Juantxo EGAÑA

Euskaldunak kontzentrazio esparruan

Philippe Gaussot. Archivo Jean-Philippe Gaussot
Philippe Gaussot. Archivo Jean-Philippe Gaussot

Argeles-sur-Mer-eko kontzentrazio esparrua 1939an sortu zuen Estatu frantsesak Ipar Katalunian. 1936ko gerra amaitu ondoren, milaka euskaldun egon ziren han. Esparru hartan ez zegoen edateko urik eta hilkortasun indizea oso handia izan zen. Esparrua bisitatu zuen frantses batzorde sozialista batek egindako txosten baten arabera, sei hilabete eta lau urte bitarteko haurren %60 gosez eta disenteriaz hil ziren. Helduen artean, gaixotasun ohikoenak sukar tifoidea, eskorbutoa, legenarra eta tuberkulosia izan ziren, besteak beste. Argeles-sur-Mer-en egon ziren milaka euskaldunek "Gernika berri" izeneko egitura propioa antolatu zuten. Telesforo Monzon Eusko Jaurlaritzako sailburuak Fagalde jeneral frantziarrarekin negoziatu ondoren, Argeles-sur-Mer-en zeuden euskaldun gehien-gehienak Gurseko zelaira eraman zituzten. Argazkian Argeles-sur-Mer-eko esparrua zaintzen ari diren frantses Armadako soldadu senegaldar batzuk ageri dira. Philippe Gaussot frantziar kazetariak (1911-1977) egin zuen. Gaussot “Le Dauphine Libéré” egunkariaren sortzaileetako bat izan zen, eta mendiko argazkigintzan espezializatua. Hil ondoren, haren seme Jean-Philippek bere aitak egindako negatiboz betetako maleta bat aurkitu zuen. Haren argazkiek errepublikanoek jasan zuten erbestearen eta kontzentrazio esparruen gogortasuna islatzen zuten. Robert Capak ere egin zituen kontzentrazio esparru haren eta beste batzuen argazkiak; hauxe esan zuen: «... infernu bat hondar gainean: han dauden gizonak hondar eta haizearen aurkako babes miserablea ematen duten kanpadendetan eta lastozko etxoletan bizi dira».