Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Historiak eskaintzen dizkigun loreen usainak

Aste honetan Emmanuel Macron Polinesian egon da. Agian ikusiko zenuten, lorez jantzita, leporaino estalia, Puppyren antzera. Kasu honetan, ez da crowdfunding bidez izan. Diotenez, uharteetako ohitura da bisitatzen dituzten agintariei lore-lepoko bat oparitzea. Bata bestearen atzetik, Macroni lurperatu arte jarri zizkioten lepokoak. Erabat irrigarria izan zen. Bisitaren emaitza ikusita, ordea, ez da baztertu behar polinesiarren mendeku txikia izatea.

Macronek ez du metropoliak artxipelagoan hainbat hamarkadatan egin zituen entsegu nuklearrengatik barkamenik eskatu. Eliseoko buruak adierazpen eskasa egin du: «Zuekin egiaz eta gardentasunez jokatu nahi dut. Nazioak Polinesia Frantsesarekin zorra du, saiakera horiek egiteagatik, zeini buruz garbiak zirenik inondik inora ezin den esan».

1966tik 1996ra 193 proba egin ziren Polinesian, horietatik 46 aire librean. Ikertzaileen arabera uhartediko 110.000 herritarrek jasan zuten erradioaktibitatearen eragina. Artxiboen parte bat 2013an desklasifikatu zen, ikerketa ahalbidetuz. Tartean, Centauro Proba bezalako saiakerak daude. Kasu horretan, 1974an, eztanda ez zen diseinatua zegoen bezala gertatu, eta hodei toxikoa Tahiti eta beste zenbait uharte populatutara iritsi zen. Frantziar armadak, arriskuen jabe izan arren, ez zuen herritarrak babesteko neurririk hartu. Ondorioz, erradiazioek eragindako gaixotasunen tratamenduengatik, Polinesiako Gizarte Segurantzak 670 milioi euro eskatzen dizkio Parisi, alferrik.

François Hollandek 2016an aitortu zuen kaltea, baina barkamenik eskatu gabe. Gauza bera egin du Macronek. Haien aurrean, biktimek justizia eta erreparazioa eskatzen dute. «Kolonizazioa krimena da eta entsegu nuklearrak gertakari koloniala dira», nabarmendu du Auguste Uebe-Carlsonek, biktimen elkarteko presidenteak.

Honekin lotuta beste pasarte bitxi bat ezagutu da egunotan. Jakin denez, Irlandako gosetean Gobernu britainiarrak izan zuen erantzukizunagatik barkamena eskatu zuenean, 1997an, Tony Blairrek ez zuela adierazpena ezagutzen. Bidali baino lehen ezin izan zuten Blair aurkitu, eta ondoren arte ez zuen jakin bere hitzek barkamen eskaera tazitua jasoko zutenik. Anglo-irlandar harremanetan adierazpena «une esanguratsu» gisa ulertu zen, eta garai hartan Irlandako iparraldeko gatazka konpontzeko bidean urrats gisa azaldu zen.

Gabriel Byrne aktoreak irakurri zuen adierazpena, Corketik eta telebista bidez: «Une horretan Londresen gobernatzen zutenek beren jendeari huts egin zioten, itxoiten, uzta txar bat giza tragedia masibo bihurtu zenean». Garaiko solemnitatea patetikoa bihurtu da orain.

Blairren idazkari pribatuaren azalpenak argigarriak dira. «Mezuaren esaldi gakoa, une hartako Gobernu britainiarrak tragedia saihesteko gehiago egin zezakeela onartzea da», dio John Holmes diplomatikoak. «Gertaeren azalpen hutsa besterik ez da, eta ez da barkamen bat, baina iraganean Britainia Handiko Gobernua uzkur izan da auzi honi buruz hitz egiteko garaian», gaineratu du.

Egunotan “ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa” berrirakurri dut, baita egindako kalteagatik bere gain ardura hartzen duen komunikatua ere. Kalteak konparaezinak dira, jakina, baita adierazpenak ere. Macronen lore-sorten eta Blairren lore-koroekin alderatuz, batzuetan nahikoa da lore bakar eta eder batekin. •