Iñaki Sanz-Azkue eta Mikel Urteaga Azkue

AMONA INESEN EZKUTUKO APUNTEAK: ESKOLAK GERRA GARAIAN

Urrian hasi ohi zuten ikasturtea. Udazken hartan, ordea, atzeratu egin zen eskolako lehen eguna. Ez zen gutxiagorako. 1936ko azaroa zen. Espainiako Gerra Zibil betean, frankistek Gipuzkoako zati handi bat hartua zuten jada. Herritar asko, etxeak utzi eta Bizkai aldera joanak ziren errepresioen beldurrez.Gerra garaiko ikasturte haietan ikasitakoak ez zitzaizkion berehalakoan ahaztuko Inesi. Hargatik, agian, bere apunteak etxeko zoko batean, ezkutuan, gordetzeko hautua egin zuen. Guda betean sorturiko marrazki eta testu horiek, gerra garaiko eskola izan zenaren isla ederra dira. Sabai aizun baten atzean gorderik zegoen ondare ezkutua.

gara-2021-09-30-Crónica

1936ko abuztua. Hernaniko herria dar-dar batean dago. Asuncion Bastida eta Segundo Sarasua senar-emazteek herritik alde egiteko beharra sentitzen dute. Frankistak Oiartzun inguruan daude, Donostian eta Hernanin sartzeko asmoz. Segundo abertzalea da, eta zinegotzi lanetan aritu da Hernaniko Udalean Bigarren Errepublika garaian. Herrian gelditzea arriskutsua da. Etxea eta bizibide duten taberna utzi eta Mutrikura egingo dute alde. Bizia dago jokoan.

Asuncion mutrikuarra da, eta bertako Armentxa Goikoa baserrian ditu senideak. Rosarito, Mari Carmen eta Ines, hiru alabak hartu eta gerratik ihesi doaz bostak, noiz edo inoiz bueltatuko diren jakin gabe. Udazkena hasi aurretik frankistek Hernaniko herria hartua dute. Urrian 128 pertsona fusilatuko dituzte: gizonak eta emakumeak tartean. Abertzaleak eta ezkertiarrak.

Hilabete batzuk Mutrikuko baserrian igaro ostean, ordea, familiak bueltatzeko beharra sentitzen du. Hernaniko kaxkoan duten taberna berriz irekitzeko intentzioarekin bueltatuko dira. «Ez al digute ezer egingo, Segundo?», galdetu omen zion Hernanira bueltan haiekin etorri zen lagun abertzale batek. «Zer egingo digute ba? guk ez badugu ezer egin...», erantzun Segundok. Hernanira bueltatzean Segundoren laguna akabatu egin zuten tiro batez. Segundoren damua herrira iritsi bezain laster hasiko zen gailentzen.

Gerra garaiko «normaltasuna»

Gerratik bueltan etxea eta taberna hankaz gora aurkitu omen zituzten. Hala kontatzen zuen Inesek. Dena lekuz kanpo, eta mugitua. Baina bizitzari aurre egin behar, eta familia osoa martxan jarri zen ostera ere. Asuncion, Segundo eta alaba zaharrena, Rosarito, tabernan ariko ziren lanean. Mari Carmen eta Ines eskolara joango ziren. Agustinetara, mojekin. Gerra aurreko bizitzarekin jarraitzeko apustua egin zuten etxean. «Bizitza ‘normala’», gerra garaian normaltasunik bada.

“Xaraxua” taberna (“Xegundo” ere deitzen ziotena) ezaguna zen herrian. Giroa, alabaina, ezberdina zen gerra hasi zenetik. Maiz abertzaleen biltoki izandakoak, frankisten begiradapean egin behar zuen aurrera. Ideia eta pentsamolde ezberdinetako jendearen topalekua jarraitzen zuen izaten tabernak, baina hitzak eta keinuak ondo neurtu beharra zegoen orain, Euskal Herriko hainbat herritan gertatzen zen gisan.

Mutrikura joan aurretik amaitu zuen ikasturtea Inesek, uztailean. Errepublika garaiko eskola ezagutu zuen orduan. Marcelino Domingo Instrukzio Publikoko ministroak utzitako oinordekotza, alegia. Bera izan baitzen Bigarren Errepublika garaian eskola berrien irekieraren eta pedagogia berrien bultzatzaile nabarmenetarikoa. Mutrikutik bueltan, etxetik kanpo hilabeteak pasatu ostean, azaroan, gerra garaiko eskola topatuko zuen: frankisten itzalpean egingo zituen ikasketak 1936ko udazkenetik aurrera.

Koaderno txiki bat, arkatza, margoren batzuk eta boligrafoa, baina batez ere, ikasteko gogoa eta grina ziren Inesek zituen tresna garrantzitsuenak. Garai hartako ume askok ez bezala, ikasten jarraitzeko parada izan zuen, eta gogoz heldu zion jasotako aukerari. Hala, 1939ra arte, 15 urte bete arte eskolan jarraitu zuen. Eta urtez urte, eskolan emandako irakasgai guztiak jorratzen joan zen, orri zuriz beteriko koaderno txiki haiek marrazkiz, testuz eta edukiz betez. Nahigabean, gerra garaiko eskolaren isla izango ziren apunte ederrak sortuaz.

Eskolak gerra garaian

Amona Inesen apunteak altxor txiki bat dira, eta altxor guztiak bezala, ondo gordeta zeuden, inork aurkituko ez zituen tokian. Ines Sarasua 1924an jaio eta 2012ko udaberrian hil zen, 88 urte zituela. Apunteei buruzko aipamenik egin gabe utzi zuen mundua. Haren senarrak, Alfredo Azcuek ere ez zuen haien berririk eman, jakin baldin bazekien. Alde batetik, ez da harritzekoa. Isiltasunaz gutxi hitz egiten baita, baina frankismo garaiak ekarri zuen ezaugarrietako bat ere izan da. Oraindik ere etxe askotan irauten duena. Badaezpadako isiltasuna, beldurrak, zuhurtziak edota ahaztu nahiak bultzatua.

Amona hil zenean, etxearen txukuntze lanak egiten hasi zen sendia, eta hala, etxeko pasilloan zegoen armairu baten barrualdea husten hasi ziren, bertan, nahigabean, sabai aizun batekin topo egin zuten arte. Han barruan, ezkutuan, txukun-txukun jarritako koaderno zahar batzuk aurkitu zituzten: amona Ines gaztetxoa zeneko eskolako apunteak ziren. Gerra garaiko eskolen kronika eder bat.

Hogei inguru izan ziren aurkituriko eskolako koadernotxoak. Ines euskalduna izan arren, guztiak gaztelera hutsean idatziak, noski, garaiko eskolak derrigortzen zuen moduan. Zerbait zaharkituak zeuden jada, hori koloreko orriekin, 73 urte ez baitira alferrik pasatzen; baina oso ondo kontserbatuak.

Behin amona Inesen koadernoak irekitzeko aukera eginda, ezinezkoa da haiek ikuskatu gabe geratzea. Kaligrafia zaindua: argia eta garbia. Ilustrazio liluragarriak, kontuan izanda 11 eta 15 urte arteko neska gazte batek eginak direla; eta eduki interesgarria, gerra garaian eskolak zeraman bidea erakusten duena.

Errepublikatik gerra amaiera arte

1935ekoa da koaderno zaharrena. Errepublika garaikoa, hain zuzen ere. Atentzioa ematen du, izan ere, koadernoa nahita ebakia dago. Guraizeekin erditik moztua bezala. Ez dakigu amona Inesek berak moztu ote zuen, beldurragatik agian, edota beste norbait izan ote zen egin zuena. Kontua da, ondo ezkutatua zuela koaderno hura ere. Gorde nahi izan zuela, alegia.

Eta hala, apunteen artean lupa jarrita, lehen begiradan nabaritzen da 1935ekoaren eta gainontzekoen artean ezberdintasuna nabaria dela. Errepublika garaian eskola laikoa zen bitartean, gerra garaiko testuetan erlijioari, edota Francori eta Mola jeneralari, besteak beste, egiten zaizkien aipamenak ugariak dira. Sarri, diktaketak erabiltzen ziren haien berri emateko, eta Espainiari eta doktrina jakin bati buruzko edukiak zabaltzeko. Diktaketa horien artean aurki daiteke, esaterako, bakearen ingurukoa. Norberak atera ditzala bere ondorioak: «Las armas tienen por objeto y fin la paz, que es el mayor bien que los hombres pueden desear en esta vida».

Errepublika garaiko apunteetan kulturak bere lekua zuen, orduko gobernuarentzat arlo horrek zuen indarraren erakusgarri. Artean, Inesek 11 urte zituen, eta orduko koadernoetan ikus daiteke nola hamar industria mota izendatzeko eskatzen zitzaien, esaterako, edota emakume eta gizon olerkarien izenak, Euskal Herrikoak, zein kanpokoak izan zitezkeenak. Tartean azaltzen dira: Txirrita, Basarri, Lizardi, Zubimendi, Iturriaga, Alkain edota Conchita Espina, Santanderkoa, azken hau.

Irudiz beteriko eskola-apunteak

Etxekoen artean ezaguna da amona Inesek musikarako, kanturako edota ipuinak kontatzeko eta sortzeko zuen gaitasuna. Apunte zaharrek, ordea, bizi izan zuen garaiak tapaturiko abilezia bat ere azaleratu dute. Etxeko gutxik ezagutzen zuten abilezia, hain zuzen. Amona Ines marrazkilari bikaina zen.

1936 eta 1939 arteko apunteetan lantzen diren gaiekin batera, oso sarri agertzen dira horiei loturiko marrazkiak. Zehaztasun eta gustu ikaragarriz egindakoak horietako gehienak. Mikrobioei buruz hitz egiteko, edota entzumena, burmuina, ikusmena… azaltzeko garaian, hitzek bezainbeste indar dute marrazkiek. Bertan agertzen dira, esaterako, begiaren atal guztiak modu oso zehatzean marraztuak, edota gizakiaren burmuina bera, zati bakoitzari dagokion izena gezi batekin eta zehaztasun ikaragarriz marraztua. Hala, dela anatomian, fisikan, edota geografian, mapa zoragarriak eginez, amona Inesek apunteak irakurtzeko gogoa sortzen duten koadernoak egin zituen.

Geografia eta gizarte atalen xarma

Koadernoan aurrera eta atzera ibilita, irakurleak segituan ikusten du gerra garaiko eskola hartan irakasgai ezberdinak koaderno berean uztartzen zirela, eta hura bukatzean, beste bat hasten zutela, kurtsoko hiruzpalau koaderno betez. Bazen, alabaina, ezberdintzen zenik ere. Kaligrafia lantzeko aparteko koadernotxoa izaten zuten urtero.

Geografiako eta gizarteko atalak aztertzean marrazkiek indar berezia hartzen dute. Hala, eguzki-sistema baten marrazki eder bat ikusten da Inesen apunteetan. Zirkulu perfektuz egindakoa, orbita eta guzti, eta eguzkiaren inguruan zortzi planeta ikusten direlarik. Koloreak ere laguntzen du, eskolan bertan izango zituzten margoez baitaude apainduak.

Deigarria da Europako mapa ere, garai hartakoa, noski, Sobietar Batasuna agertzen delarik. Bertan, Inesek, sorkuntzarako zuen gaitasuna erakusten du, joko antzeko bat egiten baitu bi orri bata bestearen gainean jarriaz, goikoan Europako mapa politikoa agertzen delarik herrialdez herrialde moztua, eta orria pasata, behean, eta mugak errespetatuaz, ibaiak eta errekak dituen mapa fisikoa agertzen delako. Hori gutxi balitz, eskalan egindako munduko mendi altuenen eta sumendien mapa ere badute apunteek, non Everest ez den agertzen, ez garai hartan altuena ez zelako, baizik eta Everest 1953an igo zutelako lehen aldiz, eta artean ez zelako ezaguna.

Garai bateko kronika txikia

Koadernoen artean, zigiluak eta kromo antzeko zaharrak ere aurkitu dira, Inesek gordeak zituenak orrien artean, eta garai hartako bizimoduaren arrasto txiki bat ematen digutenak. Orduko kronika antzeko bat lirateke koadernoan zehar agertzen diren eskutitzak ere. Bertan, Inesek istorioak asmatu beharra zuen, norbaiti eskutitza idatzi beharko balio bezala, eta horretarako garaiko gertakariak ere aipatzen zituen, errealitatearen eta fikzioaren arteko muga finean idatziak: tiroketak, hiltzera zihoan soldaduari entzundako “Viva Franco”ren bat edo beste, edota Hernaniko Santa Barbara mendian zegoen kanoia bisitatzera joaten ziren herritarren kontuak.

Bada pasarte bat, amona Inesek sentimenduz islatzen duena, eta bidenabar, etxetik jasotako pentsamoldea ere erakusten duena. Izan ere, harritu egiten du, Gipuzkoari buruz idazteko eskatzen zaionean, Inesek koadernoan jarritakoak (euskarara itzulia):

«Harro nago nire oinplanoa munduko herririk miresgarrienean finkatzeko ohorea dudalako. Euskal lurraldea betiereko herria. Maitasunaren eta askatasunaren sehaska». 14 urteko neska gazte batek gerra garai betean idatziak izateko, ez dira nolanahiko hitzak.

Hein batean, koadernoen aurkikuntzak eta haietan murgiltzeak sortu du lurrikara txiki bat amona Inesen sendian. Eta sortu ditu itaunak, etxekoei galdezka erantzun bila dabiltzanak. Ezaguna zen familian amonak ikasketak bukatu eta herriko Schroeder lantegian (“Xoroeder” Inesek deitzen zion moduan) lan egin zuela, eta ezkontzeko garaian hura utzi zuela etxeari eta umeen zaintzari heltzeko, frankismoan zehar emakume askok egin behar izan zuen moduan. Ezaguna da, amona Ines nortasun handiko andrea izan zela, Hernaniko udalerrian hainbat elkartetan sartua egon zena, eta ekitaldiak antolatzen laguntzen zuena, eta horregatik, “Hernaniar bikain” saria jaso zuela, haren senar Alfredorekin batera. Atzera begiratzeak sortu du jakin-mina eta gehiago ezagutzeko nahia, eta hala doa apunteek sorturiko bidea aurrera, sortzen diren galderei erantzuna eman nahian, apunteen amuari helduta.

Eta bat-batean, piano soinua

Abesti eder batek betetzen ditu horma arteko zirrikitu guztiak. Etxeko atmosfera konkistatu du musikak. Bizkarra zuzen, begiak erne eta hatzak arin mugituaz, dotoreziaz jotzen du pianoa amona Inesek etxeko egongelan. Eroso sentitzen da. Kantuarekiko dohain bereziarekin eta instrumentuak jotzeko duen gaitasunarekin, jolasean bezala, esfortzu handirik gabe jotzen du bere bihotzeko pianoa. Amonaren esku mugimenduei begira gelditu gara biloba guztiak bere inguruan. Isilik, geldi. Pozik.

Bederatzi urte dira amona joan zitzaigula. Ohean igaro zituen azken urteak. Ohe ertzean eseri eta eskua ematen genion orduan, eta laztandu. Zimurrez beteriko esku fin eta zuriak ziren. Elizako organoa, edota etxeko gitarra eta akordeoia jotzen zituzten esku finak. Bazkaria prestatu, Basakabi inguruko masustak bildu eta argazki zaharrak erakusten zizkigutenak. Orain, ordea… orain badakigu, aurkikuntza txiki honi esker, esku horiek apunte zoragarriak egiten zituzten eskuak ere bazirela. Gerra garai betean ikastearen plazera sentitu zuen neska gazte baten eskuak. Eta zoriak hala nahi izan duelako, horma baten atzetik, ezkututik mundura azaleratu diren, eta ondare forma hartu duten koaderno ederren egileak. Eta horrelaxe gordeko ditugu aurrerantzean ere, maitasunez, merezi duten moduan, merezi duten lekuan. Gure bihotzean. Muxu handi bat, amona.