Xabier Mikel Errekondo

Geratzeko etorri dira

Maskara geratzeko etorri da. Makillajea aldrebesten digu, arnasetan bero-bero masail xaloak erre, marrubizko ezpain ertzak pupaz bete, betaurrekoak lurrundu pazientzia akitzeraino eta aurpegi ederrak mozorrotzen ezaguna ez ezagutzeraino.

Koronabirusa geratzeko etorri da. Beroa dago giroa, haserrea da nagusi, ez da giro. Edonor edonon gaitezke izan kaltetu edo hilotz, bereziki pertsona zaurgarrienak.

Kalteak ikusten ditugu, baina birus madarikatua ikusezin zaigu, haren aurpegia zein kolorea, eta ezezagun jatorria zein zergatia. Baina bada ageriko ikasgaia bederen, agintariek edozein arau eta zigor ezarri arren birusa bere nahieran ibili da, olatuz olatu, eta hura geratuko duen irtenbide bakarra txertoa da. Txertoa ere geratzeko etorri da, birusaren itzaletik ibiltzeko, ze birusa garaituko du agian, baina ez du guztiz ezabatuko. Ulertzekoa… aberastasun neurrigabea jomuga, farmazeutikek birusa bizirik nahi dute.

Ez naiz ezeren ez inoren defentsa itsu-itsuan egin zale baina, ene ikasketak zientziatakoak izaki, aitortzen dut nire sinesmen eremua zientifikoki demostragarri diren mugetan amaitzen dela. Baina zientzialariak interes politiko eta ekonomikoen entsaladan gurutziltzatuak izango dira osasuna ez den beste interesen gainetik jarri ezean.

Nola liteke, ordea, irtenbide zientifikoa hain bateratua izanik, gobernu bakoitzak hartu neurrietan hainbesteko arrakala egotea? Agian osasuna ez dutelako lehentasun? Agian goi politikagintzan ezer ez delako zintzoa, ez argia, ez garbia? Agian agintariek batzokiko zutabeak loditzea dutelako xede, bidean edozer ezabatu eta edonor kriminalizatu behar badute ere?

Argi dago, agintarien espeziea geratzeko etorri da. •