Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Ama arkitektura

gara-2021-10-07-Opinión

Arkitektura lanak badu literaturako zientzia-fikzio generoarekin (nolabaiteko) zerikusirik. Gertuko eta urrutiko etorkizunaren iragarle gara espazioak eta hiriak proiektatzen ditugunean. Arkitektooi gure lana abangoardia gisa aurkeztea gustatzen zaigu, orainaldiko bizimoduen deseraikitzea amesten dugu gure espazio ariketen bitartez, bestelako errealitate materialak bitartekari, kasu askotan utopiak direla erdi jabeturik. Horregatik, “Zirriborroak eta gero” proiektu literarioa oso arkitektonikoa dela iruditzen zait: euskal idazle bati eskatzen zaio fabula ilustratu bat burutzea, gaur egungo alternatiba baten etorkizuneko hedatzea irudikatzeko eta egin diren urratsak azaltzeko premisarekin. Irudimen ariketa handi bat, utopia eta kontra-utopiarekin borrokan eta negoziaketan.

Orain arte argitaratu dituzten fabula guztiak gomendagarriak diren arren, Uxue Alberdik idatzi eta Paula Estevezek ilustraturiko “Ibaia” izenekoak interes bikoitza du arkitektoaren begiradatik, hirigintza feministaren alternatiba duelako abiapuntu. Gainera, Uxueren idazketan hirigintzaren eta espazioaren irakurketak azaltzen dira maiz, esaterako “Dendaostekoak” liburuan, izenburutik hasita –espazio kontzeptu bat–. “Ibaia” ipuinean, baso espazioa aldarrikatzea, lurralde toponimiak berreskuratzea eta paseoaren erritmoa herriaren bizimodura ekartzea jartzen ditu etorkizuneko hirigintzaren egitekoen artean. Baina literaturaren eta arkitekturaren arteko elkarlan eder honetatik erreskatatu nahiko nukeen ideia «ama arkitektura»-rena da.

Ama hizkuntza. Ama lurra. Ama arkitektura. Hirurek matrize egitura bati egiten diote erreferentzia, sorkuntzaren ideiari estuki lotua, hitzaren adiera zabalenarekin. «Ama» hitzari sortzen eta eusten duen egitura bat egokitzen zaio, indibiduoari eta kolektiboari osatzeko gaitasuna eskaintzen diona.

Uxuek dio, ama eraikinak barnetik itxi daitekeen kisketa bat behar duela izan, hala nola ihes egiteko moduren bat, (larrialdi) irteera bat edo. Segurtasuna eskaintzea eskatzen dio ama eraikinari, horretarako, nondik sartu eta nondik atera modu irakurgarrian gertatu beharko da.

Uxueren errelatoa nire hitzekin jarraituz, ama eraikinari leiho zabalak jarriko nizkioke, begirada ingurura eta zerura luzatzen uzten duten leihateekin, egoeraren arabera ixteko eta irekitzeko askatasunarekin. Paretak eta parketa bizipenen kargarekin horniturik, zikinkeria eta desordena zilegi.

Ama arkitekturak ez du zertan etxebizitza bat izan, baina bai eskaini beharko luke etxearen proiektua garatzeko aukera. Betiere, etxea indibiduoaren garapen pertsonalerako espazioa dela ulertuta. Etxeak, sinbolikoki eta espazialki, kanpoko eragileetatik babestu behar gaitu, eta aldi berean, gure intimitatearen gordailu funtzioa betetzen du. Etxea indibiduoa eraikitzeko espazio bat delako, biolentziarik gabeko espazioa izan behar du ezinbestean, kartzela bihurtu ez dadin.

Gure etxea etorkizunean irudikatzeko ariketa denok egin beharko genuke, ez da idazle edo arkitektoon zeregina. Etxea akaso, ama arkitekturaren utopia gisa eraikiko genuke. •