Marcel Pena
Elkarrizketa
Andoni Lubaki eta Karlos Zurutuza

«Kazetaritza deskubritzen ari den neska hori da errealitate hau hobekien ulertzen duena»

Andoni Lubaki eta Karlos Zurutuza euskal kazetariek Kurdistanen kazetaritza proiektu bat abiatu dute, gatazka guneetan kazetari gazteak formatzeko.

Andoni Lubaki eta Karlos Zurutuza euskal kazetariek gatazka guneetan bertako kazetariak formatzeko proiektu bati ekin diote. Gaur egun, Hego Kurdistanen ari dira lanean, hain zuzen ere, Sulaimaniya, Kirkuk eta Halabja hirietan. Lubakirekin eta Zurutuzarekin batera, hirugarren irakaslea Jewan Abdi da, Ekialde Hurbileko gatazketan espezializatutako kazetari kurdua eta Ronak Press gatazka armatuen sentsibilizazio elkarteko kidea, bi euskal kazetariak bezala.

Kurdistanetik, Lubakik eta Zurutuzak GAUR8rako egindako elkarrizketa batean azaldu dituzte proiektuaren ezaugarriak eta nola gauzatu den. Zurutuzaren hitzetan, «bertako kazetari eta kazetarigaiei oinarrizko tresna batzuk» eman nahi dizkiete, «beren lanek nazioarteko prentsaren estandarrak bete ditzaten, eta erreminta horiek jasotzean, atzerriko kazetariok baino askoz hobeto kontatu dezakete bertako errealitatea». Zurutuzaren ustez, kazetari horiek «bertan bizi dira eta inork baino hobeto dakite zer gertatzen ari den».

Proiektuak Mam Humanitarian Fundazioaren eta Zumarragako Udalaren babesa du, azken horren kasuan lehiaketara ateratako dirulaguntzaren bidez. «Zumarragako Udalaren dirulaguntzen deialdia zabaldu bezain laster eskaera egin genuen eta, zorionez, proiektua gogoko zuten. Gu boluntarioak gara baina hona etortzeak eta bertan hiru aste emateak kostu bat dauka. Udalaren bultzada ezinbestekoa izan da», azaldu du Lubakik. Aipatu bezala, Lubaki eta Zurutuza Ronak Press kolektiboko kideak dira. Gobernuz kanpoko erakunde hau «giza eskubideei eta gatazkei buruz» ari da eta argazki erreportajeak, bideo dokumentalak, erakusketak, liburuak eta hitzaldi eta tailerrak egiten dituzte.

Era berean, proiektua joan den otsailean hasteko asmoa zeukaten, baina, azkenean, covid-19aren pandemiak Irakeko Kurdistanen zuen eragina zela-eta, epeak atzeratu egin ziren, apirilaren 23an hara bidaiatu ahal izan zuten arte. Hala ere, kazetariak dioenez, pandemia dela medio, proiektuaz zuten ideia indartu zuten: «Aspaldi genuen buruan proiektua, baina koberturak kateatu egiten genituen eta ez genion eusten. Hein handi batean, covid-19ak inposaturiko etenak eman digu hausnartzeko aukera eta proiektu bat diseinatu genuen».

«Umiltasun ikasgaia»

Kazetari ezagunak dira Karlos Zurutuza eta Andoni Lubaki, eta ibilbide luzea egin dute nazioarteko hedabideetan. Zehazki, gatazketan nahiz giza eskubideen urraketetan espezializatutako erreportari independentea da Zurutuza, eta hainbat komunikabidetan argitaratu du: Al Jazeera, The Middle East Eye, The Independent, Deutsche Welle, Vicenisión, Politico, Haaretz, The Guardian edo GARA. Hainbat sari jaso ditu nazioarteko kazetaritzan egindako lanagatik. Bestalde, Andoni Lubakik fotokazetari lana egin du Magreben eta Ekialde Hurbilean, eta GARA eta NAIZ, Jot Down, Middle East Eye, Newsweek, Associated Press edo Agence France-Presse bezalako komunikabideekin kolaboratzen du. DKV Fundazioak Espainiako estatuko 40 fotokazetari garrantzitsuenen artean hautatu zuen 2016an, eta Chris Hondros Memorial Award eta Picture of the Year International sariak lortu ditu bere lanak.

Lubakik ibilbide pertsonal eta profesional hori nabarmentzen du ikasle kurduei kazetaritza hobeto ulertzen laguntzeko orduan, eta positiboki baloratzen ditu eman diezazkieketen ezagutzak: «Urte dezente daramatzagu mundu honetan eta badakigu nolakoak diren nazioarteko prentsaren dinamikak; badakigu Associated Press agentziak edo ‘The Guardian’ egunkariak zer motatako lanak espero dituzten gugandik. Eskarmentu hori bertakoei helaraztea oso positiboa delakoan gaude». Hala ere, bi kazetariek nazioarteko aitortza duten arren, Zurutuzak balioa ematen dio bertako kazetariek euren herrialdeetako errealitatea ezagutzeari eta, bestalde, kanpoko kazetariek etengabe ikasten dutela nabarmendu du: «Beti esaten dut azaleko lana izan ohi dela atzerriko kazetariona, Kurdistanen hamaika aldiz egonda ere, bidaia bakoitzean zerbait berria bezain oinarrizkoa deskubritzen dut. ‘Nola da posible halako zerbait ez jakitea gaur arte?’, galdetzen diot neure buruari halakoetan. Besteak beste, umiltasun ikasgai bat da honako hau. Zure aurrean duzun 20 urteko neska hori kazetaritza deskubritzen ari da, baina bera da errealitate hau hobekien ulertzen duena. Berak kontatu beharko lioke munduari».

«Lekukoak dira»

Hain zuzen, formakuntza ikastaroaren helburuetako bat «informazio leiho berriak irekitzea» da, gerrak zigortutako herrialdeetan. Nahiz eta teknologia berriek herrialde horietan gertatzen denari buruzko irudien hedapena normalizatu duten, «arabiar udaberrietan» gertatu zen bezala, Ronak elkarteko kideek adierazten dute gaur egun ere informazio gehiena nazioarteko berriemaileen eta prentsa agentzien bidez iristen zaigula. Lubakiren eta Zurutuzaren helburua da lekukoei «irudi uholde» horren atzean dagoen istorioa osatzeko behar dituzten tresnak ematea eta, hala badagokio, nazioarteko agentzia eta komunikabideekin harremanetan jartzeko. Horixe azaldu du GAUR8rako elkarrizketan Lubakik: «Bat-batean irudi uholdea kudeatu behar da, eta ez da erraza. Edonola ere, gero eta zailagoa bilakatu da errealitatea ezkutatzea ala distortsionatzea, zeren beti dago argazki hori edo bideo hori telefono batez jasoko duen norbait. Agian ez dira kazetariak izango, baina bai lekukoak. Besteak beste, kazetarion gaineko kontrola estuagoa da eta hori osasungarria dela esango nuke».

Proiektua azaltzeko orduan Ronak kolektiboak azpimarratzen duenez, halaber, «modak eta sektoreko bizioek istorio asko errepikatzea eta berrelikatzea eragiten dute», eta, gainera, ez gara gainazalean geratzen, baizik eta desitxuratu ere egiten ditugu gure Mendebaldeko ikuspegitik oso zailak diren errealitateak.

Ezohiko testuinguruak

Gerran dauden herrialdeetako korrespontsal eta kazetari atzerritarren rolari dagokionez, Karlos Zurutuzak besteen gainetik dagoen ezaugarria nabarmentzen du: «zintzotasuna». «Neronek ikusten dudana kontatzea da ardura nagusia egoera horietan, ez besterik. Erreportariok ez gara orojakinak, Rojavan baldin banago ezin dut kontatu momentu horretan Damaskon gertatzen ari dena. Erreportaje bakoitza puzzle bat da: testuingurua, zibilen nahiz ofizialen ahotsak, GKE-en txostenak… Guk horiek bildu eta irakurleari eskaini behar dizkiogu, iritzia berak eraiki dezan, eta ez guk». Azkenik, Andoni Lubakik onartzen du gatazka eremuetako kazetaritza lana «ezohiko testuingurua» dela, baina lan egiteko era betikoa dute: «Kalera jo behar da jendearekin topo egiteko».

Egun gutxiko ikastaro batek kazetaritza hizkuntza erabiltzeko nahikoa ez dirudien arren, Ronak Press elkartearen formakuntza proiektuko ikasle kurduek bi abantaila dituzte: alde batetik, inork baino hobeto ezagutzen dute kontatu nahi duten errealitatea; eta, beste aldetik, izan duten irakasleek inork baino hobeto lagun diezaiekete errealitate hori kontatzen.