Xabier Izaga Gonzalez

Legezaleak

NBEren Segurtasun Kontseiluak ez du Palestinako sarraskiaren gaineko mezu ziztrin bat ere plazaratu, AEBen betiko jarrera dela eta. Europar Batasunak, beste horrenbeste, bere kideen jarrera guztiz desberdinak direla eta. Edonola ere, lerrook idazteko garaian badirudi areagotu egin dela Israelen eta Palestinaren arteko su-eten bat deklaratzeko nazioarteko presioa. Nazioarte horretako kide gehienek, hala ere, argi utzi dute beren jarrera gatazka horri dagokionez.

Erresuma Batua, Alemania eta AEBak, besteak beste, Israelen alde agertu ziren, Estatu horrek «bere biztanleria defendatzeko eskubidea duelako»; hori bai, batzuek erantsi dute Israelen erasoek «neurrikoak» izan behar dutela, eta biktima zibilak saihestuz eginak. Gaitz erdi.

Baina arrazoi dute. Areago, Israelek bere biztanleria defendatzeko eskubidea ez ezik, betebeharra ere badu, biztanleria horren parte bat palestinarra dela ahaztu gabe. Eta gainera lurralde okupatuetako biztanleria ere babestu behar du, okupatzailea denez gero, Genevako Hitzarmenen arabera behinik behin. Gaitz erdi.

Espainiak ere bertan behera utzi zuen bere betebehar hori 1976an, Marokoren Ibilaldi Berdearen ostean, Ceutako migrazio krisia delakoak egunotan gogorarazi duenez. Izan ere, deskolonizazio prozesua burutu arte Estatu espainolari dagokio Mendebaldeko Saharako biztanleriaren segurtasuna. Ez nik diodalako, nazioarteko zuzenbideak hala xedatzen duelako baizik.

Espainia, AEBak, EB, nazioarteko komunitatea... legezale amorratuak dira, baina legeria bete «bitartean», hainbat herri eta herritarren bizirauteko eskubidea ere ahaztuta daukate. Ukatuta, alegia. •