Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Lehendakariordea? Zu?

gara-2021-09-30-Opinión

Ikustekoa izango zen elkarrizketa, Idoia Mendia lehendakariari joan zitzaionekoa, politika utziko zuela esateko. «Zu… e… nola zenuen izena? Zer zara, berria?». Egia esan, nik uste dut Idoia Mendiak berak ere ez zekiela lehendakariorde zenik. Berak ere pentsatuko zuen, guztiok bezala, lehendakariordea Arantxa Tapia dela. Idoia gajoa egunero joango zen lanera, jakin gabe zertara. Ziur bilera garrantzitsuetara ez zutela deitzen edo, egun horretan bederen, jeltzaleek bizkaiera batuan egiten zutela euren artean. Eta gero, benetako arazo larria dagoenean, zabortegiko hondamendia bezala, PSE-EEkoak botatzen dituzte komunikabideen aurrera! PSE-EEko sailburuen papera zinez sitcom bat egiteko modukoa da. Pena ETBn ironia politikoa onartuta zegoen garaia bukatu zela, “Jaun ta Jabeko” gaiztoa sailburu neoliberala zenekoa.

Eta neoliberalismoaz ari garela, ba ahal daki iritzi publikoak PSE-EE Eusko Jaurlaritzan dagoenik? Ez bakarrik Jaurlaritzan, baita foru aldundietan eta udaletxe askotako gobernuetan ere badagoela. Atzera begira jarrita, Ardantzaren garaitik daramate gobernuetan. Joe, behin tipo horietako bat lehendakari ere izan zen, hauteskundeetan tranpa egin zuten aldi hartan… baina nola zen? Patxi… zerbait… ez dut gogoan. Gero Espainiako kongresuko presidente ere jarri zuten, pena gutxi iraun izana, grazia egiten zuen, serio-serio, politikari duina balitz bezala. Progresisten presidente ilustratua.

PSE-EEren identitate falta erabatekoa da. Euskadiko Ezkerreko zenbait paraxutista gorabehera, euskaldunak izanagatik ere boterearen defendatzaile zinikoenak bihurtu direnak, PSE-EEk bere ikur bakarra bihurtu du hauteskundeak daudenero, EAEko arazo nagusia administrazioan eta osasun zerbitzuetan euskaldunok euskara erabiltzeko eskubidea dela.

Baina, benetan, gehien harritzen nauena Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko tirabiraren kontua da. Izan ere, jeltzaleen buruan bakarrik existitzen da. Orain bat-batean, murrizketen hooligan absurdu bihurtu dira, jakinik, benetako autonomiarik ez egotean, Espainiako neurri berberak hartzera behartuko dituztela epaileek. PSE-EEkoek ez dute ezer esaten espainiar Gobernuko alderdikideen defentsan? Ez dituzte barne kanalak arazoak, baleude, bideratzeko?

Irailean zazpiehun orrialdeko (!!) txostena argitaratu zuten Jaurlaritzan, baieztatuz Herri Batasunak 1979an esaten zuen gauza bera: Espainiako Konstituzioan onartzen den autonomia espainiar legeak betetzeko autonomia besterik ez dela eta, zalantzarik izatekotan, espainiar legea dagoela, beti eta betiko, legedia autonomikoaren gainetik. Twitter-en sarri irakurtzen dudan bezala, unpopular opinion bat: eskerrak pandemiako garai guztian zehar Espainiako legedia ezarri den, Jaurlaritzaren eta edozertarako balio omen duen Jonan Fernandezen esku utziz gero, batek baitaki nola egongo ginatekeen.

Eta Idoia Mendia, onerako edo txarrerako, iruditzen zait filmetako estra gris horietako bat bezala gogoratuko dugula, gogoratuko baldin badugu. Nola zen Urkulluren garaian PSE-EEko idazkari nagusi zen neska hura? Idoia zen, ezta? Lehendakariordea, Idoia… zer gehiago? A, baina PSE-EE Eusko Jaurlaritzan zegoen orduan? Ez dut gogoan. •