Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

ZEGOEN BEZALA, EDO BESTELA HOBETO

Aritz LOIOLA | FOKU
Aritz LOIOLA | FOKU

Hondartzek besoak zabaldu dituzte, udako hondar epela maite duten gorputzak hartzeko. Badira hondartza urte osoan igurzten dutenak, egunik hotzenetan ere jelatutako hondarretan beren oinen arrastoa uzten dutenak. Baina jendea saldoan eguzkiak berotzen duenean joaten da hondartzara.

Hondarra behatzetan, krema usaina, kresala ilean, melokotoiaren salda hatzetan, kafea izotzarekin, itsasoan etzanda ikusten den zerua, limoizko izozkia, gorputzak suelto, gorritutako azalak, oinak pozik txankletetan. Zoragarria da hondartza, sendagarria eta gozagarria. Baditu, hala ere, momentu aldrebesagoak, erromantizismo gutxikoak. Auto ilarak, aparkatzeko agonia, gainezka dauden zaborrontziak, trasteak jasotzeko unea... Irteeran, atzera begiratu eta gure amonarekin gogoratzen naiz beti: «Inora joaten zarenean, etxera bueltan dena zegoen bezala utzi, edo bestela hobeto».