Juantxo EGAÑA

ATEGORRIETAKO SARRASKIA, 1931N

1931ko maiatzaren 27ko egunkariek Pasaiako arrantzaleen grebaren eta 26ko goizaldean grebalari batzuk atxilotu izanaren berri eman zuten. 27an, arrantzaleen eskubideak aldarrikatu eta atxilotuen askatasuna eskatzeko, manifestazio bat abiatu zen Pasaiatik Donostiarantz. Ategorrieta parean, Guardia Zibilak geldiarazi eta tiro egin zien manifestariei. Sei langile hil eta 30etik gora zauritu ziren. Balaz zauritutako beste manifestari bat ere hil egin zen egun batzuk geroago. Guardia Zibilaren balek hil zituzten zazpi langileak Antonio Barro, Jose Carnes, Jesus Camposoto, Manuel Lopez, Jose Novo, Manuel Perez eta Julian Zurro izan ziren. Biharamunean, prentsak jakinarazi zuen 27an goiz-goizetik Donostia Armadak hartuta zegoela, Sizilia erregimentuko indarrak hainbat leku estrategikotan, grebalarien aldeko manifestazioak erreprimitzeko. Halaber, manifestazioaren, Guardia Zibilak egindako tiroen eta hildakoen berri eman zuen, eta kontatu zuen nola Ategorrietan zer gertatu zen jakin ondoren manifestari talde batzuek Garibai kalean Hernaniko tranbia irauli zuten eta Donostiako saltokiak itxi zituzten, protesta gisa. “El Día” egunkariak artikulu hau ilustratzen duen argazki bera argitaratu zuen azalean, beste batzuekin eta gerra egoeraren deklarazioarekin batera. Irudien egilea Ricardo Martin izan zen, Donostiako Photo Carte argazki estudioko zuzendaria. Goian, Hernaniko tranbia ageri da, Garibai kalean iraulita.