Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

Aulkiak eta kaperak

Gerrit Rietveld, Piet Mondrian eta beste hainbat artista herbeheretarrekin batera, De Stijl mugimenduko kide izan zen 1920ko hamarkadaren bueltan. Lehenengo Mundu Gerraren ondorengo urteetan, giza ordena harmonikoan oinarritutako utopia berri bat bilatzen zuten eta tresna bat proposatzen zuten horretarako: forma.

Mondrianek pinturaren bidez egin zuen ikerketa formal hori: hondo zurixkako koadroak, marra beltz horizontal eta bertikalez zatikatuak mosaiko baten moduan, eta kolore primarioak han-hemenka. Rietveltek, bitartean, arkitekturarekin bidez ikertu zuen forma. Forma da arkitekturaren funtsa, funtzioarekin batera, eta bi hauen arteko mendekotasun gurutzatuek arkitekturaren historia ulertzen laguntzen dute. Ikerketa formal hauek, maiz, baldintza funtzional handiegirik gabeko objektuak diseinatuz egiten dira. Adibidez, eguneroko objektu domestiko bat; esaterako, aulki bat.

Aulki gorri eta urdina da Rietvelden lan ezagunenetarikoa, plano bertikalaren eta horizontalen interakzioa ikertuz sortua, 1918an –kurioski, De Stijlen ikur diren kolore primarioak 1923an gehitu zizkion–. Hamaika dira arkitektoek diseinatutako aulkiak: Rietvelden beraren Zig-zag, Frank Lloyd Wright-en Robie, Mies van de Rohe-ren Bartzelona aulkia, Lina Bo Bardi-ren Bowl Chair, Frank Gehry-ren Wiggle Chair, Zaha Hadid-en Z Chair… Rietveldek zioen altzarigintzak, konfort fisikoaz gain, izpirituaren ongizatea eta konforta ere bilatu behar zituela.

Kaperetan ere azaltzen zaigu izpirituaren ongizatearen eta konfortaren ideia. Kaperen kasuan, formarekin, espazioarekin eta materialitatearekin esperimentatzen da, baina, aulki baten kasuan ez bezala, arkitekturaren funtzio primario bati ere erantzuten zaio: aterpeari. Hala egin zuen Luis Vallet-ek Euskal Herriko txoko ederrenetariko batean: Aita Donostiari monumentuan, Lesakako Agina gainean, Oteizaren estela-eskultura alboan duela. Oskol itxurako hormigoizko paraboloide xume bat izpirituaren konforta bilatzeko. Otutzen zaizkidan kapera ederren artean daude Zumthor-en San Benedikto eta Bruder Klaus zelaikoak edo Reitermann eta Sassenroth-en Adiskidetzearen kapera, Berlingo harresiaren perimetroan.

Gizartea abiada bizian sekularizatzen ari den garaiotan, tristatu egiten nau izpiritua eta esperimentazioa lotzen dituzten espazio hauen galerak. Aulkiak ez bezala, kaperak (erlijio zehatz batekin zerikusirik izan ez arren) ez ei dira funtzio garaikideak.

Duela hilabete batzuk borda garaikide efimero bat eraiki zuen Arquimaña bulegoak, Atari elkartearen bitartez, Ataun inguruan. Borda bat ez da kapera bat baina balio lezake, eta pentsatu nuen, agian, ez dakit, hor badela bide bat. •