Koldo Sagasti

Sarraski ez hain urruna

Lerro hauek idazteko momentuan berrehundik gorakoa da Israelgo okupazio armadak Gazako zerrendan eraildako herritar zibil palestinarren kopurua, eta auskalo zenbatekoa izango den zuen eskuetara iritsitakoan.

Déjà vu makabro bat. Bizpahiru urtean behin, estatu hebrearreko hauteskunde deialdien edo unean uneko lehen ministroaren gaineko ustelkeria salaketen arabera, Palestinako kostaldeko esparru setiatu hura astintzen duen sarraski odoltsu horietako bat. Beste azkoin-buelta bat duela 73 urte abiatutako garbiketa etniko kanpaina amaigabean. Oraingoan bortizkeria gorakadak abiapuntua Jerusalemen duela diote. Eskuin muturreko talde kontrolgabeek, polizia israeldarraren babesarekin, herritar palestinarren aurka eta esanahi historiko bereziko leku sakratuen aurka burututako segada arrazistek aurrekaririk gabeko erreakzio bateratua eragin dute lurralde historiko osoko palestinarren artean; eta erregimen sionistak suari gasolina botaz erantzun du.

Azken egunetakoa garbiketa etniko iraunkor baten aurpegirik latzena da. Baina prozesu baztertzaile hori arrakastatsua izango bada, horren iskanbilatsuak ez diren bestelako tresnak ere baliatu behar ditu, sotilagoak, egunerokoak.

Jerusalemen hamarkadak daramatza apartheid erregimeneko administrazioak hamaika trikimailuz hiriko demografia eraldatu nahian: familia palestinarrak etxegabetuz, auzune palestinarrak birrinduz edo harresiaren bidez hirigunetik bananduz... eta kolonia ilegalei iraunkortasun bermea emango dieten azpiegiturak eraikiz. Eta azpiegitura horietako bat, Beasaingo CAF konpainia Jerusalem Ekialdeko eremu okupatuetan eraikitzen ari den trenbidea, funtsezkoa da palestinarrak hiriburutik ezabatzeko proiektu supremazistan. Horixe da euskal ekarpena uste baino hurbilagoa zaigun sarraski hari. •