Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Herri bat hezkuntzatik eraikitzen

Guillaume FAUVEAU
Guillaume FAUVEAU

Oinherri Herri Hezitzaileen egitasmoak «Herri bat Hezkuntzatik eraikitzen» jardunaldia antolatu berri du Errenterian (Gipuzkoa).

Oinherri Euskal Herri mailako hezkuntza, aisia, euskara eta kultur arloetan lan egiten duten 16 eragilek osatzen dute. Horiekin batera, Euskal Herriko hainbat herritan saretuta dauden erakunde, askotariko eragile eta hamaika norbanakok ere bai.

Egitasmoaren helburu nagusia da Herri Hezitzaileen filosofia maila teorikoan zein praktikoan sustatzea. Egun, 25 udalekin dituzten hitzarmenei esker, filosofia horri lotutako tokian tokiko egitasmoak loratzen ari dira.

Gehienok, seguruenik, bat egingo dugu begirada kritikoa eta positiboa duten herritar arduratsuak hezteko asmoarekin, jendarte hezitzaileagoa sustatzearekin, alegia. Eta gure ahalegina hezkuntzaren ardura denen artean partekatu behar dugun ideiaren bueltan ibiliko da, hein handian. Eta nola egin dezakegu hori gurea bezalako herri baten testuinguruan, herri zapaldu, ukatu eta hezkuntza sistema propioa ez duen batean?

Zentzu horretan, Oinherri egitasmoak proposamen ausart eta interesgarria luzatu digu, hezkuntza modu zabalagoan eta integralagoan ulertzeko eta herriko hezkuntza komunitateak saretzeko aukera errealak eskainiz.

Jardunaldian entzundakoaren hariari tiraka, hezkuntza arautuaren esparruan gabiltzanok ez ote dugu, akaso, urte luzeegiz hezkuntzaren funtsa eta oinarria arautuaren eremuan monopolizatu, aisialdia, ez-arautua eta eskolakoa ez den gainerako esparruetako ekinbide hezitzaileak baztertzeraino?

Hezkuntza arautuan azken hamarkadetan ereduen, sareen, lurraldeen eta abarren arteko zatiketek baldintzatu dute zerumuga. Horregatik egiten ote zaigu hain zaila gure artean saretzea eta denok herri honi eta bertako herritar askotariko eta anitzen beharrei benetan erantzungo dien hezkuntza sistema hezitzaileagoa eta justuagoa eraikitzea?

Gogoeta horretan sentitu dut hezkuntza arautuak hezkuntzaren aitzindaritza daraman arren, akaso, agortuta duela bere egungo errealitate banatu eta konplexutik, espainiar eta frantziar estatuetatik inposatzen zaizkigun hezkuntza sistema eta curriculumen pean egonik, bide estu eta normatibo horietan egon daitezkeen arrakaletan barrena abiatzeko aukera; finean, hezkuntzarako herri mailako estrategia bat eraikitzea: pedagogiatik politikan ekarpenak egiteko eta politikatik pedagogian eragiteko.

Begirada ipiniegia genuen, agian, hezkuntzarako eskumenak eskuratzean. Jardunaldietan proposatu zen eskumen horien zain egon gabe udalek eraldaketa sustatzeko duten gaitasunen inguruan hausnartzea. Bide batez, esperientzia eredugarriak ezagutzeko aukera izan genuen: herri interesak erdigunean jarriz, interes kolektiboak defendatuz, prozesuko parte-hartzaile guztien behar eta tempusak zainduz.

Hezkuntza ulertzeko ikuspegi integral horren aldarria izan zen, batez ere jardunaldia, elkarlanerako deia. Aniztasun hori guztia hezkuntzarako tokian tokiko herri estrategia baten baitan kudeatzeko lankidetzarako adierazpena, aniztasuna bizikidetasunean oinarritzen den herri hezitzaile baten baitan. Herri bat hezkuntzatik eraikitzen eta hezkuntza herritik eraikitzen: zergatik ez? •