Iñaki Altuna

Paroten eskubideen alde egin egin behar da

Euskal presoen eskubideen alde ekimenak, adierazpenak eta mobilizazioak egitea zilegi al da? Bai, eskubideak aldarrikatzea zilegi da. Euskal presoen eskubideen alde ekimenak, adierazpenak eta mobilizazioak egitea beharrezkoa al da? Bai, beharrezkoa da, eskubide horiek urratuak direlako. Euskal presoen eskubideen alde ekimenak, adierazpenak eta mobilizazioak egiteak lehentasuna al du? Bai, lehentasuna du, enfrentamendu gordinena ekarri zuen aurreko zikloa gainditzeko gai horri ere behin betiko aterabidea eman behar zaiolako. Sufrimendua une honetan hor dagoelako gehienbat, eta luzera ezingo delako benetako bakerik eraiki presoek kartzelan segitzen badute.

Paradoxikoa da ETA gogorki ari zenean ez zela halako polemikarik sortzen. Beste batzuk eta askoz ere handiagoak bai, baina halakorik, ez. Orduan Arrasaten Unai Paroten eskubideen alde mobilizazio bat egin izan balitz, ez zen izango hainbesteko zalapartarik. Esanguratsua da, beraz, sektore batek bakearen eta elkarbizitzaren alde (hamar urtez) urrats asko egin dituenean beste sektore batzuk gero eta gotorrago agertzea, presoen eskubideen aldeko mobilizazio batekin pipertzeraino. Eskuin muturrari ez ezik, jeltzaleei ere halako ekimenak desitxuratzen ikustea deigarria da. Aitor Estebanek «omenaldia» hitza erabili zuen zehazki.

Biktimen sentimenduak babestea baino askoz ere gehiago ezker abertzaleari erasotzea dute zio. Nonbait, ezker abertzalea borroka armatua goraipatzen ari dela irudikatu behar dute, oraindik iraganari iltzatua dagoela azpimarratzeko eta aurrera begira alternatiba gisa kamusteko. Estatuak hala behar du independentziaren aldeko prozesurik ez errotzeko, eta Urkulluk hala desira du bere hitzetan gero eta higatuago den autonomia kudeatzen segitzeko.

Ongietorrien harira aldiro sortu den polemikatik halakoetan tentuz eta sentsibilitatearekin jokatzea komeni dela ondoriozta zitekeen, are gehiago ETAren amaieran nahikoa garbi geratu zenean ardatza ezin zitekeela izan borroka armatuaren aldarria egitea. 2018an hauxe utzi zuen esanda ETAk berak eskainitako azken elkarrizketa luzean: «Gure helburua une honetan ez da borroka armatuari gorazarre egitea. Badakigu horrek ez duela errazten datorren fase politikoak eta gatazkaren konponbideak eskatzen duten prozesua. Eragindako kaltea errespetuz aitortzeko ordua da, besteek jasan dutenaz zintzotasunez jabetzeko, eta berradiskidetzeko ahalegina egiteko. Sendabidea bilatzeko ordua da, guztien eskubideak errespetatuz eta arazoei konponbide demokratikoak eskainiz».

Arrasateko ekitaldiarekin sortutako zalapartak errealitate bat erakutsi digu: hainbatentzat ongietorriena aitzakia hutsa zen betikoa birsortzeko. Azken hamar urteotan eskema bera erabili dute, aurre urrats bat egon den bakoitzean, bizikidetzarako onuragarri izan zitekeen ekimen bat egon denean, berandu baino lehen, beste polemika bat bilatuz. Oraingoan giza eskubideak aldarrikatzea ere estigmatizatzera ausartu dira. Eta hori onartezina da. Paroten eskubideen eta kaleratzearen aldeko mobilizazioak egin beharrekoak dira.

Hain zuzen, hori da gakoa, egin beharrekoa egitea, duela hamar urte abiarazitako bidetik baztertu beharrekoa baztertuz, moldatu beharreko moldatuz eta berretsi beharrekoa berretsiz. •