasa hartzea, jatea, lanera joatea. Erabakiak hartzen dituztenek erabaki dute zer den «ezinbestekoa». Eta haiek jositako neurrietan eta arauetan gabiltza, hutsik eta itzalita, antzokiak nola. Antzoki Okupatua izeneko elkarteak bota du oihua, «guztiak gira esentzialak» eta antolatu du protesta Donibane Lohizune eta Ziburu artean. Herritarrak kultura behar du ondo bizitzeko. Antzokiko aulkian eseri eta istorioak entzun, doinuak ikusi, urrunekoa dastatu, gertukoari buelta eman. Lehentasunetan nahastuta ibili izanak korapilatu gaitu osasun larrialdi honetan eta zerbait ikasia beharko genuke honezkero lehentasunen inguruan. Antzokiko aulkian eseri eta argia pizten denean pizten da herritarra. Kulturak janzten du herritar kritikoa. Gauza bat da bizirautea eta bestea ondo bizitzea. Eta herriak kultura behar du ondo bizitzeko.