Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
{ analisia }

«The Guardian» 200 urtez

Erraz idazten da: bi mendeko egunkaria. Kazetaritza ulertzeko, komunitatearekin engaiatzeko modu bat; instituzio bat eta bere memoria kondentsatua; aro digitalak ekarritako negozio eredu eta paradigma berrien aitzindari. Horren guztiaren errepasoa egitea merezi du.

Egunkariak ez dira inoiz negozio handi eta borobilak izan. Jabeak eta akziodunak ez dira aberasten, eta, askotan, oparitu egin dituzte, beste batzuei «marroia» pasatzen diete. Egunkarien historiak finantza krisiez eta hiltzear egon diren uneez beterik daude eta “The Guardian” ez da salbuespen bat izan. Justizia irakurgarri egiteko jaio zen, baina egunkaria errentagarria izan dadin ia beti borrokan izan da, larri-larri gehienetan. Eta hala ere, egunkari batek 200 urte ospatzea marka handia da. Zorionak, “The Guardian”, eta mende askotarako.

Erraz idazten da, 200 urte! Napoleon Bonaparte Atlantikoko Santa Helena uhartean hil zen egun berean sortu zen, 1821eko maiatzaren 5ean. Eta bi mende geroago, 20 urtez bere zuzendari izan zen Alan Rusbridgerren arabera, 990 milioi euro dauzka bankuan, ordaintzen duten milioitik gora harpidedun eta laguntzaile, AEBetan eta Australian errentagarriak diren operazioak, eta 1.500 milioi irakurle online urtean. Ez dago gaizki, ez, orduko 125 kopia egiten zituen eskuzko prentsa zahar batekin hasi zen egunkari harentzat.

“The Guardian”-en lan egiten duten 750 kazetariek badakite eta informatu dezakete beren aurrekoek Napoleonen heriotzaren berri ia bi hilabete geroago eman zutela. Irlandako Pazkoko Altxamenduan egon zen bere berriemailea, boltxebikeek asaltatu zuten San Petersburgoko Neguko Jauregian bezala. Berriemaile horrek Leon Tolstoirekin egun osoko elkarrizketa egin zuen, eta 1919an motzagoa izan zen beste bat Leninekin. 1871n Pariseko Komunatik kronikak bidali zituen berriemailea izan zuten; 1905ean Irlandako gosete handiaren, 1933an faxismoaren igoeraren eta 1966an Vietnamgo gerraren berri eman zuten. 1938an Neville Chamberlain lehen ministro britainiarrak naziekin «bakea ohorearekin» aldarrikatu zuenean, “The Guardian”-ek ez zuen sinistu. Bai, zalantzarik gabe asko ikusi duen egunkaria da, esateko gauza asko izan dituena.

Dirua jarri zuten lehen inbestitzaileek bazekiten irabazi azkarrik ez zegoela abentura hartan, eta hala ere prest egon ziren beren hasierako kapitala galtzeko. Proiektura batu ziren uste zutelako Manchesterrek, kotoiaren industriaren hazkundearekin eraiki eta fabrikek eta errota berriek bultzatu zuten hiriak, egunkari bat behar zuela, nahiz eta ordurako baziren beste bost. 1819ko Peterlooko Sarraskian aurkitu daitezke aztarnak. Langileen manifestazio baten aurka oldartzean zalditeriak 18 herritar hil eta ia 700 zauritu zituen izugarrikerian.

18 hilabete geroago John Edward Taylorrek plan bat aurreratu zuen “Manchester Guardian” argitaratzeko. Egunkariaren hamabi sortzaileak inkonformistak ziren (Ingalaterrako Elizatik kanpo zeuden protestanteak) eta horietatik hamar unitarioak (erreforma sozialarekin konprometitutako elizakoak). Gehienak ekintzaile aurrerazaleak ziren, kotoiaren komertzioarekin lotura zutenak. Charles Prestwich Scott, Taylorren 25 urteko ilobak 1872. urtean hartu zuen egunkariaren zuzendaritza eta 57 urtez ardura horri eutsi zion, kazetaritzaren figura global nabarmenetako bat bilakatuta.

Nortasuna argi

Lehen Iraultza Industrialeko mundua zen hura, ehungintza eta bapore energiaren inguruan eraikitakoa. Garai bat non Manchesterreko enpresariek egunkari baten boterea erabili nahi zuten boto eskubidea bultzatzeko. Aberatsak zaldian ibiltzen ziren orduan, eta pobreak oinez.

2021. urteko “The Guardian” honek gauza asko bizi izan ditu: bi mundu gerra, depresio handi bat, potentzia industrial bezala Britainia Handiaren igoera eta erorketa, barne errekuntzako motorra, aire bidaiak eta ordenagailuak ekarri zituen berrikuntza teknologikoa. Eta bizi izan da laugarren Iraultza Industrial baten etorreraren lekuko izateko, adimen artifizialean eta bioteknologian oinarritzen den aurrerakuntza komertzialekin.

Kuriosoa da, gaurko hizkeran start-up deituko genukeen enpresa txiki bat bezala jaio zen. Porrot egin ez duen negozioa izan da, ez dute beste enpresa handiagoek irentsi. Eta ez, ez zen jaio egunkarientzat urrezkoa zen garai batean, ez zuten haizea alde izan, ez ziren suziri bat bezala disparatuta atera. Orduan ez zegoen kazetaritza serio, kritiko eta politiko baterako negozio eredurik, ez zen gaur egun baino hobea.

Hori bai, “The Guardian” betidanik marka sendoa izan da eta bere irakurleen leialtasuna ez zaio inoiz falta izan, enpresa batentzat bi-biak direlako une zailenetan aurrera egiteko ezinbestekoak.

Jarrera ezberdin bat izan dute, propioa. Beste denak Londresen zeudenean “The Guardian” Manchesterren zegoen; beste denak eskuinekoak zirenean, ezkerrekoa zen. Ez daude bi mende irauten duten marka askorik. Nola lortu du balentria hori? Segur aski, egitera etorri ziren horren inguruan oso argiak izan direlako: beren kazetaritza asmo eta helburuekiko; egunkari bezala zeini, zeri, zerbitzatzeko dauden; egunkari bat inprimatzeko baino gehiago, kazetaritza irakurleei eskaintzeko.

“The Guardian” ez da, ez denez, iraunkortasun hori erakutsi duen argitalpen bakarra. “The Times” bera 1785ean sortu zen, “The Spectator” 1828an, “The Observer” –“The Guardian”-en egunkari anaia dena– lehen aldiz 1791n inprimatu zen. Iraunkortasun horrek ez du errentagarritasunarekin korrelaziorik izan. Denak egon dira hilzorian, desagertzear, eta denak ohartu dira diru gutxirekin egunkari bat egitea akatsa zela. Egunkariek ezagutu zituzten, aldaketa erradikal eta disruptiboen faltan, une oparoak. Telebista eta irratia hor zeuden, desafioa botatzen, baina errotikako aldaketa horiek gabe une onak ere izan zituzten. Inprimatzeko forma nahiko antzekoa zuten guztiek, eredu komertzial oso oinarrizkoarekin segitu zuten (berriak bildu, inprimatu eta txuri zeuden espazioak publizitatearekin bete).

Iraultza digitalak egunkari denak beren negozio ereduak birplanteatzera eraman ditu. “The Guardian”-ek finantza mailako aliantzak egin zituen, eta segurtasun maila bat eskuratu zuen. Oraindik ere arriskuak badaude, baina gaur-gaurkoz bere irabazien %60 eremu digitaletik datoz eta, hein handi batean, harpidedunek sostengatzen dute.

Printzipioak beti

“The Guardian”-ek argi dauka zein den eta zer interes defendatzen dituen. 57 urtez zuzendari izan zen CP Scott-ek 1921ean argitaratu zuen entsegu gogoangarrian argi adierazi zuen: «Gure balioak zintzotasuna, osotasuna, kuraia, justizia, irakurle eta komunitatearekiko betebeharraren zentzua dira. ‘The Guardian’ beti egon behar da editorialki zuzendua, beti lehenetsi behar du printzipioa irabaziaren gainetik. Sustraiak ditugu, printzipioak dauzkagu, filosofia bat daukagu, balioak. Badakigu nortzuk garen».

Are, entsegu horretan bertan, egunkaria negozioa baino gehiago zela zioen. Instituzio bat bezala ikusten zuen, memoria instituzional bat kondentsatzen zuen, komunitate osoaren bizitza islatu eta beren bizitzetan eragiten zuen. «Edukatu dezake, piztu, lagundu edo kontrakoa egin dezake. Beraz, existentzia moral eta material bat dauzka».

Lau orrialdeko lehen edizioak egunkari guztiei ezartzen zitzaien zergaren –«jakintzaren zerga»– zigilua zuen (eta beste zerga bat publizitate bakoitzari ezartzen zitzaion). Egunkariak elitearentzako izatea bilatzen zen horrekin, baina eskuz esku hegan egiten zuten, plaza publikoetan ahots betez irakurtzen ziren. Ale bakoitza hiruzpalau dozena jendek irakurtzen zuen.

Horrela hasi zen “The Guardian”, helburu horiekin: konfusio askoko mundu batean lekukotza fidagarri bat eskaintzea, eta iritziei forma ematea. Orduko egunkariek hori baitzuten: arima asko eta substantzia gutxi. Bazuten esateko zerbait baina kontatzeko oso gutxi. Egiazki jakiten zena baino askoz ere gehiago pentsatzen zen.

«Iritzia librea da, baina gertaerak sakratuak dira», esan zuen CP Scott zuzendari sonatuak egunkaria sortu eta mende batera. Tarte horretan, egunkaria nabarmendu zen informazio justu eta askotan ausarta ematen, eta iritziaren eragina nabarmentzen. Orduan, gaur bezala, bien artean ezberdintzea inportantea zen.

Paradigma aldatu

Komunikazio talde aurrerazalea da egun, berrien ekosisteman digitalki aitzindaria, kazetaritza digitalaren marka gero eta garrantzitsuago bat. Finantza presioen eta ziurgabetasun orokortuaren olatuetan txanpa ondo hartzen jakin duen gutxienetakoa izan da. Azken bi hamarkadetan bultzatu duen paradigma aldaketari esker, britainiar ezkertiarren egunkaria izatetik, askoz ere publiko globalago bat eskuratzera pasatu da, nazioarteko aitormena jaso du autoritatezko kazetaritzaren ahots bezala. Sinergia egon da ildo editorial eta negoziozkoaren artean, marka posizionamendu bat, mundu mailako beste egunkari eta komunikazio taldeek egin duten bezala.

Jakina, “The Guardian” ez da inoiz unibertsalki miretsia izan, ezta izango ere. Ingalaterrako tabloideek gogor egurtu dute, beraiek ez bezala ekonomikoki bideragarriak ez diren komunikabideak subsidiarioak, bizizale batzuk, direlakoan. Beste batzuek, benetan ezkertiarra dela zalantzan jartzen dute, kritika antikapitalista egin arren kapitalismoa zilegitzen duelakoan, edo bere sortzaileak kotoi industrian jardun ziren esklaboen jabeak izan zirela gogoratzen dute.

Dagoenarekin alderatuz gero, Britainia Handiko beste egunkari guztiekin konparatuz gero, “The Guardian” ezkerreko egunkaritzat hartu izan da. Bai, batzuetan ezkerra dezepzionatu du eta eskuina haserretu ia beti. Eta ezkerreko jendeak, normala denez, beti espero izan du gehiago egunkariaz, ematen duena baino gehiago eskatu dio, segur&dcThree; aski eman ahal duena baino gehiago.

Edonola ere, zorionak.