Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Protokoloak, kontraesanak eta zaintza

Ekaineko talaiatik irailera begiratu genuenean, laino beltzak antzeman zitezkeen denok ekaitz osteko barealdiak dakarren zeru garbi eta lasaia amesten genuen lekuan; han, ikasturte berriaren ortzi mugan.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasuan, Hezkuntza Sailak heziguneetara igorri zituen jarraibideetan aipatu zuen jada ikasturte berrian ere ikasleek musukoekin egon eta segurtasun tartea gordetzen jarraitu beharko zutela: amaitzear zen ikasturtearen ildo beretik zetorrela berria, alegia. Orduan ere, itxaropena izanik galduko genuen azkena, bolbora bezala zabaldu zen abuztu erdialderako jarraibide berriak iritsiko ziren susmoa. Zain geratu ginen denok. Aurre-zantzu okerrenak bete dira, ordea: burua lehengo lepotik duela hasiko da ikasturte berria, hezigune horietan bezalaxe Euskal Herriko gainerakoetan ere.

Gazteen Euskal Behatokiak irailaren amaieran argitara emango duen “Gazteak eta pandemia, adituen begiradak” lanaren aurrerapena egin du egunotan. Nabarmendu dutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «pandemiak %50 handitu du osasun mentalaren ondorioz ospitaleratutako nerabe kopurua». Arazo mentaletan larrienek elikadura nahasmenduekin, beren buruaz beste egiteko joerekin eta antsietate arazoekin dute zerikusia. Ikerketa horren arabera, gainera, neskak dira kaltetuenak.

Zer pentsa ematen du albisteak. Neska-mutil horiek ikasgeletan izango ditugu, eskolan aurkituko ditugu… atera kontuak zer egoera animikotan egon daitezkeen, horiek eta gainerakoak! Nola txertatu ikaspen berriak, urteko programak eskatuko dizkienak, garuna biziraupenarekin zerikusia duten kontuekin lanpeturik baldin badago? Neurozientziak erakutsitakoaren kontrara, ezinbestez.

Iazko ikasturtean hartu genion tankera gure lanak zaintzatik asko zuela, gure hezitzaile lanak irakasletik eta zaintzailetik izan bazuen orain arte, azkenak pisu handia hartua zuela. Erremediorik gabe amore ematen joan dira egitate horri dagokionez uzkurren agertzen zirenak ere: aukerak baino gehiago egoerak bultzatuta izan bada ere, zenbaitetan.

Eta nola gaude zaintzaileok? Galdera horri erantzutera dator Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) egindako azterketa. Horren arabera, galdekatu dituzten hezitzaileen %50,6k estresa pairatu zuten iazko ikasturtean; %14k estres larria; eta %32k depresio sintomak izan zituzten. Kaltetutakoen talde horretan, emakumeak izan ziren depresio eta antsietate sintoma handienak izan zituztenak. Beraz, antza denez, zaintzaileak ere ez gaude gure momentu onenean.

Kontuan hartzen badugu berrikuntza pedagogikoaren korronteek aipatzen duten zaintzaren gaineko ideia, zaintzaren oinarria –zaintzaileak ez badu bere burua zaintzen nekez zainduko du inor–, begirada gurera ekartzea tokatzen zaigu: zaintzaileak nola gaude?

Datorkidan hurrengo galdera, esan beharrik ez dago, hauxe: eta nork zaintzen ditu zaintzaileak?

Espero ziren protokoloak argitaratu dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa aztertu dut nik: «mugatu kontaktuak» eta antzekoak. Jakinekoa, kontraesanekin dantzan jarraitu beharko dugu. Hitz bakar bat ere ez zaintzaileen zaintzari buruz.

Zaindu zeure burua; ez baduzu zuk egiten, ez du zuregatik inork egingo. Kuraia on denentzat! •