Nekane Zinkunegi Barandiaran

Hondamena

Etxe apurtua izanda, zutik zaude ukoan / osotasun horregatik, maite zaitut osoan», idatzi zuen Koldo Izagirrek eta abestu Joseba Tapiak, Wafa Idrisen oroimenez. Palestinar gatazkako lehen emakumezko bonba jartzaile suizidatzat hartzen da Idris.

Abesti horretan aipatzen diren oliba mikatz, pikondo erre, mahasti zapaldu edo etxe apurtuen parekoak eta are gauza gogorragoak ikusten ariko dira egunotan palestinarrak. Noiz eta palestinar exodoa hasi zenetik 73 urte bete diren aste berean.

Urteroko eran, gaurko egunez oroituko dute Nakba eguna, Israelgo estatuaren sorreraren egunarekin lotzen dutelako palestinarrek beren hondamena. Haien lurra eta etxea uztera behartuak izan dira, 1948ko maiatzaren 15 hartatik, ehunka milaka palestinar. Tapiaren abestiak dioen eran, «sua bihotzondoan» dute palestinarrek ordutik. Eta aste honetan, Gazako mugan gorpuztu da Israelek palestinarrekiko darabilen bortizkeria. Milaka militar mobilizatu eta bonbak jaurti dizkiete. Hamasek Gazatik Jerusalemera koheteak jaurti ditu, eta aste odoltsua izan da.

Israelek inpunitatez dihardu, besteak beste, AEBek oztopatzen dutelako Israelen jarrera publikoki gaitzesteko nazioarteko erakundeek izan dezaketen asmoa. Baina egoerak ez du hobera egingo nazioarteko komunitateak berehala esku hartzen ez badu, eta estatu palestinarrari aitormen ofiziala egiten ez badio. •