Juantxo EGAÑA

IPAR EUSKAL HERRIKO BASERRI BATEAN, 1870ean

Alphonse Delaunet margolari eta argazkilariak (1845-1916), Baionako Lormand kaleko 19. zenbakian bizi izan zenak, 1870 inguruan egin zuen argazki hau, Ipar Euskal Herriko baserri batean. Irudiari arretaz begiratuta, badirudi egileak emakumearengan zentratzen duela argazkia, bi seme-alabak besoetan dituen amarengan, hazkuntzan, baserriko lanetan. Fokua berarentzat baino ez da, gainerakoa desenfokatuta edo mugituta ageri da. Delaunetek oso ondo deskribatzen digu pertsonaia; garrantzitsuena haren izaera, nortasuna jasotzea da, eta tartean sartzen den ezer ez egotea. Amona baztertuta agertzen da, bigarren mailan, bera ere biloben hazkuntzan parte garrantzitsua den arren. Oinutsik ageri dira baserriaren sarreran, beren inguruneko bizitzaren gogortasuna islatuz. Argazki hau eta egile berak urte haietako Ipar Euskal Herriko bizitza islatzeko egindako beste batzuk Baionako Euskal Museoaren funtsaren parte dira.