Joxean Agirre

Garbiketa

Gaurko garbiketa saioa Elliott Murphy-rekin hasiko dut», zioen joan den igande arratsaldean Iban Zalduaren txio batek eta «Gaur igandetako garbiketa, Tom Pettyrekin», esan zezakeen aurrekoan edo «Manfred Mann taldearekin hasi gara» aurrekoan. Plurala erabiltzen duenean emaztearekin edo alabaren batekin irudikatzen dut grazia gutxiko lan horretan eta singularrean hitz egiten duenean bakarrik irudikatzen dut, nik neuk ostegun eguarteetan egiten ohi dudan bezala.

Zergatik ostegunetan? Ez dakit, eguna baldintza ziezadakeen oroitzapen bakarra umetakoa baita eta umetan larunbat arratsaldetan egiten baitzen gurean logelen garbiketa eta ez nolanahikoa gainera, menda-erratzarekin garbitu ondoren, argizaria eman eta hanka banatan trapuak jarri ondoren ballet gisako bat egiten baikenuen distira ateratzeko.

Ni ere, Zalduaren gomendioei jarraiki, kaskoetan musika bandaren bat dudala hasi ohi naiz, baina ezin izaten diot arreta gehiegirik ipini, gerta baitaiteke ontzien garbigailuari Fairy Platinum Plus bat jarri beharrean arropen garbigailuari dagokion Ariel Allin1 bat jartzea edo, musikak zentzuak nahasteko duen gaitasunarekin, kristalak Mistolekin garbitzen hastea ere.

Badu etxeko garbiketa orokor horrek bere poetika. Joan den mende hasieran Frantzian eratu zuten etxekoandreen lehen sindikatuak ere hitz egiten zuen horretaz. Niri garbigarrien iragarkietan zikina ezabatu eta bakterioak desegiteko erabiltzen den hizkuntza belikoa atsegin zait eta sukaldeko harraska azpian gordeta dudan Cillit Bang markako bildumara joan ohi naiz, han armategi bat ezkutatuko banu bezala, eta haiekin deklaratzen diet gerra zikin mota guztiei eta zinez aitortu beharra daukat gauza gutxi direla ederragoak bainuontzi garbi eta distiratsu bat baino. Baina plazer intimo eta gordeak dira horiek. Auzoan ezagutzen ditut emazteak soldata hobea zuelako umeak zaindu eta etxea garbitzeko ardura duten gizonezkoak, baina elkartzen garelarik, ez dugu garbigarriez hitz egiten, futbolaz, eguraldiaz eta Urkulluz baizik. Eta Urkullu aipatu dugunez, horietako batek esan zidan aurreko batean ez duela ezagutzen repris gutxiago duen pertsonarik. •