Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

«Coach»-ak behar ditugu

The last dance» dokumentalean Michael Jordan saskibaloi jokalari aski ezagunaren bizitza kontatzen da, bere kirol ibilbidean zentratuta bakarrik (agidanez, nahita hartutako erabakia, bere bizitza pertsonalean arreta gutxi jarritako hainbat kapituluk arrasto beltzik ez uzteko). Besteak beste, garbi uzten da, Jordanen ibilbide arrakastatsua ezin dela banandu Phil Jackson entrenatzaileak izan zuen eraginetik. Hain zuzen ere, jokalari hoberena izateaz gain, talde hobereneko jokalaria izatera iristeko mentalitate aldaketa hori erakusten da, enpatia eta estrategia bikainez Jacksonek kudeatuta. Jordanen irabazteko obsesioa eta motibazioa muturrekoak dira, baina eskala txikiagoetan jarrera berdinen eragina paraleloa da.

Ingelesez coach esaten zaio entrenatzaileari. Eliteko atleta edo kirolari guztien ondoan dago coach bat. Enpresa testuinguruan metafora hori erabiltzen dugu coach exekutibo baten lana azaltzerako orduan. Kirolean maila altuetan dabiltzan horientzat bezala, normalizatu beharko litzateke negozioen edo enpresen lidergoan dabiltzan horiek ere behar dutela coach bat. Halaber, norberaren garapen eta esplorazio bide horretan lagunduko dion gida bat behar dute. Jordanek behar izan zuen bezala.

Argitu dezagun oinarrizko ezberdintasun bat, askotan nahasmena sortzen duena. Coachek galderak eginez laguntzen diote bati erantzunak aurkitzen; mentoreek galderak erantzuten dituzte beren esperientzian oinarrituta. «Zer nahi duzu, jokalari hoberenaren saria irabazi urtero edo talderik hoberenean jokatu?», galdera egin zion Jacksonek Jordani, eta iritsi nahi zuen leku hartarako bidean lagundu zion.

Duela 12 urte izan nuen lehenengo «coach» saioa. Hasieran sentitu nuen deserosotasun hura beste baten ahotik nire barruan nituen hainbat galdera entzuteak sortua eta nire ibilbidearen kontrola nik hartzeak zuen garrantzia izan ziren hasierako ikaskuntzak. Eta, ordutik ia beti izan dut nire alboan coach bat; eta, ezinbestekoak izan dira hainbat erabaki hartzerako orduan, erronka bakoitza soluzio bihurtzearen indarraz ohartzeko, aukerak sortzearen garrantziaz jabetzeko, nire bertsio hoberena zein den ikasteko eta norbere-onarpena sustatzeko. Behin eta berriz erakutsi didate enpatia, potentziala maximizatzea, estrategia garbia edukitzea eta taldekideak nire ibilbidean eramatea ezinbesteko parametroak direla edozein lider edo kudeatzailerentzat. Estimu berezia diot coach berezi bati, gizonezkoak gailentzen ziren egoera estigmatizatuetan ausardia eman zidalako. Eta, aurrerago, coach exekutibo ikasketak egiteko bultzada emateagatik.

Nire inguruan jende askok dauka coach bat. Horren abantailak ikusi direlako: norberaren garapenean, enpresaren emaitzetan eta lantaldean sortzen diren dinamiketan. Beste leku batzuetara noanean, ordea, sarri entzuten ditut, «hemen ez dugu hori egiten» edo «ez daukagu dirurik» bezalako antzeko adierazpen ahulak. Aldi berean, beste hainbat bidaia, bazkari, formazio edo antzekoetan askoz diru gehiago gastatzen denean; eta hori ere noski zilegi da, baina horietan dirua gastatzea ez bada kuestionatzen, “berria” den horretan ez delako sinetsi nahi izango da.

Badira beste batzuk «orain ez dut coachik behar, lanpetuegi nago» esaten didatenak. Hortxe dago, hain zuzen ere, errore handiena. Behin batek esan zidan horretara jotzen dut: coach bati ezetz esan behar badiozu, arrazoi bakarra dago, zure emaitzak eta eraginkortasuna dituzun gaitasunen maila gorenean daudela (eta, zure ingurukoek ere horrela baieztatzen dutela). Tamalez, hori ez da askotan gertatzen. •