Iker Barandiaran

Zer ikasi dugu?

Gure bizitza nabarmen aldatu da azken urte luze honetan, inork espero ez genuen beste. Gauza txar asko bizi izan ditugu bata bestearen atzetik, baina honetatik guztitik zerbait ikasiko genuen, ezta? Tira! Uste dut, batzuek uste zutenaren kontrara, nahiko argi gelditu dela ez garela pertsona hobeak bilakatu, zailtasunen aurrean gure arteko elkartasuna ez dela hainbeste biderkatu eta ez dugula ez ditxosozko gaixotasuna ez horren testuinguruan etorri den zomorro ilun eta handi guztia gainditu.

Izan ere, lehen baino berekoiagoak egin garela uste dut. Lehen asko zutenek are eta gehiago dute orain; eta, ondorioz, besteok are eta gutxiago. Zailtasun egoera hauetan batzuk –betikoak– izugarri aberastu eta aberasten ari dira. Gainera, asko edo gutxi eduki, urte luze honetan orokorrean askok arreta gehiago jarri diote ondokoek egiten edo egiten ez dutenari. Espioi, zelatari edo polizia tasa asko handitu da gure artean. Horren arrazoia argia da, inbidiak gogor jotzen gaitu: gu pausoa ematen ausartzen ez garen bitartean, ezin dugu bestea ondo edo aske ikusi. Eta, horregatik, salatu egiten dugu.

Antzeko beste patroi bat ere bueltan da, eta indartuta gainera: guztiaren errua gazteei leporatzearena, hain zuzen ere. Argi dago adinean aurrera goazela, baina badirudi askok eta askok gazteak izan zirela erabat ahaztuta dutela, eta ez dutela inoiz haien, gazteen, lekuan jarri nahi izaten. Jarrera ezkor horretan ere inbidia da pisuzko arrazoia.

Jada ez gara inola ere malguak: gauza jakin bat pentsatzen badugu ez dugu inola ere ezbaian jartzen eta ez dugu horren kontrako iritzirik entzun nahi. Alderantziz, gure ideia berretsiko duenari bakarrik egingo diogu arreta, eta beste guztiak aurkaritzat joko ditugu. Horrela jokatzen dugu askotan sare sozialetan, eta batzuk lagun zituztenetatik ere aldendu egin dira. Askorentzat kolore grisak desagertu egin dira; guztia da zuria edo beltza.

Inprobisatzeko gaitasuna galdu dugu edo galarazi digute. Horregatik, premeditazio handiagorekin egiten ditugu planak eta ziur, ondorioz, geure buruari jartzen dizkiogun aurreikuspenak ere handiagoak izango direla; ez dirudi osasuntsuegia halako espektatibak jartzea! Premeditazioarekin bada ere, oraina edo momentua egarriz bizi nahi dugu, beste edozeri erreparatu ez eta balizko ondorioei ez ikusia eginez.

Telefono mugikor eta sare sozialenganako mendekotasuna ere are eta gehiago areagotu da. Lehen horiek gabe hankamotz baginen, jada horiek ezean ez gara ezer edo ez dakigu aurrera egiten pandemia egoeran zein –egunen batean– bestelakoetan. Gelditzeko etorri dira, dagoeneko etxeko salan ditugu edo agian gure ohean bertan, guk geuk horrela nahi izan dugulako.

Komunikabide ofizialek edo beste iturri oso desberdin batzuek diotena begiak itxita sinestera pasatu dira asko eta asko kritikotasun izpirik gabe; bakoitzak bere iturriak eta inola ere ez nahastuta, mesedez!

Irakaspen txarrak aipatu ditut asko direlako, baina zentzu onenean aipatu nahiko nuke gutako asko guztiarekiko kritikoak garela, gure bizitzan eta ingurukoenaren zaintzan (osasun aldetik, alde afektibotik, ekonomikotik…) indarrak jarri ditugula, zailtasun hauei guztien aurrean egokitzen ikasi dugula eta ikasten ari garela, eta hala ere izan ginena berreskuratzeko esperantza galdu gabe ahaleginean jarraituko dugula. Ez da gutxi! •