Amagoia Mujika Telleria eta Iker Gurrutxaga
infraganti

EKIÑE

Ekiñe Casado Uriarte arrasatearra da, 18 urte ditu eta bere lehen diskoa kaleratu du, bost abestiko sorkuntza txikia, lagunartean eta mimoz Shot! grabazio estudioan jositakoa. «Besterik ez» izena du lanak, musikariaren hitzetan horixe baita, «musika besterik ez», bakoitzaren azalean testura propioa hartzen duena. Eta bera Ekiñe da, besterik ez.

Jon URBE | FOKU
Jon URBE | FOKU

Musika adierazpidea da berarentzat. «Musikaren bidez askoz hobeto azaltzen dut esan nahi dudana». Umetatik trikitia eta panderoa jo eta gozatu ditu eta bidaide garrantzitsuak izan dira berarentzat Maixa Lizarribar eta Ines Osinaga, besteak beste. Duela bizpahiru urte igo zen lehen aldiz oholtza gainera gitarra aldean hartuta, Arrasateko taberna batean. Urduritasuna gozamen bihurtu zitzaion segidan eta «oso ondo» sentitu zen oholtzan kantuan. «Esateko zerbait nuela eta parean nituenei esaten nuena interesatzen zitzaiela sentitu nuen. Mikro bat daukadanean, pribilegio hori daukadanean, esanahia daukaten gauzak esateko baliatzea gustatzen zait», azaldu du.

Ekiñe Arrasatekoa da, musika tradizio sakoneko herrikoa, eta horrek badu arrastoa berarengan. «Shot! estudioko Iñaki Bengoak askotan esaten zidan, ‘Ekiñe, zerbait duzunean esan’. Eta banituen sorkuntzak, baina zalantza mordoa ere bai. ‘Jendeari gustatuko zaio?’, ‘Ni ondo sentituko naiz?’. Kostatu egin zait mentalizatzea, nire sorkuntzak jendaurrean aurkezteko pausoa ematea, baina azkenean eman dut. Arrasate oso herri musikala da, talde mordoa egon da beti eta sortzaileek lan asko kaleratu dituzte betidanik. Eragin hori ere izan dut, herriko dinamika horrek lagundu dit». Lagunez inguratuta osatu du bere lehen lana; Maialen Oleaga, Uxue Alkorta, Goiatz Salbador eta Olatz Urkia musikari eta lagunak izan ditu alboan eta horrek ere mesede handia egin diola aitortu du. «Ederra izan da, proiektu honetan sinisten duen jendez inguratuta egon naiz eta hori oso polita da».

“Besterik ez ” lana Shot! estudioan grabatu dute Iñaki Bengoa teknikariarekin. «Aurretik ere estudioren batean izandakoa naiz. Lehenengoz nire lan batekin sartzen nintzen aldia zen honakoa, ordea, eta eskerrak Iñakiri. Otsaileko azken asteburuan grabatu genuen, bi egunetan. Egin eta aurrera. Behin egin eta gero, eskuetan erre egiten didate halako gauzek eta erakutsi egin nahi nuen ahalik eta lasterren. Polita izan zen grabaketan nire kantuak gorpuzten ikustea instrumentu desberdinak gehitzen joan ziren heinean».

Bidearen hasiera izan daiteke

Bost kantu, instrumentazio eta ekoizpen handiegirik gabe, ahotsari behar besteko garrantzia emanaz. Horixe da Ekiñek diskoan eskaintzen duena. «Izenburu hori jarri diot, ‘Besterik ez’, horixe delako. Nik badakit niretzat zer den eta entzuten duen bakoitzarentzat desberdina izatea nahi nuke. Bidearen zatitxo bat da, badakit bidea daukadala egiteko, baina lorpen bat da niretzat: bidearen hasiera, uste dut».

“Atzera begiratu gabe” izeneko kantuarekin hasten da diskoa. Haritz Olaetak idatzitako hitzek atzera ez begiratzeko dioten arren, diskoaren baitan «Bidea da borroka» esaldia txertatu du Ekiñek: «Bidea garrantzitsua da, baina aurrera ere egin behar da. Akatsak egiten dira bidean eta horiek ikasketa prozesurako balio dute, gero aurrera egiteko».

Bere burua entzutean deserosotasun bat sortzen zaio Arrasateko abeslariari, lotsa moduko zerbait: «Ez zait gustatzen jendeak nire aurrean kantuak entzutea. Norberak bere etxean entzun dezala lasai asko, baina nire aurrean ez dezatela diskoa entzun, arren».

“Sormen koma konstantea” kantua Goiatz Salbadorrekin idatzi eta abestu du. Itxialdian sortutako sentimendu bati tiraka piztutako kanta da. «Abestia eta letra itxialdian sortuta daude. Garai hartan, jende pila bat sortu eta sortu hasi zen eta ni berriz oso blokeatuta egon nintzen. Handi etorri zitzaidan egoera hura eta hutsik nuen nire barrua. Denbora guztian pentsatzen eta sortzen saiatzen nintzen arren, ez nintzen gai ezer taxuzkorik egiteko eta haserretu egiten nintzen nire buruarekin. Inpotentzia sentitzen nuen, txarto aurkitzen nintzen nahi nuen hori ezin nuelako sortu».

“Galtzen” abestia instrumentuek presentzia gehien duten pieza da. «Baxuak indarra edukitzea nahi nuen kantu horretan eta lortu dugulakoan nago. Maitasun kantua da. Eta maitasunak badu batzuetan hain ederra ez den aldea eta hori ere azaleratu beharreko zerbait dela uste dut. Batzuetan, maitasunaren alde iluna ere erakutsi behar da».

“Artelana naiz” abestia Ines Osinagaren hitz batzuekin hasten da eta atzetik Maddi Zabaloren letrarekin osatu du Ekiñek: «Justu abesti honekin norbera den moduan onartzeari idatzita dago eta Inesek bere burua sorgina, sortzailea dela dio eta orain ez dakiela non dagoen. Etorriko dela etorri behar dena. Musikak mundua aldatu dezakeela uste du eta nire egiten dut hori ere. Maddiri kontatu nion ez nengoela ondo, ez nintzela guztiz gustura aurkitzen eta horren inguruan abesti bat egin nahi nuela. Uste dut asko sentitu garela ni sentitzen naizen modu horretan, akaso berak ere pixka bat horretatik sentitu zuen eta ongi ulertu zuen esan nahi nuena».

Ekhine Eizagirreren “Alde erantzira nabil” poesia liburuko poema batekin ixten du diskoa “Giltza” abestiarekin: «Ekhineri deitu eta galdetu nion ea zer iruditzen zitzaion bere poema hau erabiltzea, ongi iruditu zitzaion eta baiezkoa eman zidan».

Diseinua Olatz Zuazubiskarrek (Nolabait Ilustrazioak) eta Libe Argoitiak egindakoa da. Lagunak ditu Ekiñek eta pozik dago emaitzarekin, «lan handia egin dute eta eskerrak halako jendea dudan inguruan».

Musikariak eta diseinatzaileak, denak emakumeak. «Proiektua gorpuztu samar zegoenean jabetu ginen denak emakumeak ginela. Ez zen bilatutako zerbait izan, natural sortu zen eta hori askoz ere ederragoa da».

Kontzertu programatzaileei ere eskerrak eman dizkie diskoko eskertza mezuan: «Ni ezaguna izan gabe jotzeko aukera eman didatenei esker ona erakutsi nahi izan diet. Baditut kontzertu batzuk eta pozik nago horrekin ere».

Datozen egunetan baditu hainbat hitzordu, beste proiektu zenbaitetan egindako kolaborazioak batzuk eta bere diskoa aurkezteko kontzertuak besteak. Ekainaren 13an Orioko Gaztetxean arituko da, ekainaren 19an Aramaion eta ekainaren 24an segur aski Arrasaten, oraindik erabat lotu gabe dagoen arren.

Sorkuntza gehiago tiraderan

Oraingoz bere kontzertuetan diskoan jasotako bost abestiak aurkezten ditu. «Badauzkat sorkuntza gehiago, baina momentuz ez ditut jendaurrean abestu. Oraingoz nahiago dut diskoko bost abesti horiek erakutsi. Besteak oraingoz ez ditut erakutsi nahi. Kostatu egiten zait pixka bat nire sorkuntzak erakustea. Sortzen ditudanetik erakusten ditudan arte prozesu bat behar izaten dut. Nire parte bat jendaurrean erakustea bezala da eta bertigo pixka bat ematen dit. Ni prest nagoenean erakustea gustatzen zait».

Diskoa fisikoki eskuratzeko modua Arrasateko bi tabernatan dago eta Ekiñeren Instagrameko kontuaren bidez ere lor daiteke. «Diskoa herrian baino ez dut jarrita momentuz, baina Instagram bidez eskatzen didanari ere helaraziko diot». Plataforma digitaletan ere entzun daiteke “Besterik ez”.

Geratzeko etorri da Ekiñe, aurrez aurrekoan lotsati eta suabe eta oholtza gainean ahaldunduta eta indartsu sumatzen den arrasatearra. «Lehen esan dizudan bezala, hitz egiten baino hobeto azaltzen naiz musikaren bidez». •